Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.080 eurora igo da

Espainiako Gobernuak %8 handitu du, eta 74.500 langileri eragingo die. CCOOrekin eta UGTrekin adosturiko eguneraketa da, eta adituek aholkatu zuten gehienezko igoeratik gertu dago

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.080 eurora igo da.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata gordina (SMI) 1.080 euroko hamalau ordainketakoa izango da aurten. Guztira 15.120 euro gordin dira urtean; alegia, atxikipenak eta kotizazioak kontuan hartu gabe. Iaz, 1.000 euroan zegoen, eta Espainiako Gobernuak %8 igotzea erabaki du, CCOO eta UGT sindikatuekin bildu ondoren. Eguneraketa iazko amaierako KPIaren igoeraren gainetik dago —%5,6 Hegoaldean, %5,7 Espainian—, eta oso gertu dago adituek iradoki zioten gehienezko kopurutik. Hala ere, Ipar Euskal Herriko SMICa baino apalagoa da: 1.709 euroko hamabi ordainketa dira —1.465 euroko hamalau—.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Senatuan eginiko agerraldi batean eman zuen datua, atzo: «Agerikoa da erosahalmena jaitsi egin dela eta erantzukizunaren parte bat politikarena da, baina bestea enpresa handiena. Ahobizarrik gabe esan behar da hori». Yolanda Diaz Lan ministroak bilera batera deitu zituen CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak, eta haren ondoren eman zuten igoeraren berri.

CCOO sindikatuaren ikerketa baten arabera, SMIaren igoerak 74.500 langileri eragingo die Hego Euskal Herrian. Zehaztu behar da lanaldi osoan dauden langileei aplikatu beharreko gutxieneko ordaina dela, eta lanaldi partziala dutenei lanaldiaren iraupenaren arabera murrizten zaiela. ELAren arabera, iaz 52.000 ziren SMIa irabazten zuten Hego Euskal Herriko langileak. Eguneratzearen bitartez, onuradunak asko handitu dira (%43), hein handi batean urteetan izozturik egon diren hainbat lan itunetako soldata handituko baitu.

Espainiako Gobernuak sindikatu eta enpresarien oniritzia nahi zuen SMIa igotzeko, nahiz eta horretara derrigortuta ez egon. Hala ere, igoera gertuago dago sindikatuek eskatzen zutenetik (1.100 euro), patronalen nahietatik baino (1.040 euro). Iazko abenduan, gobernuak SMIaren igoerari buruzko txosten bat eskatu zion hainbat unibertsitate irakaslez eta abokatuz osaturiko aditu talde bati, eta haiek %4,6tik %8,2ra arteko igoera bat iradoki zioten.

Negoziazio luze baten eguna izan zen atzokoa Madrilen. Goizetik, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia eta UGTkoa Joaquin Perez Rey Enplegu idazkariarekin bildu ziren, baina ez zuten akordiorik lortu. Haren ondoren, Diaz bera jarri zen haiekin harremanetan, eta bazkalosterako deitu zituen. CEOE patronala, berriz, ez zen ez batera ez bestera joan. Antonio Garamendi presidentea oso kritiko mintzatu zen, haren ustez bileran ez zelako hitz egin behar arlo publikoko lizitazioen eta nekazaritza sektoreko kontratuen inguruan. «Hala izango bada, zifra zein den esan diezagutela, eta kito!», kexatu zen.

Hegoaldeko gutxieneko soldata %57 igo da 2017az geroztik. Garai hartan, 707 eurokoa zen. Soldata handitzea iradoki zuen aditu taldearen arabera, eguneratze berriarekin, SMIa Espainiako batez besteko soldata garbiaren %60 izatea lortuko da. Diazek datu hori nabarmendu zuen sare sozialetan. Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen batezbestekoa da.

Espainiako sindikatuek begi onez hartu zuten eguneraketa, eta CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek nabarmendu zuten pauso «oso garrantzitsua» dela. Sordok familia askotan izango duen eragina izan zuen hizpide: «Jendearen bizitza hobetuko du erabaki honek. Soldata igoerakontsumora doa zuzenean, Espainiako familia zaurgarrienen oinarrizko gastuak estaltzera». Alvarez UGTkoak, berriz, azaldu zuen Espainian 2,5 milioi langileri eragingo diela igoera: «Diru hau gutxien irabazten duten langileen zainetara doa».

Enpresariei deia

SMI berriak, ondo bidean, urte osorako beharko luke; sindikatuek, baina, ez zioten atea itxi ekain amaieran berrikusteari. Horrek, ondo bidean, KPIak duen bilakaeraren araberakoa izan beharko luke. Era berean, CEOEri dei egin zioten negoziazio mahaira itzultzeko, eta ez zuten ezkutatu patronalarekiko harremanak «kaltetuak» daudela.

Langile autonomoen elkarteei dagokienez, Espainian nagusi diren biek balorazio ezberdina egin zuten: UPTArentzat mesedegarria izango da; ATArentzat, aldiz, kaltegarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.