MIRA

Pendulua

2021-08-02, Donostia. Barrakak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Paul Beitia Ariznabarreta.
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Abuztuarekin erabat eraldatzen da kostaldeko herrien itxura: jendetza dabil kaleetan, goraino daude tabernetako terrazak, ordubetea autoan bueltaka ibili gabe ez da aparkatzerik. Bekokitik izerdi hotza xukatu eta eskuak igurzten dituzte batzuek: pandemia txatxu honek turismo kontuak ere bete-betean jo ditu eta, eskerrak!, azkenean badirudi kontua lasaitu dela, ospitaleak beteta egoteak ez baitu horrenbeste ardura hotelak eta tabernak beteta dauden bitartean.

Abuztua badator eta jolas-parke kolosal bihurtzen dira parajeok: jendea samaldan dator entretenimendurik entretenigarrienaren bila, mokoka eta interes gehiegirik gabe bisitatzen dituzte atrakzioak. Argazkian, horixe, jolas-parke bat, pendulu bat.

Pendulua gora doa. Han goitik itsasoa ikusten da eder, hiriak distira egiten du. Jakinekoa da turismoak dirua dakarrela: zenbat ahok jango ote dute inguruotan ostalaritzan eragiten duen gorakadari esker, zenbat jendek aterako ote ditu sos batzuk hilabete baterako etxea alokatuta, zenbat eskuk egingo ote dute lan. Eta hori da onena, diote, dakarren dirua ez dela jabeentzat eta enpresarientzat soilik, lana ematen duela turismoak, berriki adierazi dute lan-merkatua pandemia aurreko egoerara itzultzen ari dela, eta nork ez du lana nahi garai petral hauetan.

Baina pendulua ezinbestean doa behera: maiatzetik hona egindako lan-kontratuen % 92 da aldi baterakoa eta beste zenbat ari ote da kontraturik gabe; hainbat dira abuztua iritsita beren etxe-jabeek etxetik aldi baterako botatzen dituztenak, besteren bati alokatuta gehiago irabaz dezaketelako; oporrak ere ez ote dira klasearen araberakoak, gutako askok urte guztia ikasten igaro ondoren udan lan egin behar dugu-eta.

Klase jabedunak bere interesak proiektatzen ditu gizarte osoaren interes gisa. Baina diskurtso hori bere kasa ari da erortzen, pendulua lurrera nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.