Gerra Ukrainan. Kalteak ingurumenean

Hondamendi nuklearra arrisku

Giza tragediaz gain, gerrak baditu beste ondorio batzuk ere. Ukrainako gatazkak eragin handia izan dezake ingurumenean, eta adituek arrisku bat nabarmendu dute: kutsadura nuklearra.

Hondamendi nuklearra arrisku.
inaki petxarroman
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun

Energia nuklearraren mendekotasun handienetakoa duten Europako herrialdeetako bat da Ukraina. Txernobylgo hondamendi nuklearra pairatu bazuen ere, herrialdeak ez zituen itxi bere erreaktoreak, eta, egun, hamabost dauzka martxan. Horietako gehienak 1970eko hamarkadan eraikitakoak dira, eta, beraz, euren jarduera epea —40 urtekoa— gaindituta daukate. Herrialdeak kontsumitzen duen elektrizitatearen erdia inguru sortzen du energia nuklearrak. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) kezka azaldu du, gatazka militarrak istripu nuklear bat eragin baitezake. «Horrek eskualde osoari eragingo lioke», azpimarratu du.

Rafael Grossi IAEAko zuzendariak ohartarazi du «inoiz ikusi gabekoa» dela Ukrainako egoera, orain arte ez baita izan halako gatazka militarrik horrenbeste erreaktore dituen herrialde batean. IAEAk ezohiko batzarra egin zuen herenegun, gaia aztertzeko. «Tentuz» jokatzeko eskatu du agentziak, eta borroka fronteak zentral nuklearretatik urruntzeko. Oraingoz ez dute erradiazio igoera handirik topatu herrialdean. Txernobyl inguruan atzeman dute igoera «txiki» bat, segur aski ibilgailu astunak inguruan ibili direlako. Ukrainako Gobernuak agentziari eskatu dio egoerari erreparatzeko.

Grossik esan du joan den igandean misil batek hondakin erradioaktiboen biltegi bat jo zuela, eta antzeko eraso bat gertatu zen Kharkiv inguruan. Atzo bertan, bonbardaketak egin zituzten Zaporizhiako erreaktoreetatik gertu, berriemaile batzuek salatu zutenez. Oraingoz, instalazioak normal ari dira, eta IAEAk langileen eta teknikarien meritutzat jo du hori.

Egunotan Zaporizhiako zentral nuklearreko langileek instalazioetako errepidea moztu diete tropa errusiarrei, kamioi eta barrikadekin. Operadoreek IAEAri eskatu diote esku hartzeko, eta zentraletatik 30 kilometroko eremuan gatazkarik gabeko eremuak ezartzen laguntzeko.

Sei erreaktore ditu Zaporizhiako zentralak, eta Europako handiena da. Greenpeacek ohartarazi du industria instalazio oso konplexuak direla zentral nuklearrak, eta etengabeko baliabide eta arreta eskatzen dutela segurtasuna bermatzeko. «Hori ezin da bermatu gerra batean», ohartarazi du zentral nuklearrek gatazka militarretan izan ditzaketen kalteei buruzko txosten batean. AEBetan eta Errusian, Gerra Hotzaren garaian, lurpean eraiki zituzten zentral batzuk, eraso militarrei aurre egiteko. Ukrainan ez dago halakorik.

Zentral nuklearrek duten arriskurik larriena da eraso militar baten ondorioz energia hornidura moztea. Horrek erreaktorearen eta erregai erabiliaren hozte sistema eten dezake. Kasurik txarrenean, erreaktorearen fusio bat eragin dezake, eta erradioaktibitate isurketa masibo bat.

Donbassko gatazka

Gerrak ingurumenean eduki dezakeen eragina dela-eta kezka azaldu du Europako Batasuneko Ingurumen, Itsaso eta Arrantza komisario Virginijus Sikieviciusek. «Kezkatuta gaude eraso militarrak ingurumenean eduki dezakeen eraginagatik».

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) plastikoen kutsadurari aurre egiteko Nairobin antolatutako goi bileran azaldu du kezka hori Europako Batzordeko ordezkariak asteon. Badu kezka hori nola justifikatu. Izan ere, Donbassko gerra hasi zenetik, ingurumen kalteak itzelak izan dira. 2018an NBEk egindako txosten baten arabera, «hondamendi ekologikoaren atarian» zen Ukraina ekialdeko eremu hori, gerraren ondorioengatik.

530.000 ekosistema hektarea suntsitu ditu gatazkak, eta ingurumen legeak ez dira aplikatu. Horrek aukera eman du legez kanpoko ehizan aritu eta baimendu gabeko baso soiltzeak egiteko. Halaber, hondakinak kudeatzeko arauak ez dira bete, eta horrek lurra eta ura kutsatu ditu. Bereziki kaltetu da Don ibaiaren ibaiadar bat, Siverski Donets.

Hondatutako 530.000 hektarea horietatik 80.000 babesguneetan daude. 150.000 hektarea baso hondatu dira, eta 12.500 sute izan dira, gehienak operazio militarren eraginez. Eskualdean azken bi mendeotan egon den ikatz ustiaketa intentsiboak kutsadura handia sortu du, eta meategi askoren zaintza lana bertan behera geratu da. Kutsadura kimiko eta atmosferikoa handitu du horrek.

Erregai fosilen salerosketa

Aditu askok agerian utzi dute gerra honek —iraganeko beste batzuek bezala— zerikusia izan dezakeela energia baliabideen kontrolarekin. Errusia gas, petrolio eta ikatz esportatzaile garrantzitsua da, eta Europako Batasunak (EB) mendekotasun handia du haiekiko. Nahiz eta agintari batzuek aipatu duten mendekotasun horretatik ihes egiteko biderik eraginkorrena dela berriztagarrietan inbertitzea eta trantsizio energetikoa azkartzea, Europako gobernuek epe laburrerako hartu dituzten neurriak ez datoz bat horrekin. Alemaniako Gobernuak jakinarazi du 1.500 milioi euroko funts bat osatu duela gas natural likidotua erosteko Errusiatik kanpo. Ez du zehaztu non erosiko duen.

Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckik EBri eskatu dio eten dezala Errusiako gas, petrolio eta ikatz inportazioa. Poloniak ikatz asko erabiltzen du, eta iragarri du Australiarekin hitz egiten ari dela handik inportatzeko. Halaber, gasa Norvegiatik jasotzeko prestatzen ari da. Baltikoan gasbide bat eraiki dute, baina iaz eten zituzten lanak, Danimarkak aginduta. Gasbide horri orain baimena eman diote, egoera berria dela eta. Halaber, Brusela hainbat herrialderekin negoziatzen ari da, gas hornidura bermatzeko: AEBak, Qatar, Azerbaijan, Aljeria eta Egipto, besteak beste. Gaur egun inportatzen duen gasaren %40 da Errusiakoa.

Errusia nekazaritzarako osagai kimikoen esportatzaile handia ere bada, potasioarena, esaterako. Egunotan, Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak iragarri du arriskua duela Errusiako potasioa galtzeko, eta horri aurre egiteko Amazoniako erreserbetan geldituta dauzkan proiektuak berreskuratu nahi dituela. Madeira ibaiaren inguruan ustiatu nahi dute, baina orain arte ezin izan dute egin, indigenen lurraldeen babes eta ingurumen mugengatik..

Orain, indigenen baliabideak ustiatzeko aukera ematen dion 2020ko lege proiektua erabili nahi du. Lege proiektu hori parlamentuan eztabaidatu gabe onartu zuen Bolsonarok, eta, hori dela eta, epaitegiek konstituzioaren aurkakotzat jo zuten. Orain, Bolsonarok gerra baliatu nahi du mahaian beste kolpe bat emateko. Ingurumenaren babes taldeek Amazoniaren gaineko arrisku handienetakotzat jo dute lege proiektu hori. Bolsonaro gobernura iritsi zenetik, deforestazioa izugarri handitu da Brasilgo Amazonian. Iaz, 13.235 kilometro koadro oihan galdu zituen, azken 15 urteetako azalerarik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.