Buzoi guztiak ez dira elektronikoak, eta hozkailuen ate guztiak ere ez dira aratzak. 140 karaktere ez da bakarrik txio baten muga, kaligrafia ez da bakarrik idazteko era, bidaia ez da bakarrik denboraren joana, eta postal bat ere ez akordu baten paskin soila. Hartu baitu hura idatzi duenak aukeratzeko denbora, helbidea gordetzeko ardura, mezuari erreparatzeko beta, eta burutazioa idatziz emateko pausa. Presak ez dakar beti onurarik, eta postariak ere ez beti albiste txarrik.
Baina idazten du jendeak oraindik postalik? Ala tiraderaz tiradera dabiltzan garai bateko estimu pusketa izoztuak baino ez dira jada? Laburduraz betetako Whatsapp mezuen, selfie-z jositako sareen eta zirrimarrarik gabeko mezu elektronikoen garaian, idazten dira, bai, postalak.
«Ekintza atenporal» gisa definitu du Iñigo Asensio tolosarrak. Komunikatzailea, musikaria eta bidaiazalea da. Tokioko Olinpiar Jokoetan berriemaile aritu da. Haren azken taldearen izena: Postal Kolekzionistak. «Ekintza atenporal moduko bat egiten dut postalekiko zaletasun honekin, eta kolekzionistagoa naiz taldeari Postal Kolekzionistak izena jarri genionetik».
Tokioko Shimokitazawa auzo bohemioan erositakoak dira haren azken postalak. Bigarren eskuko liburu denda batean: liburu pare bat, bidaiatzeko agenda bat eta zuri-beltzeko postal zaharrak. Erosketa ere bai baita «erritualaren» parte: «Pentsatzen duzulako ze pertsonak jasoko duen irudi bakoitza, zeini dagokion estilo hau, zeini zuri-beltzekoa, zeini koloretakoa...».
Asensiok nabarmendu du badela «erresistentzia ariketa bat» garaiotan postalak idaztea. «Bai,behintzat, Whatsappeko audioak ere bi bider abiadura handiagoan entzuten ditugun honetan, non galtzen ditugun askotan audioen arnasa eta audioen zalantza, hurrengo hitzaren bila. Uste dut hori ere aldarrikatu behar dela: postalari zerbait oso erromantikoaikusten diot, atzera begira jartzen gaituelako, erresistentzia bat sortzen duelako kontsumo ohitura eta abiadura hauekiko».
Berpizte txiki bat
Inpresio bat bakarrik izan zitekeena Correos posta konpainiakoek berretsi dute: geroz eta erresistente eta erromantiko gutxiago dago. «Jendeak geroz eta postal gutxiago idazten du. Atzerritarrek badute postalen inguruan gurea baino kultura handiagoa. Suitzarrek, adibibez, 350 eskutitz jasotzen dituzte urtean, eta Espainiako Estatuan 50 da batezbestekoa. Tradizio handia duten herrialdeak daude, eta jende horrek eusten dio bizirik postalari», azaldu du Bilboko Correoseko behargin Mari Jose Otxoak.
Postalena «turismoari lotutako» fenomeno bat dela dio Otxoak: «Gure biltegietako lankideek diote turismoa berpiztu den honetan sumatu dutela beraiek ere postalen gorakada txiki bat. Bizirik daudela, alegia».
Postalak espetxera
Laura Mintegi idazleak onartu du ez duela aspaldian postalik idatzi.Baina gogoan ditu bidali zituen azkenak: «Kartzeletara bidali nituen, barruan zeuden lagunek eskatuta. Baina iruditu zitzaidan ez zela bidezkoa lekuz mugitu ezin ziren pertsonei nire bidaien berri ematea eta, postala erosi arren, bidaltzeari utzi nion, jakin gabe ondo edo txarto egiten nuen».
Akordua eta denbora dira gehien errepikatzen diren aldagaiak. Askotan gertatzen da: bidali baino askoz ere beranduago iristen direla postalak, baita bidaiaria bera dagoeneko etxera bueltatu denean ere. «Behin bidali nuen postal batek munduari buelta eman zion. Kanalara [Bizkaia] idatzi eta Kanadara bidali zuten. Hartzaileak urtebete geroago jaso zuen etxean», kontatu du Mintegik. «Jaso dudan azkenak ere buelta dezente eman zuen, zigilu markei begiratuta: Suitzatik Kroaziara, handik Ho Chi Minh hirira eta, azkenik, nire etxera, hiru hilabete geroago. Helbiderik ez zuen postalik ere jaso dut. Norbaitek egingo zuen ikerketa lana non bizi naizen asmatzeko».
Iñigo Asensiori «oso garrantzitsua» iruditzen zaio bidali eta jaso artean pasatzen den denbora hori: «Iruditzen baitzait denbora bat ikaragarri polita, ume txiki batek Olentzero iritsi bezperan duen urduritasunera hurbiltzen dena. Zeren zuk badakizu postal hori jasoko dutela, edo esango dizutela, baina hori guztia gertatzerako denbora bat pasatzen da».
Lotzen dira behin eta berriz postalak eta denbora. Asensiok dio badirela postalak etorkizunera begira egindako «proiekzioak» ere: «Denbora motel samar proiektatzen dutenak. Beti dago mezu hori: 'Hiri honetara berriz elkarrekin bueltatuko gara' edo 'etxera bueltan badugu pendiente kafe hori'. Hori beti presente dago postaletan». Areago: «Postalak badu denbora oparitzetik. Bidaiaren martxan tarte bat hartu, 'zutaz akordatu, eta zuri hau bidaltzeko hartu dut denbora'».
Postontzien lilura
Nerea Ibarzabal bertsolariak ere idazten ditu postalak, baina postontziekikoa du txikitako lehen lilura: «Kubo berde, hori edo urdinetako zirrikitu interdimentsionala zabaldu eta postala askatzen duzunerako ez da atzera-bueltarik egongo. Hor doa, esan beharrekoak bistan dituela».
Gogoan du, ordea, 10,5 x 15 zentimetroko kartulina zati bat ez zitzaiola aski lehengusuei euren oporren berri emateko: «Eta gozokiak eta sugusak itsasten nizkien postaletan zelo mutur batekin. Postaleko hutsune estua ia alferrik galtzen nuen 'ea iristen zaizun karamelu hau' idazten, eta zuriune guztia agortzen zitzaidanean, postalaren ertzetatik jarraitzen nuen kiribilean: 'gu ondo gaude txokolatezko izozkia jan dugu espero dut zu ere ondo egotea, beno, agur'. Oporretatik itzultzerakoan esaten zidatenez, inoiz ez zitzaien gozokirik iritsi».
Erasmus garaian ere bidali zituen postalak Ibarzabalek. Baina bere letrarekin sortu ei ziren arazoak: «Hori ere gerta daiteke, letra kaskartzea denborarekin, edo ikusmena, edo elkar ulertzeko gaitasuna. Horregatik, erosi ditudan azken postalen artean gehienak ezer idatzi gabe oparitu ditut, azaleko irudiak edo mezuak nahikoa balio duela erabakita. 'Babes nazazu desio ditudan gauzengandik', erregutzen du Berlinen erositako postalak lagunaren oheburutik».
Pentsamenduak formoletan
Aipatu du Ibarzabalek ere bidaltzen direla postalak norbera baino beranduago iritsiko direla jakin arren: «Pentsamendu bat formoletan gordetzen den moduan». Eta badirela kartzeletara zuzendutakoak ere: «Ezin biluziago iristen direnak, hartzailearenak ez diren begiek aletuko dituztelako letrok inork baino lehen».
Eta sekretutxo baten berri ere eman du Ibarzabalek: «Oraingoz, postal bakarrari eusten diot leialki: urte bukaera bakoitzean lagun min batek eta biok trukatzen dugunari. Helbidearentzat eta zigiluarentzat gordetako hutsuneak urtez urte irentsi ditugunez, guk geuk egiten ditugu postari lanak. Elkarren atarietara sartzen gara ezkutuan, edo bata bestearen poltsan gordetzen dugu postala tabernarik taberna gabiltzanean, bestea komunera joan dela probestuz. Ez diogu elkarri ezer berririk esaten, baina ederra da urtean behin bere letra txiki eta biribila entzutea nire buru barruan oinez».
Postalak: denbora opari
Amaitzear da uda. Zenbait postal bidali dira? Zenbait jaso? Idazten du jendeak postalik? Postariek diote geroz eta gutxiago idazten direla, baina «bizirik» daudela. Idazten dituztenek diote «ekintza atenporal bat» dela, baina gelditzen direla oraindik erresistenteak eta erromantikoak. Beren «erritualak» esplikatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu