Gerra Ukrainan. Negoziazioak

Ukrainak eta Errusiak aurrera egin dute gerra eteteko negoziazioetan

Kiev eta Mosku su etenaz, Errusiako tropen erretiratzeaz eta segurtasun bermeez hitz egiten ari dira elkarrizketetan. Nazioarteko Justizia Auzitegiak erasoak gelditzeko agindu dio Errusiari

Donetskeko Herri Errepublikako miliziano errusiazaleak, Ukrainako tropek erabili dituzten armak dituztela, kamioi batean. RUSSIAN DEFENCE MINISTRY PRESS / EFE.
Mikel O. Iribar - Paulo Ostolaza
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ukrainak eta Errusiak aurrerapen esanguratsuak lortu dituzte azken negoziazioetan, eta bi aldeak gerra eteteko hamabost puntuko lehen plan baten xehetasunak negoziatzen ari dira, Financial Times egunkariak atzo aurreratu zuenez. Zirriborro horrek su etena eta Errusiako tropen erretiratzea biltzen ditu, baldin eta Ukrainak neutraltasun estatusa aitortzen badu; hau da, herrialdeak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean ez sartzeko konpromisoa hartzeaz gain,aliatuen base militarrak edota herrialde horien armamentuak hartuko ez dituela hitzematea. Aldiz, Krimea Errusiaren parte dela onartzeari eta Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortzeari dagokien punturik ez dute jaso. Errusiako presidente Vladimir Putinek esana du meniarako ezinbestekoa dela bi baldintza horiek betetzea. Hori bai, gerora Mikhailo Podoliak Ukrainako presidentearen aholkulari nagusiak zehaztu zuen horiek Errusiaren eskariak direla, eta su etenaz, tropen erretiratzeaz eta segurtasun bermeez ari direla hizketan.

Zirriborro horren berri jakinbaino ordu batzuk lehenago, bi aldeen arteko akordio bat gertu zegoela esan zuten Ukrainako eta Errusiako ordezkariek. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen hitzetan, negoziazioek «errealagoak» dirudite, nahiz eta aitortu zuen denbora gehiago beharko dutela «Ukrainaren interesen aldeko akordio bat» lortzeko: «Errusiak pobrezian amaituko du gerra, nazioarteko komunitatetik bakartuta». ZelenskiAEBetako Kongresuko ordezkariei zuzendu zitzaien, bideodei bidez, eta adierazi zuenez, «AEBek 2001eko irailaren 11n jasan zutena Ukraina egunero ari da pairatzen». Ukrainako buruak «eszeptiko» daude Putin bakearekin erabat konprometituta ez ote dagoen, eta kezkatuta daude Mosku «denbora irabazten» ari delako indarrak batzeko eta erasoari berriro ekiteko.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, berriz, aitortu zuen prozesua ez dela erraza, baina segurtasun alorrean akordio batera heltzeko itxaropentsu agertu zen RBC Errusiako telebista kateari emandako elkarrizketa batean. AEBei buruz, bestalde, esan zuen «erabakigarriak» izaten ari direla Ukrainak bere jarrera zehazteko orduan, eta gaitzetsi zuen ez dutela gatazka azkar konpontzeko interesik.

Errusiako aholkulari Vladimir Medinskik, aldiz, adierazi zuenez, Ukraina Suediaren eta Austriaren antzeko herrialde desmilitarizatu bat bihurtzea proposatu dio Kievek Moskuri, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Suedia eta Austria ez diraNATOko kide, eta euren armada propioa dute, atzerriko indarren instalazio militarrik eduki gabe. Hori bai, Podoliakek argi esan zuen: «Ukrainaren neutraltasun eredua ukrainarra bakarrik izan daiteke, eta legez egiaztatutako segurtasun bermeak izan behar ditu. Ez dago beste eredurik edo aukerarik».

Nazioarteko Justizia Auzitegiak, bestalde, atzo eman zuen Ukrainak abiarazitako prozesuari buruzko epaia. Bada, NBE Nazio Batuen Erakundeko auzitegiak Ukrainaren aurkako erasoaldia berehala gelditzeko agindu dio Errusiari. Kievek Moskuri leporatu zion Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa urratzea. Ukrainako agintariek, beraz, kautelazko neurriak hartzeko eskatu dute, «Ukrainaren eta bere herriaren eskubideei kalte konponezinak saihesteko eta bi aldeen arteko gatazka ez larriagotzekoz». «Errusiak berehala bete behar du nazioarteko zuzenbidearen arabera. Aginduari jaramonik ez egiteak are gehiago bakartuko du Errusia», idatzi zuen Zelenskik Twitterren, Ukrainaren garaipenari erreferentzia eginez.

Putinen esanetan, ordea, Ukrainaren inbasioa «erabat justifikatuta» dago eta «arrakastaz» garatzen ari da. Azaldu zuenez, Moskuk Kievi galdegin zion borroketan ez parte hartzeko eta tropak Donbasstik erretiratzeko, «zentzurik gabeko odol isurketa» saihesteko. «Eskaria ez zuten bete. Honakoa izan da erantzuna». Putinen arabera, Ukraina, «AEBek eta Mendebaldeko hainbat herrialdek bultzatuta, Donbassen sarraski odoltsu bat eta garbiketa etniko bat egiteko prestatu da». Hala, Ukrainak uste du Donbassi, eta gero Krimeari erasotzea «denbora kontua» zela. Errusiako presidentearen ustez, «endekapen morala eta erabateko gizatasuna galtzea da» Mendebaldeak Donbassen biktimei buruz duen isiltasuna. «Mendebaldeak ez ikusiarena egin du azken zortzi urteetan Donbassen Ukrainako tropek herritarrak hil dituztenean».

Ukrainaren inbasioak segurtasun-agertoki berri bat sortu du Europa ekialdean, eta NATOk doikuntzak egin beharko ditu epe luzera, aireko, lurreko eta itsasoko indar gehiagorekin. Helburu horrekin, aliantza militarreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek aurreratu du erabaki irmoak espero dituela ekainaren amaierako Madrilgo goi bileran.

726 zibil hil dituzte

Ukrainako hiriburua erasotzeaz gain, Errusiako tropak Odesari (hegoaldean) eta Zaporizhiari (hego-ekialdean) ere eraso egin diete, baita Txernigoven (iparraldean) ere. Azken hiri horretan gutxienez hamar lagun hil zituzten, eta atzo iluntzean Mariupolen errefuxiatuak dauden azpiegitura bat suntsitu zuten, Ukrainaren arabera. Biktimarik egon ote zen ez zuten zehaztu. DonetskekoHerri Errepublikako buruek, berriz, salatu zuten Ukrainako tropek bi zibil hi zituztela, Vasilivka hirian.

OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera, berriz, gutxienez 726 zibil hil dira; horietatik 186 Donbassen. Ukrainak korridore humanitarioak irekitze segitzen du, eta «zailtasun handiak» badituzte ere, Mariupoletik 20.000 lagun ateratzea lortu zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.