Berriz ere mugitu da lurra. Atzo goizean goiz hasi ziren Lizoain-Arriasgoitiko lurrak dardarka (Nafarroa). Hala aritu dira abuztuaren 30az geroztik. Atzo hiru sumatu ziren: 2,0 eta 1,6 magnitude artekoak izan ziren horiek, eta IIko intentsitatekoak. Hala ere, abuztuaren 30ean izan ziren gehien sumatu ziren lurrikarak: zortziak jotzeko minutu batzuen faltan, bi lurrikarak astindu zuten Lizoain, eta Iruñerrian ere sumatu zuten. Irailaren 2an ere sumatu zuten dardara.
Ez da harritzekoa: lurren mugimenduak normalak dira Nafarroan. Batez ere Pirinio aurreko eremuan. Abuztuaren 30ean, 4 magnitudeko eta IVko intentsitateko lurrikara Iruñerrian ere sumatu zen, eta, minutu batzuk lehenago, 3,1 magnitudeko eta IIIko intentsitateko beste bat ere bai.
Magnitudeak lurrikaren tamaina adierazten du: zenbat energia askatzen den neurtzen du. Espainiako Geografia Institutuak mbLg(L) magnitudea erabiltzen du horretarako. Intentsitateak lurrikararen eragina neurtzen du, jendeak sumatutakoa eta eragindako kalteak neurtuz.
Zenbaitek gogora ekarri zuten hiru urte lehenago izandako antzeko lurrikara bat. Horien aurretik ere izan dira, asko: «Iruñeko ipar-ekialdea, betidanik, sismikotasuna duen eremu bat izan da, eta tarteka aktibatu egiten da», azaldu du Antonio Aretxabala geologoak. Oraingoan, lurrikara multzoa Lizoain, Egues eta Esteribar inguruan gertatu da.
Lurrikarak izan dira, eta izanen dira: «Urtero 3 eskalako bat izaten dugu, hiruzpalau urtean behin 4 eskalakoren bat, eta 10-20 urtean behin 4,5 eta 5 inguruko eskalakoren bat. Iruñerrian hiruzpalau urterik behin halakoak gertatzen dira, ez bada hegoaldetik, ekialdetik; inguraturik baikaude. Orain, ipar-ekialdeko failak daude aktibatuta». Dagoeneko 81 lurrikara izan dira abuztuaren 30etik: gehienak, abuztuaren 30 eta 31 artean, 47, eta azken bi egunetan 15 izan dira. Horietarik 11 sumatu dira.
Nafarroa Beherean eta Zuberoan hiru lurrikara izan dira azken egunetan: bi Maulen eta bat Donibane-Garazin. Maulekoak 2,5 eta 2 gradukoak izan dira; Donibane-Garazikoa, 1,6koa. Nafarroan lurrikarak izateko arrisku handia dago, baina Euskal Herrian arriskurik handiena duen eskualdea Zuberoa dela azaldu du Koldo Nuñez geologoak: «Iberiar plaka bultza egiten ari da Europako plakaren kontra, eta orduan altxatzen ditu Pirinioak; oraindik gora doaz, eta hor dauden failetan mugimenduak egoten dira».
Ipar Pirinioan dauden failek eragina dute horretan, geologoaren arabera, baina Pirinioen alde banatan gertatutako lurrikaren artean harreman esturik dagoenik ez du uste: «Pirinioan inguru berean lurrikarak badaude, estres geologikoa pilatu dela esan nahi du, eta askatu dela. Baina ez dut uste harreman zuzenik dutenik». Aretxabalak azaldu duenez, Pirinioetako eremua hautsitako lurrazal meheko pieza anitzek sortzen dute: «Ia-ia mahai baten gainean botatako domino piezak bezala daude osatuak». Bat mugituta, ingurua berregokitzen da.
Ingurua, aztertzeke
Geologoak uste du ez dela alarmarik piztu behar, baina, hala ere, gaiari heldu beharra nabarmendu du: zonifikazio geotekniko-sismikoa egitea gomendatu du. «Zona honetan sortu dira Nafarroako lurrikara indartsuenetako batzuk, eta ez dugu ongi ezagutzen. Administrazio batek ere ez du serio hartu». Itoitz (Nafarroa) ekarri du gogora: «Itoitz betetzen hasi zirenean, VI-VII intentsitateko eta 5 magnitudeko lurrikarak sortu ziren. Erakundeek hori ez dute serio hartu, eta ez dakigu zehazki zein den inguru horren zabalera eta gaitasun sismogenetikoa».
Nafarroako ipar-ekialdetik hego-ekialdera zenbait faila daude, eta Aretxabalak uste du horiek sortu dituztela lurrikara horiek. Iruñeko failaz mintzatzen da sarri, baina hura atzentzeko eskatu du geologoak: «Ia fosil bat da; gainetik jarduten duten failak berriagoak dira». Lurrikararen epizentroa behatuta, Aretxabalak faila bati egotzi dizkio egun hauetako dardarak. Haren luzera kilometro baten bueltan dago; beraz, gehienez ere 4 edo 4,5 graduko lurrikara sor lezake. «Hala ere, ez dakigu zehatz-mehatz zein den haren zabalpena eta haren gaitasun sismogenetikoa». Lurrikara batek 5eko magnitudea izateko, failak 4-5 kilometrokoa izan behar du, eta 6-7 magnitudeko bat sortzeko, 12 kilometro ingurukoa izan beharko luke. Sakontasuna eta beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira, dena den.
Alarmarik ez da piztu behar geologoen aburuz, baina zer gertatzen den jakitea komeni da. «Arkitekturari dagokionez, nahiko ongi prestaturik gaude», azaldu du Aretxabalak. Hala ere, 1920 eta 1960 urteen arteko eraikinei kasu ematea komeni dela zehaztu du. Horietako asko desagertzen ari dira dagoeneko, baina Iruñeko Alde Zaharrean eta Txantrea auzoan badira halakoak, eta horregatik dira zaurgarrienak lurrikara handi bat gertatuz gero. 1970eko hamarkadatik aurrera sortu diren araudiak «oso onak» direla nabarmendu du geologoak.
Gainera, lasaitzeko moduko froga batzuk badaude: «2017ko abuztuaren 10ean, bikain atera genuen. 4,2 magnitudeko lurrikarak araudiaren aurreikuspenak lau aldiz gainditu zituen, eta ez zen ia deus ere gertatu. Horrek esan nahi du eraikuntzen eta haien egituren kalitatea oso ona dela. Hiriak ederki eutsi zion». Nafarroako herrietan bestelakoak dira etxeak, baina horiek ere gai dira lurrikarei eusteko: «Euskal baserriek eta Pirinioetako baserriek eraikitzeko modu sendoa dute. Lurrikarei aurre egiteko modukoak dira, zenbait arrazoirengatik: simetrikoak dira oinean eta altxaeran, sendoak dira, erabili dituzten materialengatik egurra eta harria, habeen arteko distantziarengatik...».
Heziketaren beharra
Geologoak uste du «amnesia sismikoak jota» dagoela gizartea, eta ezin dela bazter utzi lurrikara handiagorik gertatzeko arriskua. «Hemen ez dago ebidentziarik pentsatzeko 6 graduko lurrikarak sortzeko gai den faila hain luzerik badenik, baina, historikoki, Pirinioetan, lurrikara suntsitzaileak izan dira azken zazpi mendeetan, haietako lau 6-7 magnitudekoak, eta VIII eta X arteko intentsitatekoak. Kontua da azkena duela 260 urte izan zela».
Besteak beste , heziketaren falta sumatzen du Aretxabalak. Lurrikara sentituta karrikara ateratzeko gogoa piztu dakieke askori, baina ez da hori egin beharrekoa. «Lorcako [Espainia] lurrikaran bederatzi lagun hil ziren. Beldurturik, batzuk karrikara atera ziren. Erlaitzak, adreiluak, teilak eta halakoak erori ziren, eta horiek gainera erorita hil ziren bederatzi pertsona haiek».
Lurrikara bat egotekotan, mahai azpian edo ateen markoaren azpian jartzea izaten da onena. Dena den, Nafarroakoak lurrikara motzak izaten dira; beraz, ez da denbora askorik. Hobe aurreikusi eta gainera eror daitezkeen gauzarik ez izan. Adibidez, ohe gainean liburutegi pisutsuak, koadroak edo ispiluak ez jartzea, edo bizikleta estatikoa armairu baten gainean ez baizik trastelekuan gordetzea. Aretxabalak lasai eta zuhur jokatzeko deia egin du: «Lur mugimendua handitzen bada, ez beldurtu: etxeak horretarako prestaturik daude; eta lurrikararen eraginez pitzadurak sortzen badira, lasai, aurpegiko zimurrak bezalakoak dira».