Koronabirusa

Hiru ikastola itxi dituzte Lapurdin, bi ikaslek positibo eman dutelako

Angeluko ikastolako lau urteko bi anaia bikiri atzeman diete gaitza. Lasaitasun mezua plazaratu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Nafarroako zahar etxeetan inor ez dago COVID-19ak kutsatuta

Angeluko (Lapurdi) ikastolaren ataria. SYLVAIN SENCRISTO.
Irati Urdalleta Lete - Igor Susaeta
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Angeluko (Lapurdi) ikastolako 4 urteko bi anaia bikik positibo eman dute COVID-19aren proban, eta Seaskak, atzo, ohar baten bidez jakinarazi zuen ikastetxea ixtea erabaki dutela. Gainera, Baionako Poloko Hiriondo ikastola eta Miarritzekoa ere (Lapurdi) itxi dituzte, eskolaz kanpoko garaian bertako ikasleekin eta gurasoekin kontaktua izan dutelako. Peio Jorajuriak Euskal Irratietan adierazi zuenez, Baionako beste ikastola, Oihana, zabalik dago. Detektatutako bi positibo horiek gorabehera, Seaskako lehendakariak lasaitasun mezua plazaratu zuen, eta nabarmendu abagunerako protokoloa ezarri dutela Eskualdeko osasun Agentziarekin batera.

Seaskak oharrean azaldu zuenez, probak egingo dizkiete aipatutako hiru ikastoletako langile guztiei, eta, eskolako azken astea izaki, hiru ikastolak itxiak egongo dira.

Hala eta guztiz ere, ez dira konfinamenduaren ondoren eskoletara itzultzearekin bat Euskal Herrian COVID-19aren ondorioz itxitako lehen ikastetxeak. Ustez ikasle batek koronabirusa zuela eta, Donostiako Jesuiten ikastetxea itxi zuten joan den ekainaren 10ean, baina ikasleak negatibo eman zuen PCR proban.

Nafarroako zehar etxeetan, bestalde, ez dago COVID-19arekin kutsaturiko inor, joan den larunbatetik. Hori nabarmendu zuen Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Giza Eskubideen kontseilariak, atzo, prentsaren aurrean egindako agerraldi batean. «Albiste oso ona da». Jakinarazi zuen, bide batez, Giza Eskubideen Kontseilaritzak plan bat duela prest, molde horretako zentroetan izurriaren agerraldi bat gertatuz gero. Oraintxe zahar etxeetatik eramandako bi pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan.

Nolanahi ere, «lasaikerian» ez erortzeko deia egin zuen Maeztuk. «Egin dugun lan guztiaren eta pandemiak eragin duen sufrikarioaren ondoren, ahalegin handiagoa egin behar dugu prebentzioan, modu horretan agerraldi bat eragotzi ahal izateko». Azkeneko hogei egunetan Nafarroako zahar etxeetan inor ez da hil COVID-19aren eraginez.

Bestalde, azken 24 orduetan PCR probaren bidez zortzi pertsonak eman dute positibo Hego Euskal Herrian: lauk Nafarroan, hiruk Gipuzkoan (Donostian hirurek), eta batek Araban, Gasteizen hain zuzen. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, azken egunean 1.637 PCR test egin dituzte. Gaitzaren ondorioz pertsona bat zendu da azken orduetan Hegoaldean, eta ZIU zainketa intentsiboen unitatean zazpi gaixo daude. Joan den ostiralaz geroztik hamar pertsona baino gutxiago daude ZIUan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.