Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko aukera izanen da NUPeko apirilaren 2ko manifestazioa baino lehen: gaur, 17:00etan, Golem zinema aretoetatik hasita, manifestazioa eginen dute Iruñean, hiriburuko haur eskoletako eta Mendigorriko gurasoek antolatuta. NUPeko Euskara Taldeak babesa eman dio protestari.
Azken asteotan gertatu denak eragin du gurasoon haserrea. Batetik, Iruñeko Udalak iragarri du murriztu egingo duela hiriburuko haur eskoletako eskaintza. Orain lau zentro dira euskaraz aritzen direnak, Joseba Asiron alkate zenean ordura arteko eskaintza bikoiztu eta gero. 2022-2023ko ikasturterako, Enrique Maia alkateak haur eskola bakarra utzi nahi du euskara hutsean, Txantreako Izartegi, alegia; Arrotxapeko Goiz Eder eskolan, berriz, eskaintzaren erdia izanen da euskarazkoa, baina bertze erdia gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin.
Mendigorrian, 3 urteko haurren matrikula egiteko kanpainan jazotakoak piztu du eztabaida; izan ere, guraso talde batek herrian D eredua ezartzea eskatu du, baina Hezkuntza Departamentuak ez du aintzat hartu eskaera hori. «Ez omen da nahikoa, aukera argiak izan arren», gurasoek salatu dutenez. Zehazki, sei haurrek eman zuten izena euskaraz ikasteko, baina Nafarroako Gobernuak erran du gutxieneko kopurua zortzikoa dela, lerroa zabaltzea ukatzeko.
«Erakundeen lana»
Iruñeko eta Mendigorriko gurasoak jendaurrean agertu dira beren egoera salatu eta herritarrak biharko protestara deitzeko. «Barkaezina da erakunde publikoek nafar guztiei euskarazko irakaskuntza ez bermatzea; haien lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea, herritarrei gehiago jakiteko aukera eskaintzea», nabarmendu dute.
Gurasoon izenean aritu dira Iruñeko Itziar Zabalza eta Mendigorriko Josu Goñi. Biek argi utzi nahi izan dute gurasoak ez direla prest beren eskubideetan «atzera» egiteko. Iruñeko haur eskoletako gurasoen ordezkariak gogoratu du arazoak Antsoaingo haur eta familiei ere eragiten diela. Izan ere, herri horretan ez da euskarazko eskaintzarik, eta hautu horren aldeko gurasoek Iruñera jo behar izaten dute beti: «Hemendik aurrera zailagoa izanen dute hori egitea», erran du Zabalzak, Navarra Sumak bere asmoak gauzatzen baditu toki gutxiago izanen delako euskaraz hiriburuko haur eskoletan. Hori salatzeko eginen dute gaurko protesta.
Euskaldunena ere izan dadin
Aldarriak, karrikara
Hezkuntzan azken asteotan gertatu diren euskararen aurkako erasoak salatzeko, protesta bat eginen dute gaur, Iruñeko haur eskoletako eta Mendigorriko D ereduko gurasoek antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu