Nafarroako Burunda haranean, Sakanako korridorean, errinozeroak zeuden, gutxienez, duela 220.000 urte, Erdi Pleistozenoan. Errinozeroez gain, baita hartzak —tartean Asiako hartz beltza—, orein erraldoiak, makakoak eta kuoiak ere. Haran horretan garai ezberdinetan bizi izan ziren animalien zerrenda oparoa da, aurkitutako aztarnek erakusten dutenez: haitzuloetako lehoiak, lehoinabarrak, otsoak, bisonteak, hienak, saguzarrak, basurdeak, zaldiak, orkatzak, orein arruntak, ahuntzak, bisonteak, azkonarrak, erbinudeak, kastoreak, eper zuriak...
Olaztiko Koskobilo harrobiko haitzuloko aztarnen bilduma zaharrak berriro ikertu dituzte. 1940an bildutako arrastoak dira, baina ikerketa eta teknologia berriek haiei buruzko informazio gehiago eskaintzen jarraitzen dute. Quaternary International aldizkarian argitaratu zuten ikerketa, uztailaren bukaeran, baina orain eman dute haren berri.
«Ikerketaren ondorio nagusia izan da Koskobiloko aztarnen artean Erdi Pleistozenoko laginak daudela», nabarmendu du Asier Gomez Olivenciak. Ramon y Cajal ikertzailea da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean. Berak zuzendu du ikerketa, eta EHUko beste paleontologo batzuek eta nazioarteko ikertzaileek ere parte hartu dute.
Duela 700.000 eta 130.000 urte arteko garaia da Erdi Pleistozenoa, gutxi gorabehera. Aurkikuntza garrantzitsua da, garai hartako aztarnategi gutxi daudelako «Mendebaldeko Pirinioetan». Leku garrantzitsua, Iberiar penintsularen arteko lotura eta pasabidea, «elkarren arteko trukeak ulertzeko funtsezkoa».
Garai hartan errinozeroak bizi zirela jakin dute errinozero baten hortz bateko espeleotemagatik. Espeleotemak kobazuloetan sortzen diren mineralen jalkinak dira, estalaktitak eta estalagmitak, esaterako. Kaltzio karbonatozko jalkin bat zegoen Stephanorhinus hemitoechus espezieko errinozero baten hortzaren gainean. Kaltzio karbonatoa kristaltzean barruan uranioa metatzen da, eta, uranioaren eta torioaren arteko proportzioak aztertuz, noizkoa den jakin daiteke. Duela 220.000 urtekoa dela neurtu dute.
«Espeleotema hortzaren gainean sortu zen, beraz, hortza espeleotema baino zaharragoa da», argitu du Gomez-Olivenciak. Gutxienez duela 220.000 urtekoa da, baina zaharragoa izan daiteke. 25 errinozero arrasto aurkitu zituzten Koskobilon, gutxienez hiru errinozerorenak.
Ezohiko espezieak
Beste animalia batzuen kasuan, ez dakite zehazki noizkoak diren. Hala gertatu da hartzekin, bai Ursus deningeri espeziearekin —haitzuloetako hartzaren aurreko espeziea—, bai Ursus thibetanus-ekin, Asiako hartz beltzarekin. Baita orein erraldoiarekin (Megaceroides), makakoarekin (Macaca silvanus) eta kuoiarekin (Cuon priscus), txakurren familiako animalia. Ezohiko espezieak dira, oso urriak inguru horretan. Asiako hartz beltzaren kasuan, haren fosilak oso bakanak dira Iberiar penintsulan. «Poz handia» izan zen Gomez Olivenciarentzat eta taldearentzat halakoak Nafarroan aurkitzea.
Baina animalia horiek Europan noiz agertu ziren jakinda eta beste aztarnategi batzuetako datuekin alderatuta, gutxi gorabehera noizkoak diren jakin dezakete. Errinozeroaren garaikoak izan daitezkeela uste dute, Erdi Pleistozenokoak. Beste animalia batzuk Goi Pleistozenekoak dira.
Egungo ikuspegitik, atentzioa ematen du egun Euskal Herritik urrun —Afrikan eta Asian— baino ez dauden animaliak bertan bizi zirela jakiteak. Ideia erakargarria» da, Gomez Olivenciaren iritziz. «Garai hartan mundu osoan zeuden halako ekosistemak. Homo sapiens-a Europan sartzean, duela 40.000 urte inguru, espezie horiek desagertzen joan ziren».
Ez da erraza Koskobiloko arrastoak ordenatzea eta datatzea, aztarna paleontologikoak kontrol estratigrafikorik gabe bildu baitzituzten, hau da, lurreko geruzaz geruzako azterketarik gabe; arrasto arkeologikoak, berriz, haien testuinguruari buruzko informaziorik gabe. Ondorioz, ezin da jakin zehatz-mehatz garai bakoitzean zer espezie zeuden. Ziurgabetasun handia dute. Adibide bat: «Lehoiak duela 600.000 urte sartu ziren Europan, eta duela 12.000 desagertu ziren. Beraz, lehoien aztarnak izan daitezke errinozeroaren garaikoak edo askoz ere berriagoak».
Aztarna horien istorioa, ikuspegi paleontologikotik eta arkeologikotik, lazgarria da. 1940an Cementos Portlanden harrobi bat zegoen Koskobilon. Harrobian leherketak egiten ari zirela, leize bertikal bat aurkitu zuten, hamabi edo hamalau metroko sakonerakoa, bi zatitan banatua. Leizean, sedimentuak eta fosilak. Hura ikusita, harrobiko kapatazak letagin handi bat helarazi zion Maximo Ruiz de Gaona irakasle, mikropaleontologo eta naturalistari.
Ruiz de Gaonak, letagina ikusita, leizeko eta harrobiko bi hondakindegietako fosilak berreskuratzeari ekin zion. Baina leizea suntsituta zegoen, hainbat garaitako fosilak elkarrekin nahastuta... Ruiz de Gaona ez zen aditua fosil horietan, eta Madrilgo Natur Zientzien Museoko paleontologo bati bidali zizkion sailkatzeko, Federico Gomez Lluecari.
Puntak egiteko lantegia
Koskobilon ez zituen animalien arrastoak bakarrik topatu; baita 5.000 suharri ere, 1950ean, hondakindegietako materiala berreskuratzera joan zenean. Solutre aldian, duela 19.000-21.000 urte, Koskobilon harrizko piezak lantzeko, puntak egiteko, lantegi bat egon zela erakusten zuten.
Ikerketan zuzendu eta sakondu egin dituzte Ruiz de Gaonak egindako sailkapenetako batzuk. Horrek, ordea, ez du haren lana auzitan jartzen, ezta gutxiago ere. «Berak egin zuena miresgarria da», goraipatu du Gomez Olivenciak. «Ezin izan zuen indusketa bat egin. Oso baliabide gutxirekin lan egin zuen, eta haren ikerketa esparrutik kanpo. Materialak berreskuratu zituen, eta eskerrak! Egin zuten lana oso baliagarria da. Guk haien lanaren gainean eraiki dugu guztia». Ruiz de Gaona gabe, Koskobiloko aztarnak betirako desagertu zitezkeen.
Zuzenketen artean dago hipopotamoarena. Ruiz de Gaonak uste zuen Koskobilon aurkitutako letagin bat «hipopotamo txiki» batena izan zitekeela. «Niri hori interesatzen zitzaidan, zeren horrek ezarriko luke Erdi Pleistozenokoa zela», azaldu du Gomez Olivenciak. Hipopotamoak duela 117.000 urte desagertu ziren Europatik. Usteak erdia ustel, ordea. Ikerketa honek gezurtatu egin du letagina hipopotamo batena denik: basurde handi batena da.
Zientzia
Sakanako errinozeroa
EHUko ikertzaileek osatutako talde batek ondorioztatu du 1940an Olaztiko Koskobilo aztarnategian aurkitutako errinozero baten arrastoak duela 220.000 urtekoak direla: Erdi Pleistozenokoak. Garai hartako arrasto gehiago daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu