Otsoa bizi, otsoarekin bizi

Otsoa babes bereziko espezieen zerrendan sartzea proposatu du Espainiako Natur Ondarearen eta Bioaniztasunaren Batzordeak, Espainiako Gobernuaren babesarekin. Otsoaren aldeko taldeek erabakia babestu dute; abeltzainak, berriz, haserre daude.

Otsoa (Canis lupus). MOHAMED HASSAN / PXHERE.
jakes goikoetxea
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Otsoa ez da edozein animalia. Gizartearen iruditerian oso txertatuta dago. Txiki-txikitatik jasotzen da otsoaren berri, ipuin eta istorioen bidez, umeei arriskuen berri emateko. Otsoan gorpuzten da, sinbolikoki, gaizkia. Ikur bihurtu da. Etengabe erabilia eta aipatua izanda ere, ordea, oso gutxi ezagutzen da. Eta hari buruzko erabakiek iskanbila sortzen dute.

Otsoa (Canis lupus) albiste da. Otsoa lurralde guztian babes bereziko espezieen zerrendan sartzea proposatu zuen Espainiako Natur Ondarearen eta Bioaniztasunaren Batzordeak, otsailaren 4an. Berez, hala zen Duero ibaiaren Espainiako zatiaren hegoaldeko lurraldeetan, baina ez iparraldekoetan, Hego Euskal Herria barne. Proposamenak zer eragin izango luke? Ba, otsoa ez litzatekeela ehiza-espeziea izango eta ezingo litzatekeela hil kontrol neurri gisa; hau da, zenbait eskualdetako otso kopurua gutxitzeko edo erasoak saihesteko. Euskal Herrian ez dago otso talde egonkorrik. Euskal Herrira sartzen direnak, Arabara eta Bizkaira, sartzen dira,Espainia aldetik: bai Errioxatik, bai Burgostik.

Proposamenaren ekimena ez da izan Espainiako Gobernuarena, Ascel (Otso Iberiarraren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkartea) gobernuz kanpoko erakundearena baizik. Ascelek Trantsizio Ekologikoko Ministerioari 2019ko urrian eskatu zion sar zezala otsoa Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan. Espainiako Gobernuak batzorde zientifiko baten esku utzi zuen gaia, eta batzorde zientifikoak ez zuen babestu eskaera hori; bai, ordea, babes bereziko espezieen zerrendan sartzea, «ondare kulturalean eta zientifikoan duen garrantziagatik, eta haragijale horren presentziak ekosistema naturaletan eragiten dituen ingurumen zerbitzuengatik».

Espainiako Natur Ondarearen eta Bioaniztasunaren Batzordean parte hartzen dute bai Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, bai autonomia erkidegoek. Ministerioaren botoa erabakigarria izan zen otsoa zerrendan sartzeko. Eusko Jaurlaritzak proposamenaren kontra bozkatu zuen, iaz otsoa mehatxatutako espezieen zerrendan sartu bazuen ere; Nafarroako Gobernua abstenitu egin zen. Erabakiak haserretu egin ditu otso gehien, %95, dituzten lurraldeak eta proposamenaren kontra bozkatu zutenak: Asturias, Galizia, Gaztela Leon eta Kantabria. Salatu dute otsoari buruzko erabakian parte hartu dutela otsorik izan ez duten eta izango ez duten lurraldeek. Abeltzainak ere sutan daude.

Batzordearen proposamena ez da loteslea Espainiako Gobernuarentzat. Proposamena agindu bihurtu aurretik, Espainiako Gobernuak alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen, otsailaren 26ra arte.

Ez dator bat erabakiarekin Mario Saenz de Buruaga biologoa, CRN ingurumen aholkularitza enpresako zuzendaria eta otsoetan aditua: «Erabakia politikoa da, argi eta garbi. Ez ditu aintzat hartu irizpide zientifikoak. Sektore gehienek otsoa erabili egiten dute. Pena da».

Abeltzainak, haserre

Abeltzainak haserre daude, alde batetik, erabakian parte hartzeko aukerarik izan ez dutelako, eta, bestetik, erabakiak izan ditzakeen ondorioengatik. «Otsoa eta abeltzaintza ez dira bateragarriak». Xabier Iraola Enba sindikatuko (Euskal Nekazarien Batasuna) koordinatzailearena da ñabardurarik gabeko baieztapena. «Orain arte bezala jarraitu beharko litzateke: otsoaren populazioa kontrolatu egin behar da, eta kontrol neurrien artean ehizak egon behar du». Abeltzaintza estentsiboaz ari da, mendietan eta larreetan egiten denaz.

Abeltzainen abiapuntua okerra dela uste du, aldiz, Jolanda Areitio Euskadiko Otso Taldeko ordezkariak: «Abeltzainak oso ondo ulertzen ditut, baina, azkenean, haiena lanbide bat da, eta lanbide batengatik zuk esango duzuespezie bat bizi daitekeen edo ez? Ikasi beharko dugu besteekin bizitzen».

Alegia, aurrerantzean errealitatea ezberdina izan daitekeela, eta abeltzainek errealitate berrira egokitu beharko dutela. «Behin otsoaren babesa handituta, aztertu behar da nola lan egin elkarrekin», azaldu du. «Orain laguntza guztiak eman behar zaizkie abeltzainei, bai otsoa babestuta egoteko, bai abeltzainak modu egoki batean bizi ahal izateko».

Abeltzainen ordezkariek, baina, ez dute uste hori posible denik, Euskal Herriko abeltzaintza estentsiboaren eredua ikusita. «Artzain eta abeltzain gazteek esaten digute baldintza horietan ez daudela prest mendian ganadua ibiltzeko; otsoak eragindako ezinegona jasanezina da», Iraolak salatu duenez. Artzainek eta abeltzainek, animaliak mendian eta larrean uzteaz gain, beste hainbat lan dituztela dio, eta ezin dutela eguna abereak zaintzen pasatu: belarra, itxiturak, paperak, gazta egin, gazta saldu... «Goizean mendian uzten dituzte, eta arratsalde aldera joaten dira berriro».

Espainiako Gobernuak egindako errolden arabera, 1987-1988an kalkulatzen zuten 294 otso talde zeudela, 100.000 kilometro koadroko eremu batean; 2013-2014 urteetan, berriz, 297 otso talde, 97.000 kilometro koadroko eremu batean. Berdintsu. Horregatik, Areitiok ez du uste ehiza debekatzeak otsoen hazkunde esponentzialik eragingo duenik. «Gainera», zehaztu du, «ez dira etengabe ugaritzen; badute populazioen kontrol moduko bat».

Abeltzainen beldurra da otsoa ezin bada hil, kopurua handitu egingo dela eta lurralde gehiagotara zabalduko dela. «Abeltzainek, nazkatzen direnean, mendiko abeltzaintza utziko dute, eta abereak ukuiluan sartuko dituzte», ohartarazi du Iraolak. Ondorioa, pentsuan gastatu beharko dutena berdintzeko esne gehiago beharko dutela, etalatxa baino arraza errentagarriagoen alde egin dezaketela: «Assaf edo lacaune arrazak erabiltzen hasiko dira, esaterako;intentsiboagoak, esne gehiago ekoizten dutenak».

Bat dator Andoni Garcia EHNE Bizkaiko zuzendaritzako kidea. «Erne otsoa Euskal Herri osoan zabaltzeak izan ditzakeen ondorioekin», dio, larrituta; «abeltzaintza estentsiboa bukatu eta bertako arrazak gal baitaitezke».

GPSak eta artzakurrak

Otsoen erasoak saihesteko neurrien artean hainbat aipatzen dira: abereei GPSak jartzea, itxiturak, artzakurrak erabiltzea... Karrantzan (Bizkaia) artzakurrak, lepoko GPSdunak eta zaintzaileak erabili zituzten 2017an, erakundeek bultzatutako programa batean, ardiak eta behiak babesteko. Saenz de Buruagak kudeatu zuen: «Proiektua oso interesgarria eta arrakastatsua izan zen, eta abeltzainek artzakurrekin eta GPSekin jarraitzen dute».

Otsoek ingurumenarentzat dituzten abantailak nabarmendu ditu Areitiok. Otsoari ekosistemen erregulazio funtzioak egozten dizkiote. Ingurumena garbitu egiten dutela ere esan ohi da, ungulatuen edo apodunen (orkatzak, basurdeak...) populazioak eta mugimenduak kontrolatuz eta orekatuz, esaterako. Animalia horiek hiltzeaz gain, mugiarazi egiten dituzte, landaredian duten eragina orekatuz. Hala gertatu zen AEBetako Yellowstone parkean. Otsoen beste eraginetako bat: «Gaixo dauden animaliak harrapatzen dituzte. Garbiketa egiten dute. Haientzat errazagoa da, eta energia gutxiago erabiltzen dute».

Otsoaren ekarpenen aurrean, abeltzaintza estentsiboak ingurumena zaintzeko egiten dituenak jarri ditu EHNE Bizkaiko Garciak, «otsoaren parekoak edo handiagoak».

Otsoek, baina, ez dituzte animalia basatiak bakarrik jaten. Baita abereak ere. Iraola eta Garcia bat datoz: kalte ordainak ez dira konponbidea; ez dute eragindako kalte guztia ordaintzen,eta abeltzainak babesik gabe sentitzen dira.

«Otsoa ez dago galtzeko arriskuan», Iraolaren arabera. «Mendiko artzaina edo abeltzaina bai, ordea». Areitiok aitortzen du abeltzain askok arazoak dituztela bizimodua aurrera ateratzeko, «baina arazo hori ezin zaio otsoari leporatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.