Kharabakh Garaia. Gerrako lekukotzak

Amaierarik gabeko gerra

Duela bi aste Armenia eta Azerbaijanen arteko gatazka berpiztu zenetik, bonbak noiz eroriko beldur bizi dira Stepanakert hiriko biztanleak. Denek galdu dute gertukoren bat gerra honetan, eta gero eta txikiagoa da su-eten bat lortzeko itxaropena.

Stepanakert. Etxe bat suntsituta, Karabakh Garaiko hiriburuan, Stepanakert hirian. PABLO GONZALEZ / EFE.
Aitor Txabarri
Stepanakert
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bakea da lortunahi dugun gauza bakarra; gure semeak, aitak, senarrak… hiltzen ari dira helburu hori lortzeko. Gerra hau bukatu behar dugu, gerra hau bukatu nahi dugu; ezin dugu min gehiago jasan; ezin dugu beldur honekin jarraitu», azaldu du malko artean Nairik, adineko emakume batek, zeinak azken bi asteak aterpe batean igaro dituen gerra honen ondorioz. Joan den urriaren 4an, berriro piztu zen aspaldian hasi eta urteak iraun duen gatazka: Armeniak eta Azerbaijanek berriro armak hartuzituzten, eta batak bestearen kontra egin zuten Karabakh Garaiaren gaineko kontrola eskuratzeko asmoz.

Karabakh Garaian hainbat gatazka egon dira lehendik ere Armenia eta Azerbaijanen artean, urteetan. Helburua beti da bera: eskualdearen gaineko kontrola lortzea. Azerbaijanek salatzen du Armeniak okupatu egin dituela Karabakh Garaia eta haren inguruko lurrak, nahiz eta berez Azerbaijani dagozkion eremuak izan. Han, Karabakhen herrialde autonomo bat direla aldarrikatzen dute. Armeniak ez du inoiz eskualdearen independentzia aitortu, baina bien arteko harremanak beti izan dira oso onak, besteak beste, Karabakh Garaiko biztanleetatik gehienak armeniar jatorrikoak direlako. Beraz, bi aurkari nagusi daude gerra honetan, Armenia eta Karabakh alde batetik, eta Azerbaijan beste alde batetik. Bi fronte horien helburua argia da: lurraldearen gaineko botereari eustea Armeniarena; eta boterea eskuz aldatzea Azerbaijanena.

Bi estatu horien arteko gerran, gerra guztietan bezala, herritarrek sufritzen dute gehien. Karabakh Garaiko herritar gehienek bi aste daramatzate etxe, eskola eta elizetako aterpeetan bizitzen. «Ez dakigu noiz aterako garen aterpeetatik; beldur handia daukagu. Azken bi aste hauetan egunero jasan behar izan ditugu bonbardaketak. Ezin gara etxera bueltatu, eta ez dakigu gure etxeek zutik jarraitzen duten», adierazi du Nazelik, eskola bateko arkupeetan bizi den emakume batek. Harena ez da kasu bakana. Gehienetan, familiako norbaiten galera edo familiako norbait gerran galtzeko beldurra gehitu behar zaio sufrimendu horri.

Hildako eta zaurituen datuak ez dira argiak, baina segurua da oso handiak direla. Armeniaren arabera, baliteke 500 inguru izatea hildakoak. Azerbaijanek, ordea, ez du jakinarazi bere aldean militarrik hil ote den; soilik zibilen hilketak salatu ditu. «Aste batean, semea eta biloba galdu ditut. Hemen, eskola honen azpialdean, ezin dut ezer egin. Oraintxe, neurrigabea da barruan daukadan mina. Gerra honek gure familia osoa suntsitu du», esan du, atsekabetuta negarrez, izena eman nahi ez duen emakume batek.

Gerra honek familia asko suntsitu ditu, eta gatazka amaitzearen aldeko ahotsak ugaritu. Euren egoera jasanezina dela salatzen dute herritarrek; ez dute hildakoak zenbatzen jarraitu nahi. Baina gatazkaren amaieraz galdetuta, hura urrun dagoela diote denek; ez dute uste Azerbaijanek atzera egiteko asmorik duenik. «Ez gara Azerbaijanez fidatzen, eta are gutxiago haren aliatuaz, Turkiaz», esan du Stepanakerteko herritar batek. Karabakh Garaiko hiriburuan, gehienak iritzi berekoak dira

Joan den larunbatean, Moskun elkartu ziren Azerbaijan eta Armeniako ordezkaritzak, eta hainbat orduko bilera baten ostean, su-eten humanitarioa adostea hitzartu zuten. Stepanakert hiriburuko herritarrek, ordea, ez zuten federik akordioan, ez itxaropenik ez dutelako, Azerbaijanen eta Turkiaren asmoez fidatzen ez direlako baizik. Denborak arrazoia eman die, su-etena indarrean sartu eta gutxira urratu baitute. Azerbaijanek Armeniari egozten dio hura urratu izanaren erantzukizuna, eta Armeniak, berriz, Azerbaijani.

Ez dago garbi zein izan den lehena su-etena hausten, baina argi dago bonbardaketak egin dituztela Karabakh Garaian eta Azerbaijanen. «Gauean zarata asko entzun nuen. Argi izan nuen momentu horretan hegazkinak gure herria bonbardatzen ari zirela. Hurrengo egunean jakin nuen gutxienez pertsona bat hil zela erasoaldi hartan», dio Aramek; Martunin bizi da bera. Igande gauean, Azerbaijango hegazkinek bonbardatu zuten Martunin. Erasoaldian pertsona bat hil zen, eta, haren ostean, bertan behera geratu zen menia ere. Azerbaijanen esanetan, Martuninen aurka jo aurretik armeniarrek Ganja hiriari eraso zioten. Sare sozialetan zabaldu zituzten Ganjaren aurkako bonbardaketaren irudiak. Baina larunbat gauean bertan Stepanakert hiria ere bonbardatu zuten. Hala, ez dago oraindik argi nork urratu duen lehenengo su-etena, baina argi dago bietako inork ez dituela erasoak eten. Atzo baretu egin zen egoera, eta ez zen bonba hotsik entzun Karabakh Garaian. Herritarrak, ordea, ez dira fidatzen, eta beldur dira gutxien espero dutenean bonbardatuko dituztela.

Karabakh Garaiko presidente Araik Harutiunianek argi utzi zuen su-etenak ez zuela ezertarako balio izan. Azerbaijango Gobernuari egotzi zion gertatutakoan erantzukizuna, eta nazioartera joko zutela ohartarazi zuen: «Nazioartean salatuko dugu gerra honetan egiten ari direna, jakin dezaten Karabakhen zer egiten ari diren».Horren bidez nazioartearen laguntza bereganatzea da Harutiunianen helburu nagusietako bat.

Azerbaijanek, berriz, Turkia du babesle. Reccep Tayip Erdoganen gobernuak modu oso aktiboan parte hartu du gerra honetan hasieratik, eta gobernuak hainbat alditan argi utzi du Azerbaijanekin egongo dela eta behar duen guztian lagunduko diola. Herritar askok uste dute Turkiak berak bultzatu duela gatazka, eta dena prestatuta zegoela, Turkiak hasieratik zuela Azerbaijanen asmoen berri, eta hark lagundu duela eraso horiek guztiak egiten.

Etorkizun iluna

Etorkizunari begira, Karabakh Garaiko herritarrek zalantza asko dituzte. Denak bat datoz gerra amaitzea nahiko luketela. Uneotan ez dute beste helbururik, soilik hori: amai daitezela bonbardaketak eta hilketak.

Bi aldeek erasoan jarraitzen dute, eta bake akordio sendo bat lortzeko aukera nahiko urrun ikusten da oraingoz. Karabakh Garaiko presidentearen bozeramaile Varham Poghosianek salatu du Azerbaijanek erasoari ekin diola hainbat gunetan eta Armeniak martxan jarri dituela «bere burua defendatzeko operazioak». Bien bitartean, menia ez errespetatzea egotzi dio Erevanek Bakuri, eta su-etena gainbegiratzeko bitartekoak eskatu dizkio nazioarteari. Baku, berriz, berriz hitz egiten hasteko prest agertu da, baina zehaztuta Turkiak zuzendu beharko lukeela nazioarteko bitartekaritza, eta ez Mendebaldeko estatuek. «Minskeko Taldeko hainbat herrialde gugandik urrun daude, eta ez dute hemengo testuingurua behar bezala ezagutzen. Gainera, diasporako armeniarren eraginpean daude», esan du Ilhan Aliyeb presidenteak, Errusiari, AEBei eta Frantziari buruz mintzo.

Egoera honetan, beti bezala, herritarrei egiten ari zaizkie kalterik handiena. Arazo psikologikoak ugarituz doaz bi astez bonbapean egon ostean. Itxaropenik eza nabari zaie aurpegian. Egunek aurrera egin ahala egoerak okerrera egingo duela diote medikuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.