Udako hilabeteak eztiak izan dira enplegu datuei dagokienez, eta aspalditik, 2010. urteaz geroztik, ikusi gabeko mailara apaldu da langabezia tasa. Eustaten arabera, urteko bigarren hiruhilekoan %10,3koa zen langabezia tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, uztailetik irailera, %8,9ra jaitsi da. Kontuan izan behar da, hala ere, aktiboen tasak ere behera egin duela hiru hilabeteetan (%56,3tik %55,8ra), eta horrek eragina duela langabezia tasaren apaltzean.
Uztailetik irailera, 15.900 pertsona gutxiago daude hiru lurraldeetako langabeen zerrendan. Horrela, 92.700 pertsona daude orain langabeen kolektiboan, enplegua bilatzen ari diren, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituzten, eta gainera, lan egiteko aukera dutenen zerrendan. Horietatik 48.200 dira gizonezkoak (aurreko hiruhilekoan baino 7.400 gutxiago), eta 44.600 emakumeak (-8.400).
Langabezia tasarik txikiena Gipuzkoak du, %7koa, 24.100 langaberekin. Araban, tasa %9,2koa da, eta langabeak 14.900. Eta Bizkaian langabezia tasa %9,9ra apaldu da, 53.800 langaberekin.
Eustatek langabeen nazionalitateari ere begiratu dio. 92.700 langabeetatik 71.100ek dute nazionalitate espainiarra, eta 21.600ek hortik kanpokoa.
Okupazioak gora
Edonola ere, landunen kopurua nabarmen handitu da hirugarren hiruhilekoan, 9.300 okupatu gehiagorekin; aurreko hiru hilabeteetan zenbatutakoa baino %1 gehiago. Horrekin, okupazio tasak 0,6 puntu egin du gora, %68,3raino. Emakumezkoen jarduera tasa %65,2koa da, eta gizonezkoena, berriz, %71,4koa.
Biztanleria okupatuak sektore guztietan egin du gora hirugarren hiruhilekoan, industrian izan ezik —1.700 landun gutxiago zenbatu dira sektore horretan—. Bestalde, zerbitzuen sektorean 8.600 okupatu gehiago daude; eraikuntzan, 1.900 gehiago; eta, lehen sektorean, 400 gehiago.
Hirugarren hiruhilekoan gizonen artean gertatu da okupazioaren gorakadarik handiena: 6.600 okupatu gehiago daude. Emakumeen artean, 2.700 okupatu gehiago daude. Okupazioa Bizkaian handitu da gehien, 5.000 pertsona okupatu gehiagorekin; Araban 3.000 okupatu gehiago daude; eta Gipuzkoan, 1.400 gehiago daude. Hiriburuei erreparatuz, Gasteizen 2.800 okupatu gehiago daude, Donostian 2.100 gehiago eta Bilbon 500 gutxiago.
Eustatek neurtu du hirugarren hiruhilekoan erkidegoan 902.200 etxe daudela, eta horietatik heren batek ez duela kide aktiborik —erretiratuak, ikasleak edo lan merkatutik kanpokoak—; aurreko hiruhilekoan baino 4.500 gehiago dira. Gainera, hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiek lana dute. Aurreko hiruhilekoan baino 7.400 familia gehiago dira. Eta, aldiz, etxeko kide aktibo guztiak langabezian dituzten 33.500 etxe daude, aurreko hiruhilekoan baino 2.400 gutxiago.
Ekonomia. Langabezia
2010. urteaz geroztiko langabezia tasarik apalena neurtu du Eustatek, %8,9
Hirugarren hiruhilekoan 15.900 langabe gutxiago daude bigarrenean baino. Guztira, 9.300 landun gehiago daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu