Zaldibarko luizia. Hilabeteko bilana

Nola ordenatu hondamendi bat

Zaldibarko zabortegia amildu zenetik hilabetera, galdutako bi langileen bila segitzen dute, baina haien senideek salatu dute baliabideak falta direla. Suak eta lixibiatuen emaria kontrolatzen ari dira, mugitutako magalak egonkortzen ere bai, eta zakarrak biltzeko ziegak eraikitzea erabaki dute

mikel p ansa
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Lau aste joan dira Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia) amildu eta azpian bi langile harrapatu zituenetik; lau aste, eta gorpuak ez dira agertu oraindik. Amiantoa, irregulartasunak, sua, dioxinak, lixibiatuak, egonkortzeko lanak, horien kostua, zakarrekin zer egin, nor egingo den kargu, kontrol publikoaren ezinak, kudeaketa pribatuaren itzalak, hauteskundeak, ika-mika politikoak, krisi mahaiak... eta enpresarien buruak industriak sortzen jarraitzen duen zaborrarentzako irtenbideen eskean. Euskal Herriak azkeneko urteetan ezagutu duen hondamendi ekologikorik handienetako bat izan denak galdera asko sortu ditu, baina pixkanaka erantzun beharrean, galdera gehiago sortuz joan dira lau asteotan, eta argitu gabe daude horietako asko. Hau da zabortegian azkeneko hilabetean gertatu denaren bilana (Google Earth aplikazioan ere ikus liteke):

 

Zaldibarko zabortegia, otsailaren 8ko argazki batean. Miguel Toña / EFE

1. DESAGERTUAK

Otsailaren 6an, 16:00ak aldean, Joaquin Beltran zabortegiko langileei deika hasi zen, lurra harrabots handia egiten hasi zelako. Danbateko bat entzun zen, eta zakarra amildu egin zen maldan behera, AP-8ra iritsi arte. Nolabait ihes egin zuten langile gehienek, baina bik ez zuten lortu: zakarrak azpian hartu zituen Beltran bera eta Alberto Sololuze. Uste dute Beltran Sololuzeri abisu ematera zihoala zabortegia jausi zenean. Kamioiak pisatzeko baskulan lan egiten zuen Sololuzek; zakarrak zanpatu zuen gune hori, eta handik gertu aurkitu zuten Beltranen autoa, motorra piztuta.

Larrialdi zerbitzuak AP-8 errepidera joan ziren, pentsatuz han harrapatuta gelditu zirela bidaiari batzuk. Iritsitakoan jabetu ziren erreskatea ez zela han, zabortegi bat jausi zela. Gora igo, eta txakurren laguntzarekin hasi ziren desagertutako langileak bilatzen, eskuz zuloak eginez. Osalaneko ordezkari batek erreskatea geldiarazi zuen gauerdi partean. Enpresako ordezkariek ez, zabortegiko langile batek jakinarazi zuen amiantoa ere bazegoela han.

Otsailaren 7an, amiantotik babesteko protokoloa aktibatuta, bilaketa lanetan aritu ziren eguerditik iluntzera. Baina erreskatearen operatiboa moteldu egin zen handik aurrera, eta, asteburuan berriro saiatu ziren arren, luizi gehiagoren arriskuak etenarazi zituen lanak. Otsailaren 9an, segurtasun handiagoz hurbildu nahian ustez Beltran eta Sololuze lurperatuta geratu ziren lekura, makinekin saiatu ziren, baina ez zuten asko aurreratu.

Otsailaren 13an, bilaketa plan berri bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak antolatutako krisi mahaiak: handik aurrera, amiltzeko arriskua zuten zabortegiko eremuak egonkortzen hasi ziren, ondoren bilaketa lanetan segurtasunez jarraitzeko. Eremu batzuk egonkortuta, otsailaren 22an, berriro eskuz eta makinen laguntzarekin hasi ziren bilatzen. Harrezkero, mugatutako lau eremuetan ari dira Beltran eta Sololuze bilatzen; txakurrek usnatzen dituzte handik ateratako hondakinak.

Desagertutako langileen senideak kexu agertu dira, enpeinu gutxi eta deskoordinazioa ikusi baitute bilaketa lanetan. Lehen eskuko informaziorik ere ez zutela salatu zuten aurreneko astean. Pedro Alberdik, Sololuzeren koinatuak, gutun bat argitaratu zuen Eta Kitto aldizkarian: «Ez, agintariok, Alberto Sololuze behargina ez du mendiak hil, gizakiaren diru-goseak baizik». Beltranen senideek gutun bat argitara eman zuten otsailaren 25ean: eskerrak eman zizkieten erreskatean aritu diren langile eta boluntario guztiei, baina salatu zuten bilaketa «deskoordinatua eta eskasa» izan dela, eta baliabideak falta direla langileen gorpuak topatzeko. Jaurlaritzari eta alderdi politikoei eskatu zieten traba egiteari uzteko, eta teknikariei egiten uzteko: «Ulertzen ditugu erreskate lanen zailtasun eta arriskuak, baina, esperientziadun profesionalek azaldu digutenez, egiten ari dena baino askoz gehiago egin liteke».

Sua zabortegian, otsailaren 10ean. Luis Tejido / EFE

2. SUA ETA DIOXINAK

Otsailaren 7an, 23:00etan, sua piztu zen zabortegiaren goiko partean. Zakar metaren barruan tenperatura altuak zeuden, eta, irristatzearen ondorioz, txinpartak sortu, eta suak aise topatu zuen bidea, bertan zeuden gai organikoek askatutako metano poltsak eta zirrikituetatik sartzen zen oxigenoa eskura edukita. Aurreneko egunetan, suhiltzaileei ezinezkoa egin zitzaien sute guneetara iristea eta itzaltzea.

Otsailaren 9an, helikoptero batetik ura botatzen aritu ziren. Otsailaren 12an, berriro saiatu ziren sua urarekin kontrolatzen, robot bat erabilita. Azkenean, estrategia bat erabaki, eta hondarrarekin itzaltzen ahalegintzea erabaki zuten: sugarretara hurbiltzeko, pistak eraikitzen eta inguruak egonkortzen hasi ziren. Otsailaren 16an lortu zuten sura gerturatzea, eta garrei hondarra botatzen hasi ziren. Otsailaren 20an, sua erabat itzali zutela adierazi zuten 17:30ean, baina handik bost ordura berriro piztu zen. Hurrengo egunean itzali zuten ostera. Harrezkero, aparra botatzen aritu zaizkio zaborrari, zirrikituak itxiz ito dadin, eta zakar meta gehiegi berotu ez dadin.

Otsailaren 8an, airearen kutsadura neurtzeko unitate ibiltari bat jarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Airearen kalitatea ona zela esan zuen aurreneko egunetan, baina otsailaren 14an guztiz aldatu zen balorazioa: presaka antolatutako prentsaurreko batean, Osasun Sailak esan zuen ezohiko dioxina mailak neurtu zituztela, eta Zaldibar, Eibar eta Ermuko herritarrei aholkatu zien etxea ahalik eta gutxien egurasteko eta kalean esfortzu fisiko handirik ez egiteko. Eskola Kirola eta inauterietako ekitaldi batzuk bertan behera utzi zituzten. Kezka handia zabaldu zen inguruko herritarren artean; are gehiago otsailaren 16ko Eibarren eta Realaren arteko derbia —Ipuruan jokatzekoa zena— bertan behera utzi zutenean. Otsailaren 15ean, 5.000 bat herritarrek martxa bat egin zuten Eitzagara, erantzukizun eta informazio eske. Zaldibar Argitu plataforma sortu da hondamendiaren ondorioz, eta hark antolatu zuen martxa hori. Protesta eta ekintza gehiago ere izan dira Gipuzkoako zenbait herritan eta Zallan, besteak beste. Otsailaren 20an, zabortegiko sua itzalitzat jo zutenean, babesteko aholkuak bertan behera utzi zituen Jaurlaritzak.

Teknikari bat ur laginak hartzen Verterrek Eitzagan duen hoditik, otsailaren 20an. Luis Tejido / EFE

3. LIXIBIATUAK

Ura Uraren Euskal Agentzia otsailaren 7an hasi zen lixibiatuak neurtzen, Aixola errekan, eta hurrengo egunean Ego errekan. Otsailaren 17an, baieztatu zuten lixibiatuak iristen ari zirela erreketara —disolbatzaile organikoak, hidrokarburoak, kadmioa, nikela eta selenioa atzeman zituzten, besteak beste—, baina erantsi zuten atzemandako kantitateak ez zirela kezkatzekoak. Ordea, amonioaren, oxigeno eskari kimikoaren eta oxigeno eskari biologikoaren kantitate «esanguratsuak» atzeman zituzten.

Hurrengo egunetan jakinarazi zuten lixibiatuen emaria handitu egin zela, eta batez ere Aixola errekan isuri zirela —ez urtegian: gorago dago—. Ego errekan, berriz, amonio ugari atzeman zuten, baina saneamendu sarea bukatu gabe egotearekin lotu zuten datu hori. Otsailaren 20an, Aixola errekara isurtzen ari ziren lixibiatuak biltzen hasi ziren hodiekin, ur kamioi batean hartu eta araztegira eramateko. Otsailaren 25ean, putzu bat eraiki zuten AP-8ko luiziaren ondoan, lixibiatuak biltzeko. Neurri horiek hartu direnetik lixibiatuen eragina gutxitu dela nabarmendu du Urak. EH Bilduk, ordea, ohartarazi zuen neurketa batzuen emaitzak kezkagarriak izan direla.

AP-8 autobidea moztuta, otsailaren 7an. Gorka Rubio / Foku

4. ERREPIDEA

Otsailaren 6ko arratsaldean bertan, Bizkaiko Diputazioak hainbat enpresatako 45 langile bidali zituen AP-8 errepidea libratzera. Zirkulazio arazo handiak sortu ziren inguruko herrietan. Amiantoarengatik, ordu pare batez geldirik egon ziren lanak, baina goizeko zazpiak alderako ireki zuten ingurabide bat errepidean. Otsailaren 13an, errepidearen ertzean hormigoizko horma bat eraikitzen hasi zen Bizkaiko Diputazioa, luizi gehiago gertatuko balira ere. Otsailaren 17an, asmoa agertu zuen jausitako lur eta zakarren gainean sare metaliko bat jartzeko eta luizien kontra beste horma bat eraikitzeko. Aste honetan hasi dituzte lan horiek.

Zabortegia, Elgetako Egoarbitza baserritik ikusia. Jon Urbe / Foku

5a. AMILDUTAKO ZAKARRAK

Sua itzaltzeko, lurrak egonkortzeko eta langileen gorpuak bilatzeko, amildutako zakarra ateratzen aritu dira azkeneko asteetan. Kamioiak pisatzeko baskula zegoen tokiaren inguruan, bilaketan ateratako zakarrak harrobi zahar batean ari dira pilatzen, gertu. AP-8a libratzeko errepidetik atera zituzten zakar metak, berriz, errepide bazterrean bertan ari dira pilatzen, ezbeharra gertatu zen lekuaren ondoan dagoen orube batean.

Luiziko hondakinak hartzeko biltegiak: ezkerretara zabortegiaren azpian eraikiko dutena, eta eskuinetara goikoa. BERRIA

5b. ZIEGAK

Jaurlaritzak aste honetan erabaki du zakarrekin zer egin: bi ziega eraikiko ditu, bata zabortegiaren goiko aldean, eta bestea behekoan —azken hori eraikitzeko, Eitzaga Etxeberri baserriari lur batzuk desjabetu dizkiote—. 300.000 metro kubo hondakin hartuko dituzte ziegek —120 igerileku olinpikok har dezaketen kantitatea—, eta hara eramango dituzte orain mugitzen aritu diren zakarrak. Gero, itxi egingo dituzte ziegak. Espero dute pare bat hilabete barru luizia egonkortua egotea, eta sei bat hilabeteko epean lanik premiazkoenak bukatzea.

Iñaki Arriola eta Estefania Beltran de Heredia sailburuek prentsaurrekoa eman zuten otsailaren 10ean, Zaldibarko udaletxean. Jaizki Fontaneda / Foku

6. INDUSTRIAREN EZINAK

Eitzagako zabortegiak zerbitzua ematen zien dozenaka eta dozenaka enpresari, tartean zaborrak biltzen aritzen diren bitartekariak, baina baita industria arloko enpresa handi asko ere —adibidez, Papresak, Productos Tubularesek, Cintas Ubisek... hara eramaten zituzten hondakinak—. Zabortegia amiltzeak hutsune handi bat utzi du, eta, otsailaren 27an, Confebaskek administrazioari eskatu zion lehenbailehen irtenbide bat emateko orain sortzen ari diren hondakinei; industria geldiarazteko arriskua badagoela ohartarazi zuen. Bertako zabortegi publikoei laguntza eskatu zien Jaurlaritzak, baina ez zuen guztien erantzun argirik jaso; Espainiako autonomia erkidego batzuekin ere harremanetan jarri da.

Tiraderan ia bi hamarkadaz hautsa hartzen egon den proposamen bat atera zuen Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak: enpresei zerga berde bat jartzea, hondakinak zabortegira botatzea «horren erosoa eta erraza» izan ez dadin. Kasualitateak nahi izan zuen otsailaren 26an ekonomia zirkularrari buruzko jardunaldi batzuk izatea Bilbon, eta han egin zituen adierazpen horiek. Jose Ramon Becerra Equo Berdeak taldeko lehendakarigaiak gogorarazi zion 2017an berak ere proposatu zuela neurri hori bera Eusko Legebiltzarrean, eta Jaurlaritzako alderdiek atzera bota zutela.

Urkulluk eta haren gobernuko lau sailburuk —Beltran de Heredia, San Jose, Arriola eta Murga— agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, otsailaren 18an. Adrian Ruiz-Hierro / EFE

7. KRISIAREN KUDEAKETA

Hondamendiaren aurreneko egunak kaos hutsa izan ziren, nola bertan lanean ari zirenentzat, hala krisi mahaia koordinatzen ari zirenentzat, eta berdin gaiaren berri ematen ari ziren hedabideentzat eta herritarrentzat. Zabortegiaren jabeekin harremanetan jartzea zaila zen oso, eta hala salatu zuen Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak otsailaren 10ean. Enpresari ultimatumak eman zizkioten, eta Verter Recyclingek eta Jaurlaritzak otsailaren 12an egin zuten aurrez aurreko lehen bilera, hondamena gertatu eta ia astebetera.

Jaurlaritzak krisia kudeatzeko antolatu zuen mahaiak aldaketak izan zituen aurreneko egun horietan, larrialdiari tamaina hartu ahala. Hasieran, bigarren lerroko arduradunek hartu zuten koordinazioaren ardura: Segurtasun zuzendariak eta Ingurumen sailburuordeak. Arazoaren ikuspegi tekniko hutsa ez zela aski ohartu ziren hurrengo egunetan. Otsailaren 10ean, Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeetara deitu zuen, baina kazetariek galdetu arte ez zuen Zaldibarko gertakariei buruzko aipamenik egin. Zabortegira «eszenifikazioak» egitera joan beharrik ez zegoela, eta gaiari gertutik erreparatzen ari zitzaiola esan zuen: «Fisikoki ez nago, baina banago lanean, hasieratik». Prentsaurreko horretatik, zuzenean joan zen erakundeen arteko mahaiaren lehen bilera ofizialera. Lehendakaria otsailaren 12an azaldu zen zabortegira, jakinarazi gabe; galdutako langileen senideekin orduan bildu zen lehendabizikoz aurrez aurre. Harrezkero, tarteka azaldu da krisi mahaiaren bileretan.

Otsailaren 10ean egin zuten aurreneko agerraldia lehen lerroko arduradunek ere, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak. Arriolak, otsailaren 23anEl Correo-ri emandako elkarrizketan, esan zuen hasierako egunetan Segurtasun Sailak hartu zuela operatiboaren ardura, baina aurrerabiderik ez zegoela ikusi zuela Ingurumen Sailak, eta berak hartu zuela operatiboaren kontrola, otsailaren 13aren inguruan. Egun horretan bildu zen aurreneko aldiz Koordinaziorako eta Jarraipenerako Mahai Teknikoa -izen horrekin, bederen, aurreneko aldiz—.

Hortik aurrera, politika komunikatiboa aldatu, eta aurreneko egunetako inprobisazioa ordenatzen hasi ziren. Jesus Peña Lehendakaritzako idazkari nagusiak, berriz, operatiboaren gaineko lidergoa hartu zuen modu publikoan. Otsailaren 18an, Urkulluk eta lau sailburuk azalpenak eman zituzten Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean —Eusko Legebiltzarra deseginda dago otsailaren 10az geroztik, hauteskundeengatik—. «Akatsak» onartu zituen lehendakariak, eta auditoria bat iragarri zuen, nahiz eta krisiaren kudeaketa defenditu zuen.

Otsailaren 13an zigor txosten administratibo bat ireki zion Jaurlaritzak Verterri, 2019an atzemandako irregulartasunengatik. Otsailaren 21ean, beste zigor txosten bat ireki zion, otsail hasieran zabortegian atzemandako pitzaduren berri ez emateagatik. Bizkaiko Foru Aldundiak beste zigor txosten bat ere ireki dio, luiziak errepideetan egindako kalteengatik. Zaldibar, Ermu eta Eibarko udalek eta aldundiak asmoa agertu dute epaiketan akusazio gisa aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.