Josu Urrutikoetxeak orain arte izan dituen auzi saio guziei adi egon da Egoitz Urrutikoetxea semea, Parisen. Atzo ere, La Santeko presondegi aitzinera agertu zen goizean goiz, lagunez inguratua, kazetarien galderei erantzun eta dena ongi gertatzen zela segurtatzeko. Eguna aitarekin pasatu ondoren, Euskal Herrira bidean erantzun die BERRIAren galderei.
Presondegitik atera ondoren, aitarekin egoteko aukera izan duzue. Nola dago?
Urduri aurkitu dugu, eta akitua. Azken asteak luzeak egin zaizkio, eta azken egunak luzeago. Urduri eta kezkatua, aldi berean, Espainiako komunikabideak ari direlako zabaltzen bere bizilekuaren helbidea, eta horrek kezka eragiten dio.
Haren etxe inguruan egon dira kazetariak?
Presondegitik ateratzean, paperak izenpetzeko ordua zuen Gizarteratze eta Probaldietarako Zerbitzuarekin, eta dena ongi iragan da. Hortik etxera joan behar zuen eskumuturreko telematikoa ezar ziezaioten. Gu bera aitzin joan gara, zakuak-eta eramateko. Etxera iristean, han ziren kazetariak, kamera eta beste. Galdetu diegu haren pribatutasuna errespetatzeko, erranez ez dela momentua bazterrak aztoratzeko. Urrundu dira, baina inguruko argazkiak hartu, eta helbidea zabaldu dute beren sareetan. Arduragabekeria izugarria iruditzen zaigu, baina hori da momentu honetan dagoena.
Zuentzat, garaipen bat da Josu Urrutikoetxea presondegitik ateratzea?
Ez nuke erranen. Ez da garaitu-garaile eskemetan aritzeko momentua. Nire ustez, hasierako egoerara itzuli gara. Iazko ekainaren 19an, Frantziako prozeduretan libre utzi zuten Parisko auzitegiek. Geroztik eztabaida egon zen formalitateen inguruan, eta Kasazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen erabakia. Frantziako auzitegiek bazuten aukera preso ezartzeko Frantziako prozeduretan, baina iruditu zaie ez zela horren beharrik. Atzoko erabakiarekin ,egoera normal batera itzuli gara, non errugabetasun printzipioa oinarritzat hartzen den, eta ez erruduntasun printzipioa. Hemendik aitzina, parada izanen du justiziaren aurrean bere burua libre defenditzeko.
Espainiako prentsak zabaldu du gaixotasunagatik askatu dutela. Zerk motibatu du epailearen erabakia?
Nik uste dut berriz ere sartzen ari garela kontakizunaren eremuan. Atzoko erabakiaren iturburuan bada uztailaren 1eko eztabaida eta hartu ziren erabakiak. Momentu hartan, eskumuturrekoarekin libre uztea bezain inportantea izan zen gizateriaren kontrako krimenaren prozeduran Espainiak egin eskaria bertan behera utzi izana, eta horretarako epaileak emandako arrazoibideak. Espainiako Auzitegi Nazionalaren egiteko manerak dira begipuntuan ezarriak. Eta agerian gelditzen dena da eskari horiek guziek oinarri juridikoak ez baizik oinarri politikoak dituztela. Pentsatzen dut hor dagoela egiazki atzoko erabakiaren iturburua. Ohartzen ari dira Espainiako prozedurak katramilatzen ari direla.
Eta zer eragin izan dezake horrek?
Pieza nagusi bat erori da, eraikuntza oso batean, kontakizun batean; eta horrek zalantzan jartzen du gainerako prozeduren oreka. Tartean da haren osasun egoera ere, pandemia; baina elementu horiek are larritasun handiagoa zuten atxilotu zutenean. Eta bigarren atxiloketatik hona egoera larriak pairatu ditu. Abokatuek egin duten lanari esker, argitara eman da aitaren kontrako prozeduren inguruan dagoen bulkada politikoa.
Irailaren 30ean itzuli beharko du auzitegira. Bere kontrako estradizio eskaera bat aztertu, eta euroagindu baten ebazpena emanen diote. Zer espero duzue?
Guk uste dugu uztailaren 1eko erabakiarekin bide puska bat egin dela. Orain abokatuek eta sostenguek borrokan jarraituko dugu hari horretatik tiratzeko. Bigarren euroaginduan, lehen euroaginduaren zantzu eta korapilo berak aurkitzen dira. Baina gauza bat da logika, eta beste bat gertatzen dena. Pentsa daiteke Espainiako ezkutuko eraginek eginahalak eta bi eginen dituztela beren tesiek aurrera egin dezaten. Argi dagoena da eztabaida juridikoa irekia dagoela, eta aukera guziak zabalik daudela.
Urriaren 19tik aitzina Frantziako prozedurak aztertuko dituzte. Zer jarrerarekin aurkeztuko da?
Jakin behar dena da bi prozedura horien iturburuan zer dagoen: alde batetik, Genevako negoziazio prozesuaren prestaketa lanetan aritu izana, eta, bestetik, Osloko prozesuan bitartekari aritu izana. Frantzia epaitzen ari dena ez da soilik Euskal Herrian gertatu dena; Frantzia zalantzan ezartzen ari dena da nazioartean negoziazio agertokiek duten funtzioa, horietan parte hartzen duten pertsonen lekua, haien babesa, eta hori guzia. Guk argia horretan ezarri nahi dugu. Hau da, euskal kasutik atera eta nazioartekoan kokatu eztabaidaren auzia. Eta ohartarazi, bai jendarteari eta bai epaileei, azken batean prozesu horietan parte hartu badu aitak, parte hartu duela, lehenik, Espainiako zenbait gobernuren eskariz —hori ez da ahantzi behar—, Espainiako gobernuen babesarekin, eta Frantziako Gobernuaren babesarekin. Orduan, horrek egiazko arazo bat sortzen du, arazo politikoa. Guk argia eztabaida horretan ezarri nahi dugu.
Egoitz Urrutikoetxea. Josuren semea
«Nazioartean kokatu nahi dugu eztabaida»
Espainiak Josu Urrutikoetxearen kontra irekitako prozedurak erortzen ari direla uste du Egoitz Urrutikoetxeak. Frantziako prozedurak nazioartera eramateko xedea aipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu