Lanera itzultzea ez da berdina izan enpresa guztietan. Handiak ala txiki-ertainak izan, babes eta kontrol neurriak «oso ezberdinak» direla salatu dute sindikatuek. LABen arabera, «oso gutxik» egin dituzte prebentzio planak, eta dituztenek Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren irizpideen «kopia» egin dute, «lan zentro horietako errealitateari egokitu gabe; hau da, espedientea betetzeko, ez langileen osasuna zaintzeko».
LABek adierazi du kasu batzuetan —Sidenorren, adibidez— ez dutela «inolako planik» egin, eta tokian tokiko patronalek «aldebakartasunez erabakitako neurriak» ezarri dituztela. Beste kasu batzuetan —Michelinen esaterako—, sindikatu k nabarmendu du lanera itzultzeko «beharrik» ere ez zegoela, enpresak «stock nahikoa» baduelako bezeroen eskariei aurre egiteko.
Horren harira, LABek azaldu du patronalak «bizpahiru enpresa handi» erabili dituela «eredu moduan», prebentzio neurri «eredugarriak» ezartzen dituztela erakusteko, «babes mediatiko itzelarekin». Aldiz, azpimarratu du oso bestelakoa dela «enpresa gehienen» egoera, batez ere ertain eta txikietakoa. Horrekin bat datoz beste sindikatuak. CCOOk gogoratu du lantegi horietan eta eraikuntzan ere ezarri behar direla babes neurriak.
Horren harira, ELAk nabarmendu du sindikatuek ordezkaritzarik ez duten tokietan «ezinezkoa» dela oinarrizko prebentzio neurriak betetzen diren ala ez bermatzea, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak horretarako «baliabide nahikorik» ez dutelako. Eta beste behin kritikatu du Jaurlaritzak aurreko astean egindako protokoloa, sindikatuekin ez zuelako adostu. Hala, salatu du gobernuaren «obsesio bakarra» dela enpresak «nola edo hala» martxan jartzea, hori modu seguruan egiteko «baliabide eta konpromisorik» hartu gabe.
«Salaketarik ez»
Maria Jesus San Jose Lan sailburuak, berriz, azpimarratu du Lan Ikuskaritzak eta Osalanek ez dutela salaketarik jaso «orain arte», eta gogorarazi du enpresek «asteak» daramatzatela planak prestatzen, lanean berriz hasteko «berme guztiekin». San Josek haserrea agertu du sindikatuen kritikekin. «Ez badute nahi enpresek irekitzea, hala esan dezatela, baina ez dezatela susmorik bota guztion konpromisoaren inguruan».
Sailburuak beste behin defendatu du gutxieneko jarduera bat mantentzeko beharra, «merkatuen susperraldiaren aurrean prest egoteko». Haren ustez, «seinale positiboak» daude alde horretatik. «Asia aktibatzen ari da, eta gure erreferentzia diren herrialdeetan, Alemania kasurako, urratsak egiten ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu