Ugaritasunaren estetika eta etika

Arroparen kontsumoa, hautu libre bat baino gehiago,«inposatua» izan da: ekoizpen handi hori saltzeko, moda lasterreko industriak balio positiboekin lotu du bere jarduna, kalteak ezkutatuz. Badira alternatibak: marka txikiek ekoizpenari buruzko informazio xehea ematen dute.

Espainiako Andrea Crews kolektiboko kide bat, bigarren eskuko arropekin egin zuten mendi baten gainean; soinean, bi alkandora zaharrekin egindako jantzi bat. ELVIRA URQUIJO A. / EFE.
amaia igartua aristondo
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Etengabeko jarioa dirudi, behin eta berriro berritzen baita jende oldea: arropa dendetatik sartu-irtenean dabiltza kontsumitzaile potentzialak; gisa bereko beste marka batzuetako poltsekin sartu, eta are zama handiagoarekin irteten dira batzuk, eta asteroko ohitura bilakatu zaie zenbaiti. Moda lasterreko dendek arropa merkea izaten dute eskuragai sarritan, eta eskaintza agorrezina da beti: 50 bilduma berri inguru ateratzen dituzte urtean, batez beste. Ondorioz, kontsumitzaileen eskaria ere erritmo horretara egokitu da, aseezina bilakatzeraino.

Ordena horretan gertatu da, hain justu: hau da, eskaintzak eragin du eskaria, eta ez alderantziz, Ander Iturriotz soziologo eta EHUko irakaslearen azalpenei erreparatuta. Zehazki, kontsumo eredua «inposatu» egin dela dio. «Ez dugu ahaztu behar masa ekoizpenak dakarrela kontsumoa: alegia, industria handiek daukate gaitasuna masiboki produktu bat ekoitzi eta merkatuan jartzeko». Orobat, badute ekoizpen ugari hori saltzeko gaitasuna ere. «Badirudi jendearen hautu edo ohitura bat dela, eta ez da horrela; erantzun erreaktibo bat da: jendea egiten ari da industria masiboak eskatzen duena».

Arropa erosteko motibazioa jada ez da pragmatismoa: jantzi berriak ez dira erosten zaharkituak edo hondatutakoak ordezkatzeko, Iturriotzen hitzetan. «Lortu behar da jendeak arropa pilatu dezan; are, erabili gabe ere bota dezan». Eta, horretarako,industriak «mekanismo konpultsiboak» sortu ditu. «Jendeari sinetsarazi behar dio lehen urte batetik bestera iraungitzen zen produktu bat orain lau hilabeteaniraungitzen dela, adibidez».

Besteak beste, «iraungitzearen kontzeptua eraldatuz» lortzen da hori: alegia, jantziek ez dute balioa galtzen maiztuta daudenean edo kolorea joan zaienean, baizik eta jada modan ez daudenean. «Nartzisismoa» du elikagai: «Zeure burua ondo ikusi nahi baduzu, urtean zortzi edo bederatzi aldiz aldatu beharko dituzu jantzien koloreak, patroiak, egiturak, estanpatuak...».

Beharrezkoarena ez ezik, positiboaren traza ere eman ei dio modaren industriak bere ekoizpenari. Hori litzateke konpultsioa hauspotu edo, behintzat, balaztatzen ez duten beste estrategietako bat. «Modaren industriak ezkutuan mantentzen ditu eragiten dituen kalte guztiak». Eta ez dira gutxi, irakasleak aletu duenez. «Kamiseta bat hamabost euroan saldu badaiteke, ekoizpen prozesu osoan esklabo askoren eskuetatik pasatu delako da: kotoia biltzetik, azken tintak emateraino eta merkaturatzeraino. Esklaboa da hilean 4 dolar irabazten duen jende bat, egunero hamar edo hamabi ordu lan egitearen truke, oso baldintza higieniko kaxkarretan. Haurrak eta gazteak dira haietako asko».

Kontsumitzaileak ezin du egoera horren berri izan: horretan ahalegintzen da modaren industria, Iturriotzen arabera. «Kontsumitzaileak jakingo balu zer dagoen industriaren atzean, zer kaltegarriak diren erabiltzen dituzten kimikoak eta tinturak, zenbat jende hil eta gaixotzen den lantegietan... uste dut kontsumitzeko modua birpentsatuko lukeela». Bien bitartean, publikoari industriaren irudi egokitua agertzen diote. «Kontsumoa estetiko bihurtu dute: moda estetika da, edertasuna, askatasuna, demokratizatu egin da... Publizitatearen bidez, ikus-entzunezkoen, argazkigintzaren, zinemaren, telebistaren eta moda aldizkarien bidez, parafernalia sinboliko erraldoi bat antolatu dute, erakusteko zer gozagarria den urtero jantziz aldatu behar izatea».

Areago, balioekin lotu dute industriaren jarduna. «Espektakuluaren gizarteaz aprobetxatu eta hura elikatzen du: makineria oso bat da, jendeari sinetsarazteko kontsumitzea ona dela etikoki, kulturalki eta filosofikoki. Moda kultura da: hori esaten badizute, pentsatzen duzu ez duela kalterik egiten».

Erraldoiari aurre egitea

Industriak jopuntuan du kontsumitzailea, baina horrek limurtzeko ahaleginei ihes egitea lortzen du zenbaitetan. Eskaintza berrituari daukanarekin konformatuz erantzun diezaioke, edo, jantzirik behar izatekotan, aukerak aztertu, eta gertu ekoitzitako arropa bat eros dezake. Erabaki dezake etiketak eta marken webguneetako datuak miatzea hautu etikoago eta jasangarriago bat egiteko.

Zer baliabide ditu eskura horrela jokatu nahi duen kontsumitzaileak? Hego Euskal Herrian, legeak apalki lagunduko dio, OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari Kepa Loizagaren hitzei erreparatuta. «Gaur egun, kontsumitzailea itsu-itsuan doa moda etiko eta jasangarria erosteko orduan. Etiketetan ez da beharrezkoa ekoizpen baldintzen inguruko informaziorik jartzea, salbu non egin den, eta horrek ez du balio handirik, ez baitu esaten nondik datozen hura egiteko erabili diren materialak eta oihalak».

Berme «gutxi» daudela dio, eta, gaur-gaurkoz, marken gizarte erantzukizuna «boluntarioa» dela, nahiz eta horrekin lotutako lege proiektu bat prestatzen hasiko diren aurten. Iparraldean ere, antzeko: etiketak adierazi behar du zer materialekin egin den jantzia eta zer ehunekoan, baina enpresa ez dago aparteko informaziorik ematera behartuta.

Edonola ere, badaude «baliabide fidagarri» gutxi batzuk: nazioarteko ekoetiketak, «ekoizpenaren alderik sentsibleenen inguruan bermeak ematen dituztenak», Loizagak azaldu duenez. Esaterako, Oeko-Tex zigiluak adierazten du substantzia kimiko batzuk mugatu dituztela ekoizpenean; GOTS zigiluak ziurtatzen du materialen %70etik %95era zuntz ekologikoa direla; bestalde, Fairtrade zigiluak bermatzen du produktua —edobehintzat duen materialetako bat— bidezko merkataritzaren irizpideen arabera ekoitzi dela.

Edonola ere, moda jasangarria topatzeak ez du zertan zaila izan. Hala uste du Libe Kerroum Arriola-Bengoak, The Eko Lab elkarteko sortzaileetako batek. «Jakin behar duzu non bilatu, zer eremurekin izan harremanak. Informazioa badaukazu, ez da zaila, baina erreferente asko eduki behar dira». Hain justu, informazioa helarazteko sortu zuten elkartea: moda jasangarria zer den azaltzeko, eta ildo horri jarraitzen dioten markak ezagutarazteko. «Ikusten genuen hitz egiten zela moda jasangarriaren inguruan, baina ez zegoela argi zer zegoen horren atzean».

Adibidez: moda jasangarria garestia da ezinbestean? Areago: jantzi baten prezioa izan daiteke datu fidagarria hori jakiteko? Kerroum: «Prezioak ez du bermatzen arropa hori etikoki eginda dagoenik, ezta jasangarria denik ere». Dioenez, arropa lasterreko enpresa bateko marka bat egon liteke jasangarritasun irizpide batzuetara atxikia, eta garestitu ditzake bere produktuak; baina, azken finean, enpresa berarena den marka merkearen ekoizpen modu bera darabil. «Jarraitzen du statu quo-a mantentzen, eta bere bezeroaren soslaia zabaltzen du».

Jasangarriak diren jantziak ohi baino garestiagoak izan litezke, onartu duenez, baina arropa horiek egiten dituzten langileek soldata «duinak» izan ditzaten. «Arropak prezio normal bat izatera ohitzen hasi behar gara».

Etikoa dena eta dirudiena

Kerroumek uste du nagusiki markek eman behar dituztela euren ekoizpenaren eta jardueren inguruko xehetasunak. «Gardentasun eta trazabilitate esparruak eduki behar dituzte, eta legea horren atzetik dabil, gero eta gehiago». Ildo horretatik, markekin harreman estuagoa izatera deitu du. «Haiekin dugun harreman urrun hori apurtzen saiatu behar gara. Zeren eta tokiko markek erraz esango dizute non lortzen dituzten haien produktuak». Moda azkarrekoek oztopo gehiago jarriko dituzte, ordea. «Informazioa bidean galtzen da, eta haiei komeni zaie; baina kontsumitzaileok indarra eduki behar dugu, eta markei zuzenean eskatu behar diegu informazioa».

Baina kontsumitzaileari atentzioa eman diote moda lasterreko jantzi batzuetan ikusitako izendapenek: berdez idatzita ageri da ecofriendly, ecoconception, sustainable, edo gisa bereko beste hitzen bat. Etiketa orobat berde batean dator osatuta informazioa: dio material birziklatua erabili dela hura taxutzeko, nabarmendu gabe betiere zer ehunekoan; edo kotoi organikoz ondu dutela, zeinak ur mordoa xahutzen duen, era berean. Ezkutatuago dagoen etiketa batean, erosleak egiaztatu du betiko tokian ekoitzi dutela jantzia: Indian, Bangladeshen, Txinan...

Kerroumek greenwashing deritzonaren arriskuaz ohartarazi du: alegia, jasangarriaren antza izatea marketin estrategia gisa, jardunean ezer gutxi aldatu arren. «Ikusi dugu gero eta gehiago erabiltzen ari direla mota horretako iragarkiak». Ezartzen al zaie mugarik? Hegoaldean, «elikagaien industrian erregulatuta daude bio, ekologiko edo organiko moduko izendapenak, baina, modari dagokionez, legeak ez du ezartzen baldintzarik arropak hala izendatuak izateko». Iparraldean, aurten jarri da indarrean horren inguruko ebazpena: enpresek dagoeneko ezin dituzte erabili biodegradagarria, ingurumenarekin errespetagarria edota antzeko izendapenak.

Beste erosle batek erabaki dezake, berriz, etiketen nahastetik ihes egitea. Bigarren eskuko arropa erostea bada, halaber, kontsumo jasangarri bat egiteko modua. Marta Sansek 30 urte daramatza gisa horretako produktuak erosten. «Orain modan dago merkatuan, ez hainbeste modagatik, baizik eta arrazoi sozialengatik: uste dut lotura duela jasangarritasunarekin».

Gaur egun denen eskura dagoen baliabide bat dela dio, eta iruditzen zaio hurrengo urteetan ere kontsumitzaile asko erakarriko dituela. «Uste dut saihetsezinadela, irudimena agortzen ari delako eta oihalek kalitate oso txarra dutelako gaur egun. Salbuespenak daude, baina garestiegiak dira». Bide horretatik, Bilboko Espacio Open gunean Vintage Bilbao merkatuaren antolakuntzan hartu du parte berriki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.