Irailaren 16an hasiko dira epaitzen 47 euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalean, presoen babes taldeetan parte hartzea leporatuta. Bi egun lehenago, manifestazio bat egingo dute Bilbon, auzia salatzeko, eta deialdiarekin bat egin du Etxerat-ek.
Euskal presoen senide eta lagunen elkarteak agerraldi bat egin du Gasteizen, eta «bere elkartasun eta maitasun guztia» helarazi die auzipetu guztiei: «Datozen egunetan haien alboan egongo garela jakinarazi nahi diegu». Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek dei egin diete «gizarte zibilari eta eragile politiko, sozial eta sindikalei», uste dutelako «beharrezkoa» dela «aurrera egitea, sufrimendua eta bere ondorioak atzean uztea».«Badakigu kasu honetan ere erantzuteko gai izango garela. Aurrera egiteko unea da», erantsi du Errazkinek.
Hilaren 14koa ez da mobilizazio bakarra izango, sindikatuek elkarretaratzeak egingo baitituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean batuko dira; Bilbon, Plaza Eliptikoan; Donostian, Alderdi Ederren; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan; eta Iruñean, Udaletxe plazan.
Denera 47 lagun daude auzipetuta, presoen babes taldeetan aritzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak.
Guztira 601 urte eskatu ditu fiskaltzak, eta zigorrak 11 urte eta hogei urte artekoak dira, baina batez beste hamabi urte ingurukoak auzipetu bakoitzarentzat. Gastu juridikoak eta logistikoak kalkulatuta, guztira 340.000 euro inguru ordaindu beharko dituztela azaldu dute 47ek: juridikoak, 236.440; garraioarenak, 28.950, eta hiru hilabeteko ostatuarenak, 72.072.
Hilaren 14an «Bilbo betetzera» deitu du Etxerat elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu