Naturari nola begiratu, halaxe jokatzen da gero harekin. Begirada horretan murgildu da Unai Pascual Ikerbasqueko eta BC3ko ikerlaria, bera buru izan duen diziplinarteko aditu sare sendo batekin, eta txosten bat ondu dute arduradun politikoentzat. Naturaren «balio askotarikoak eta onuragarriak» jaso dituzte, biodibertsitatea eta ekosistemen funtzioak eta zerbitzuak aintzat hartuta, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. 13.000 iturri baino gehiago landuta, mundu osoko ehun adituk osatu dute ikertaldea, lau koordinatzailek gidatuta. Sexu paritatea zaindu da, eta nazioarteko ordezkaritza askotarikoa izatea ere bai. 47 herrialdetako adituek hartu dute parte. Lau urteko prozesu mardul, sakon eta jarraituak uztailaren 9an jaso zuen oniritzia, Bonnen, Alemanian.
Ikusi gehiago:Unai Pascual: «Naturaren balioa ulertzeko era murrizten du begirada ekonomizistak»
IPBESek aginduta egin dute txostena (Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforma Gobernu Artekoa). IPBES da IPCCren ahizpa. IPCCren eginkizuna hauxe da: nazioarteko zientzialariek klima aldaketari buruz dauden ebidentzia zientifikoekin txostenak egitea eta mahai gainean jartzea, neurriak hartu behar dituenak har ditzan. IPBESek beste hainbeste egiten du, baina biodibertsitatearen begiradatik. Munduko 139 estatu daude IPBESen barruan, eta kontsentsuz eskatu zieten adituei 2018an ondu zezatela naturaren balioei buruzko txostena.
Ondu dute, eta mezu funtsezkoa zera da: ehunka ebidentzia zientifikotan oinarrituta, bideak proposatzen dituzte bizi kalitate ona Lurreko biziarenarekin uztartzeko, eta garapen iraunkorraren alderdi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa modu orekatuan lotzeko. Proposamen horiek politika bihurtzeko jarraibideak ematen dituzte. Hona hamar gakotan, labur-labur emanda:
KRISIAREN ARRAZOIAK
Txostenaren arabera, bioaniztasunaren eta klima aldaketaren «inoiz ez bezalako gainbeherak» modu negatiboan eragiten du ekosistemen funtzionamenduan eta pertsonen bizi kalitatean. Prozesu eraldatzaile bat behar da, eta balio ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak gurutzatu behar lirateke.
EPE MOTZEKO ETEKINA
Nahiz eta naturaren inguruko balioak desberdinak izan, politika gehienek balio bat lehenetsi dute: ekonomikoa. Balio ekonomizistek hurrengo belaunaldien beharrak baztertzen dituzte, eta herri indigenei eta tokiko komunitateen egoerei lotutako balioak ere bai. Ez dute kontuan hartzen natura gehiegi ustiatzen ari diren ala ez, eta ez dituzte luzera begira aintzat hartzen ekosistemak, bioaniztasuna eta iraunkortasuna ere.
DEFINIZIOA
Naturaren balioak asko aldatzen dira jakintza sistemaren, hizkuntzaren, tradizio kulturalaren eta ingurumen testuinguruen arabera. Aniztasuna kontuan hartuta, erronka da naturaren balioak modu unibertsalki praktiko eta onargarri batean definitzea.
BALIOESPENA
Balioespena botere harremanek baldintzatzen dute. Behatu behar da zergatik eta nork erabakitzen duen zerbait balioestea eta beste zerbait ez. Aintzatetsi beharreko ardatzak proposatu dituzte. Besteak beste, norbanakoaz haragoko interes taldeen balorazioak kontuan hartuz, hausnarketa prozesuen bidez eta gizarte pluralen balioak partekatuz.
BALORAZIO METODOAK
Naturaren balioak nola neurtu proposatu dute, adierazle biofisikoak, ekonomikoak eta soziokulturalak aintzat hartuz.
EZJAKINTASUNA
Herrialde gehienek ez dute aurrerapausorik eman bioaniztasunaren balioak integratzeko. Gobernuen erabakiak balioesteko aukera handiagoa da prozesua gizartearekin partekatzen denean.
PARTEKATZEA
Instituzioetan balioak txertatzeko, gakoa da erabakiak hartzen diren edozein egoeratan gardentasun handiagoa bermatzea, dauden naturaren balioen berri jakiteko. Naturaren ekarpenak ikuskatzeko eta egiaztatzeko gaitasun instituzional eta teknikoak hobetzea erabakigarria da aintzat hartzekoak diren metodo eta jokabideak hobetzeko ere.
ERALDAKETA
«Aldaketa transformatzailea» behar da bioaniztasunaren krisi globalari aurre egiteko. Gaur egun, epe laburra eta irabazi material indibiduala lehenesten da, eta balio nagusi horiek eraldatzea proposatzen dute.
LAU BALIO
Eraldaketarako aktibatzeko, lau ildo hauetan lan egin daitekeela diote: batetik, naturaren balioen aniztasuna ezagutaraziz; bigarrenik, erabakiak hartzeko prozesuen faseetan balorazioak eginez; hirugarrenik, politikak erreformatuz, eragileak ahalduntzeko eta legeak naturaren balio ezberdinekin egiteko; eta, azkenik, iruditeria berriak sortuz.
ELKARLANA
Gaitasuna eraikitzea eta eragile soziokulturalen arteko elkarlana lagungarriak izan daitezke hutsuneak betetzeko, elkar elikatuz.
IPBESen txostena
Naturaren balioen antiojoak
IPBESek naturaren balioen katalogo bat ondu du, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Unai Pascual buru izan duen ikerlari taldeak behatu eta eraldaketarako metodoak proposatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu