Energiaren krisia. Bruselaren proposamena

Bruselak gas murrizketak agintzeko ahalmena eskatu die estatu kideei

Europako Batasuneko herrialde guztietan %15eko aurrezpena proposatu du. Borondatezko aukera hori derrigorrezkoa litzateke, baldin eta Europa mailako alerta bat ezarriko balu estatu kideekin adostuta

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, atzoko agerraldian. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
xabier martin
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Gasaren gerrarako ere prest dagoelako mezua igorri dio Errusiari Europako Batzordeak. Batasuneko kideei ere bidali die mezu bat Bruselak: Vladimir Putinen gasarekiko mendekotasuna apaltzeko ahalegin handiak egin behar direla, eta, egoera muturrekoa balitz, borondatezko ahalegin horiek derrigorrezkoak bihurtzea nahi duela. Nahitaez aurreztu behar da gasa negura begira, Errusiako hornidurarekin ez dagoelako fidatzerik dagoeneko.

Horiek horrela, %15erainoko murrizketa derrigor ezartzeko gaitasuna edukitzea proposatu du Europako Batzordeak, Gasaren Eskariaren Murrizketa Planaren barruan, betiere hornidura larrialdia balego. Bruselak nahi du Europako Batasuneko kideek %15erainoko murrizketa hori beren borondatez egin dezaten datorren urteko udaberrira arte, ez bada alertarik.

Edonola ere, arautegia aldatzea mahairatu du Batzordeak, Brusela bera gai izan dadin murrizketa horiek inposatzeko, Errusiak gas jarioa eteteko dagoen arriskua dela medio. Dena den, estatu kideekin hitz egin ondoren ezarriko lituzke gas eskariaren murrizketa horiek, eta ez da erraza aho batez ados egotea erabaki horretan, baina zaila da orain aurreikustea horniduraren egoera zenbat okertuko den. Alerta egoera ezartzeko, desoreka handia egon beharko luke eskaintza eta eskariaren artean.

«Errusia xantaia egiten ari zaigu, eta energia arma gisa erabiltzen ari da», azaldu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo. «Etenak erabatekoak edo partzialak izanda ere, Europak prest egon behar du». Bruselak gasa aurrezteko planari jarri dion izena esanguratsua da: «Gasa aurreztu negu seguru baterako». Von der Leyenek leporatu zion Kremlini «presioa» abiarazi zuela Europarako hornidura murriztuta Ukrainako inbasioa gertatu baino hilabete batzuk lehenago. Batzordeko presidenteak esplikatu zuen egunohikoa den kantitatearen herena baino gutxiago jasotzen ari dela Batasuna.

Bezero babestuak

Horiek horrela, abuztuaren 1etik datorren urteko martxoaren 31 arte, gasaren erabilera %15eraino apaldu beharko dute Batasuneko kideek, eta horrek esan nahi du administrazio publikoek, familiek, industriak eta gas hornitzaileek neurriak hartu beharko dituztela gasa aurrezteko. Irailerako, energiari buruzko larrialdi planak egokitu beharko dituzte herrialdeek, %15eko murrizketa hori betetzeko. Ordutik aurrera, bi hilabetean behin Bruselari plan horien berri eman beharko diete estatuek. Horrez gain, gas hornidura solidarioa eskatzen duten herrialdeek frogatu beharko dute aurretik hartu dituztela behar diren neurriak gasaren kontsumoa %15 apaltzeko.

Ez alferrik, «zaurgarrienak» babesteko «elkartasuna» mahairatu zuen Ursula von der Leyenek. «Denek» egin behar dute gasa aurrezteko ahalegina, haren hitzetan. Jakina da Alemanian eta inguruko beste herrialde batzuetan eragin handiagoa lukeela erabateko gas etenak, baina Bruselak nahi du kide guztiek egitea ahalegin bera. Ikusteko dago Espainian eta Portugalen nola hartzen diren asmo horiek, Errusiako gasaren mendekotasuna arinagoa baita han. Datorren asteartean, hilak 26, Batasuneko Energia ministroek aparteko kontseilu bat egingo dute Bruselaren proposamenak aztertzeko eta onartzeko ala ez.

Batzordeak garbi utzi du prest dagoela arautegia aldatu eta Europa mailako alerta ezartzeko gaitasuna eskuratzeko, modu horretan Batasuneko kide guztiak behartzeko, borondatezko murrizketak alde batera utzita. Betiere estatu kideekin adostu beharko luke alerta egoera hori. «Ez badago aurrerakuntzarik edo egoerak okerrera egiten badu, Batzordeak alerta aktibatu ahal izango du edonoiz, %15eko gas aurreztea ezartzeko», adierazi zuen Energia komisario Kadri Simsonek. «Ez diegu esaten kideei zer neurri hartu behar dituzten, baina hainbat aukera dituzte».

Batzordeak, izan ere, irizpide batzuk proposatu ditu gasaren erabilera modu koordinatuan murrizteko estatu guztietan. Gasa ordezkatzeko beste energia iturri batzuk erabili behar direla helarazi du, eta erregai fosilak sartu ditu proposamenean. Horrekin batera, sektore guztietan egin beharko diren aurrezpen neurriak jaso ditu bere planean.

Ikatza ere balekoa

Edonola ere, Europako Batzordearen proposamenak garbi dio familientzako gas hornidura bermatu behar dela, erietxeena eta ekonomiarentzat ezinbestekotzat jotzen diren industriena. Halaber, EBko lehiakortasunerako oinarrizkoa den eremuan ere gas hornidura bermatu dadin nahi du Bruselak; horregatik, gasa beste energia iturri batzuekin ordezka dadin nahi du, besteak beste ikatzarekin. Isuri kutsagarrien gaineko kontrola asko arinduko luke Batzordeak, eta begi onez ikusiko luke estatuek ikatzaren eta energia nuklearraren aldeko pizgarriak ematea. Brusela aditzera ematen ari da egungo egoeran trantsizio ekologikoak itxaron dezakeela. Negua iristerako estatu kideen gas erreserbak ahalik eta handienak izatea baitu helburu Bruselak.

Errusiak Nord Stream 1 gasbidea itxi zion Alemaniari orain hamar egun, eta hura berriro irekiko ez den beldur dira Europan, nahiz eta azken orduetan Putinek jakinarazi duen zabaltzeko asmoa duela. Brusela ez da fio haren hitzarekin, eta eten handi baterako prestatzen ari da. Aurreikusitako mantentze lanak egin behar dira Nord Stream 1 gasbidean, eta ikusteko dago asteon bertan berriro zabalduko den ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.