Hezkuntza. Greba

Aldarrikapen bateratua

Eskola garraioko, jantokietako eta garbiketa zerbitzuetako langileek ere bat egin dute EAEko hezkuntzan astearterako deitutako grebarekin. Baliabide gehiago eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari.

Haur eta heldu batzuk Bilboko ikastetxe baten sarreran astelehenean, ikasturteko lehen egunean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Eskola bateko jantokian zaintzailea da Itsasne Llona. «Begirale gehiago behar ditugu». Agus Peralek eskola garraioan lan egiten du. «Pertsona bakar batek ezin die haurrei behar bezalako harrera egin». Eta Gentzane Alvarez garbitzailea da ikastetxe batean. «Garbiketari dagokionez, neurriak behar bezala betetzeko, lagun gehiago kontratatu beharko lituzkete». Hori guztia aintzat hartuta, hilaren 15ean egitekoa den greba babestuko dute hirurek. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute greba Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletako garraio zerbitzuan, jantokietan eta garbiketan.

Hezkuntza arloko azpikontratetan ordezkaritza duten sindikatu horiek bat egin dute gehiengo sindikalak EAEko hezkuntzan, sare publikoan zein itunpekoan, datorren astearterako deitutako lanuztearekin. COVID-19ak baldintzatutako garaiotan, baliabideak eta solaskidetza eskatzen dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Hain zuzen, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek joan den asteartean kaleratutako ohar bateratu baten arabera, ikastetxeetako garraio zerbitzuetako, jantokietako eta garbiketetako langileak «kolektibo feminizatu, prekarizatu eta ikusezin baten» parte dira.

Erandioko (Bizkaia) Altzaga Bekoa ikastolako jantokian lan egiten du Llonak. «Txikien», 2 eta 5 urte arteko umeen begiralea da. Lanera itzuli zen egunean, espero ez zuen zerbaitekin egin zuen topo. «Guk eskatu genituen FFP2 maskarak, baina kirurgikoak bidali dizkigute. Gure ustez, kirurgikoek ez gaituzte umeengandik babesten». Horra, astearteko greba babesteko motiboetako bat, eta beste bat «arroparen kontua» da. Kurtsoaren hasieran bi amantal ematen dizkiete. «Orain esan digute egunero garbitu behar dugula arropa guztia». Llonaren iritziz, horrek «arazoak» eragin ditzake. «Ezinezkoa da egun batetik bestera amantalak garbitzea, lehorgailurik edo halakorik ez baduzu. Aste osorako bi amantal edukitzea gutxi da». Gehiago eskatu dituzte, edo, bestela, zentroa arduratu dadila horiek garbitzeaz.

Llonaren esanetan, jantokian «ahal den moduan» ari dira betetzen agindutako protokoloak.«Baina dena dago azkar eginda... Ez dut uste jantokiak langileentzat %100 seguruak direnik. Umeentzat, bai». Eta gogoratu du zein izan zen lehen eguneko argazkia: «Autobusetan ez zegoen gel hidroalkoholikorik, termometroak falta ziren...».

Greba egingo du, «segurtasun neurriak» eskatzeko. «Jaurlaritzak gehiago inplikatu beharko luke. Umeak seguru egon ahal izateko, kontrolatuko dituzten begi gehiago behar ditugu; hau da, begirale gehiago».

Peral ere begiralea da, baina Llonaren aldean beste zeregin bat du Zallako (Bizkaia) Mimetiz eskola publikoan. Garraio publikoko, autobus bateko, zaintzailea da. «Erantzukizun nahiko handia dugu». Izan ere, berak 3 eta 12 urte arteko «66-68» ume zaindu behar izaten ditu autobusaren joan-etorrietan, ibilgailuan sartzen direnetik ateratzera diren arte. Argi dauka: «Ikasgeletako ratioak jaitsi behar dira, eta zaintzaile gehiago jarri behar dira umeak behar bezala eraman ahal izateko». Azaldu du nolakoak izan diren aurreneko egunak: «Pertsona bakarra zara, eta haur bakoitzari termometroa jarri behar diozu, gela eman, txikienak zuk zeuk eseri behar dituzu.... Baina umeak dira denak, eta esan behar diezu ez altxatzeko, hau eta bestea. Arazoa da pertsona bakarrak kudeatu behar duela hori guztia». Iruditzen zaio, horrenbestez, «nahiko gogorra» dela oraintxe zaintza lana.

Nabarmendu du, ordea, ratioak jaistea ez dela COVID-19ak ekarritako segurtasun protokoloek eragindako eskaera bat. «Jaurlaritzaren esku geratu zen ratioak jaistea, baina berdin mantentzen dira».

«Oro har», neurri gutxi

Alvarezek jakinarazi duenez, «%200» bat egiten du grebarekin. Garbitzailea da Getxoko (Bizkaia) Andra Mari eskola publikoan, eta aipatu du «asko erabiltzen diren gauzen» garbiketa «indartu» dela. «Eskutokiak, komunak, denontzako espazioak...». Gainera, ikastetxe horretan garbitzaile bat gehiago aritzen da ikasturte hasieratik. Alvarezek azaldu du garbiketa zerbitzua indartu dela zentroen metro koadroak kontuan hartuta, ez ikasle kopuruaren arabera. «Hori gaizki eginda dago». Pentsatzen du Jaurlaritzak, «oro har», neurri gutxi hartu dituela.

Ez die «errua» umeei egotzi nahi —«azken finean umeak dira... nola ez dira bada mugituko! Gaixoak...»—, baina lanera joaten den bakoitzean sentitzen duena kontatu du: «Denok dauzkagu inguruan pertsona zaurgarriak... Lanean nagoenean, arriskuan nagoela sentitzen dut». Haren ustez, ikastetxeak «oso desinfektatuta» daude, baina badira oztopoak ere: «Ezin dugu kontrolatu kanpotik datorrena». Ezkor mintzo da: «Ikusiko dugu hurrengo asteetan...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.