Ez da inor hil, ez da inor larri zauritu, baina zerbait garrantzitsua galdu izanaren ezinegona adierazten zuten kaltetutako herrietako bizilagunek, atzo goizean. Larunbata geroztik Nafarroa erdialdea eta hegoaldea hartu dute suteek, eta suaren mehatxua gertutik izan zutenek sentitutako ezintasuna nabarmendu zuten atzo. «Hau bizi egin behar da», zioen Patxi San Nicolas Obanosko bizilagunak, larunbat arratsaldekoa gogoan. Behin arriskua pasatuta, ingurune belztuari argazkiak ateratzen ari zitzaion atzo goizean, emaztearekin batera. «Hain zegoen eder, eta, orain, begira, dena kiskalita. Etsigarria da», zioten biek. Suteak asaldura eragin zuen; errautsak etsipena utzi du.
Iruñetik Lizarrarako norabidean, A-12 autobidean Erreniegako tunela pasatuta alde bietara sei kilometroan berde eta hori zena beltzak hartu du. Garesko irteeran, Berta Perez Ziriza pozik da suak ez duelako Pago de Obanos upategia hartu. Larunbatean, joan ezin zirenez, zer gertatuko ote zen kezketan zeuden. Igandean etorri ziren. «Zortea izan dugu, errepideak eta inguruko bideek galarazi egin dutelako suak aurrera egitea». Beste lantoki batzuek ez dute hainbeste zorte izan. Suak harrapatutako tokietako bat Garesko Señorio de Sarria upategi eta esne etxaldea da. Han bizi zirenek tokia utzi behar izan zuten.
Paisaia erraustuak biltzen du Obanos. Garesko norabidean, suaren arrasto beltza herriko sarrerako etxe baten horman amaitzen da. Suebaki batek galarazi zuen etxe horretaraino iristea. Haatik, beste etxe bat osorik erre zen, baita herriko kooperatibako sabaia ere. «Obanos inguratzen duten etxe guztiak kinka larrian izan ziren; ingurune guztia dago belzturik», esan du Arantxa Hernandez Obanosko alkateak. Suteetako bat Eunate baselizatik gertu den mendi magaleko larre batean sortu zen, eta hego haizeak lagundurik errepidea zeharkatu eta arrapalada batean zuzendu zen lehenik Muruzabalera, handik Obanosera eta gerora Gareserantz. 14:30ean eman zioten abisua Hernandezi. «Izugarria izan zen, minutu gutxiko kontua izan zen. Ordu horretan hainbeste sute zeuden, ez zizkiguten bitartekorik bidaltzen. Herria jendeari esker salbatu da. Hala aitortu digute suhiltzaileek».
Ahal zuten moduan erantzun zioten mehatxuari, lehenik toki batean eta gero bestean itzaliz. Momentu larriak izan ziren. «Satarte moduko bat izan zen, ia harrapaturik geunden. Herria suak inguraturik zegoen», azaldu du Hernandezek. Dena den, Garesko norabidean irteeretako batean sua kontrolatzea lortu zutenez, Guardia Zibilak herria husteko agindu zuen. Zenbait bizilagunek nahiago izan zuten bertan geratu. «Ausart batzuk sutan sartu ziren euren etxea salbatu nahi zutelako, eta lortu zuten itzaltzea».
Patxi San Nicolasen arabera, inguruetako lehorreko laboreak erregai arriskutsu bat dira, eta gari lehorrak eta hego haize bortitzak hauspoturik sua gorantz zetorrela ikusi zuen: «Suak ez zuen lurrean oinarririk, baina, haize ufaden ondorioz, su garrak sei metro igotzen ziren, eta dena idortzen zuten». Urduritasun handiko une horietan, keak harturik zegoen herria, eta orain askok nabari dituzte arnasteko arazoak. Beste obanostar batek dioenez, ahal zuten moduan erantzun zuten, baina ezintasuna «handia» izan zen. Sua pasatu zen, eta 20:00etarako asko etxera itzuli ahal izan ziren.
Antzeko egoera bizi izan zuen Jesus donostiarrak, Muruzabalen. Bere etxeko hormak hegoaldera ematen du, eta ondoko larreak belzturik izateaz gain, paretan nabari da suak utzitako arrastoa. Etxearen alboan, hormaren bestaldean den zuhaitz eta adarrak seinalatuz, mehatxuaren nondik norakoa azaldu du: «Su garrek zuhaitz hori hartu izan balute, hori dena egurra da eta akabo etxea. Ingurua busti genuen, baina zortea izan dugu». Donostian, euren senide batzuk erretiratutako suhiltzaileak dira, eta sua piztu zenean haiei deitu zieten, eta egoeraren berri eman. «Haizearen norabidea esan zigutenean esan genien harantz zihoala», esan du suhiltzaile donostiarretako batek. Ziztu bizian atera ziren Nafarroarantz, laguntzeko asmoz, baina 17:00etan iristerako okerrena pasatuta zegoen.
Utergan, gaua erne
Beste sute bat Legarda eta Uterga artean piztu zen. Barasoain aldera zuzendu zen autobidea zeharkaturik eta Erreniegako hego hegalean barrena hedatu zen. Igande gauean Utergan, haizearen norabide aldaketaren ondorioz, erne egon dira suak herrirantz joko ote zuen beldurrez. Laborariek suebakiekin inguratu zuten herria. «Beldurgarria izan da. Herria hustuko ote zen edo ez pasatu dugu gaua», azaldu du herritar batek. Patxi Arraizak, Utergako beste askok bezala, suteari aurre egiteko lanetan pasatu zituen azken orduak. Uste du okerrena igaro dela, baina arrisku oro arindu nahirik, Erreniegan diren pinu batzuk mozteko asmoa adierazi du.
Larunbatean hasitako suteak pizturik jarraitzen zuen Erreniegan. Hegoaldera, Gares, Argiñaritz, Artazu, Girgillao herrietarantz jo zuen. Azken bi horiek ebakuatu zituzten, baina etxera itzuli ahal izan ziren arratsean. Guztira, atzo gauean, zazpi ziren hustutako herriak. Tafalla Zangozarekin lotzen duen errepidea moztuta zegoen atzo eguerdian San Martin Unxen. Herriaren atzealdean, ke zutabe handi bat nabari zen. Bizitako une larrien adierazle, herriaren inguruko mahasti eta larreak errauts ziren atzo. Errepidearen alde batera, behealdean, bi upategi onik atera ziren. Beramendi upategiko langile batek uste du «zorte ona» izan zutela. «Sutea itzali gabe dagoenez, oraindik ez digute uzten ikusten zer eragin izan duen mahastietan».
Gertu, Orbaibarreko mendienhego hegalean, itzaltze lanetan ziharduten atzo, gelditu gabe. Helikopteroek ondoko Nafarroako Ubidetik hartzen zuten ura. Arratsaldean jakin zen beste bi sute piztu zirela: Esaren inguruetan eta Lodosan. Amesgaiztoak ez du etenik.
Suteak Nafarroan
Errautsak utzitako etsipena
Larunbatean bizitako une larriak, ezintasuna eta egonezina deskribatu dituzte Izarbeibarreko hainbat bizilagunek. Orbaibarreko mendian eta San Martin Unxen inguruetan itzaltze lanak ez dira amaitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu