Martxoaren 3a egia eta erreparazioa aldarrikatzeko eguna izan ohi da Gasteizen. Duela 45 urte Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bilduta zeuden langileen aurka tiro egin zuen Espainiako Poliziak, eta bost langile hil zituen. Ia mende erdi igaro da ordutik, egileak nor diren argitu eta zigortu gabe igaro ere. Auzoan dagoen Martxoaren Hirua plazan gertakari horietan hildako langileen omenezko monolitoa dago, eta lorez bete ohi da urteurren guztietan. Hala izan zen atzo ere. Herritar ugari inguratu zen goizean loreak uztera, baita alderdi politikoetako, sindikatuetako eta instituzioetako ordezkariak ere. Denek antzeko aldarrikapenak egin zizkieten bertaratutako kazetariei, baina bakoitzak bere aldetik.
Eusko Jaurlaritzatik bi ordezkari joan ziren: Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburua eta Idoia Mendia lehendakariordea. Azken horrek gogoan izan zituen «lan baldintzak defendatzen ari zirela hil zituzten langileak», eta Jaurlaritzaren aldetik omenaldia eta memoria merezi dutela aldarrikatu.
Artolazabalek ere ideia hori defendatu zuen, eta hizketagai izan zuen San Frantzisko elizan Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa eraikitzeko akordioa: «Gertakari tragiko horien aintzatespena da, eta pasatutakoaren memoria presente mantentzeko modu bat». Zentro hori sortzeko eragile sozial eta instituzioekin elkarlana sustatuko duela ere azaldu zuen, eta ukatu sindikatu batzuk baztertu dituztela.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere eraman zituzten loreak monolitora, baita EAJko ABBko presidente Jose Antonio Susok ere. Azken horrek gogora ekarri zuen jeltzaleak presente dauden erakunde guztietan lan egingo dutela hilketaren errudunak nor izan ziren argitzeko.
EH Bilduk, berriz, ekitaldia egin zuen Martxoaren Hirua plazan. Monolitoan lore eskaintza egin ondoren, Mikel Otero legebiltzarkideak esan zuen urtero egon direla bertan egia, justizia eta erreparazioa eskatzen. San Frantzisko elizan egin asmo duten memoria guneari buruz, berretsi zuen mugimendu sozialen ekarpena bideratu behar dela: «Biktimak eta Memoria Gara bezalako egitasmoak izan behar dira kontuan, memoriarako gune honen oinarri gisa erabili behar den proiektu bat landu baitute».
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramailea ere izan zen lore eskaintzan: «Ez da ahaztu behar gertatutakoa, ezta zigorrik gabe geratu ere». Ezker Anitzako ordezkariak ondoan zituen, eta bertan Isabel Salud koordinatzaile nagusiak nabarmendu zuen gaur egun oraindik ez dela argitu nor izan zen gertakarien arduraduna. «Langile klaseari dei egiten diogu etorkizun hobe baten alde borrokatzera».
LABek, berriz, omenaldia egin zuen, eta emakumeen rola ekarri zuen gogora, «orduko borroka horietan eta egungo borroketan ere». Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak, bestalde, langileen memoria aldarrikatu zuen: «Langile klasea agente aktiboa izan da herri honetan demokrazia berreskuratzeko».
Gasteizko Gazte Blokeak ere mobilizazioa egin zuen. Duela 45 urteko gertakariak salatzeaz gain, gazte, ikasle eta langileen aurka martxan jarri duten oldarraldia ere kritikatu zuten. «Ezinbestekoa zaigu antolatzen eta borrokatzen jarraitzea». Gasteizko kale bat moztu zuten goizean.
Martxoaren 3ko 45.urteurrena
Egia, justizia eta erreparazio eskaerak egin dituzte eragile sozial eta politikoek
Martxoaren 3ko biktimen memoria gunean eragileek parte hartu behar dutela aldarrikatu du EH Bilduk. Jaurlaritzak esan du hala izango dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu