Gutxi batzuen aringarri

Eusko Jaurlaritzak deialdi bat egin zuen iaz, kulturgileei diru laguntzak emateko asmoz, eta haserrea piztu zuen, baldintzengatik eta banaketa irizpideengatik, batez ere. Azkenean, aurreikusitako diru sailaren zati txiki bat baino ez da banatu.

BERRIA.
aitor biain
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Argi iragarri zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak pandemiaren lehen asteetan, orain ia urtebete: Eusko Jaurlaritzak oinarrizko soldata bat bermatuko zien «estuen» ziren kulturgileei. Bi milioi eta erdi euroko diru poltsa bat jarri zuen itxialdiak kultur arloko profesionalei eragindako kalte ekonomikoak arintzeko. Eta beste bi milioi euroko diru sail bat jarriko zuen kultur arloko enpresa txikientzat. Euskal Herriko erakundeen artean, kulturarako emandako aurreneko laguntzak izan ziren, eta bakarrenetarikoak. Iragarpenak ordea, gazitik eta gozotik izan zuen; eragileek begi onez hartu zuten oro har, baina hautsak ere harrotu zituen, laguntza horiek jasotzeko baldintza eta adjudikazio irizpideengatik.

Izan ere, iragarpenak letra txikia zuen, eta agerian geratu zen hori urte amaieran, datuek erakusten dutenez. Banatzeko zituzten 4,5 milioi eurotik 845.000 banatu ziren guztira; alegia, hiru milioi eta erdi baino gehiago geratu ziren administrazioaren kutxan, banatu gabe: zaku osoaren ia %80, sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez. Kulturgileeintzako diru sailari dagokionez, 330 eskaera jaso zituzten guztira, baina soilik 104 onartu zituzten, herenak baino gutxiago. Orotara, 432.000 euro banatu ziren, 2,5 milioi euroko poltsatik. Enpresei dagokienez, aldiz, 413.000 euro baino ez, bi milioi euroko zorrotik. Zehzki, 74 enpresa txikik jaso zuten laguntza.

Datuak argigarriak dira, eta ongi erakusten dute Lanbideren bitartez kudeatu ziren ezohiko laguntzak gutxi batzuen aringarri baino ez zirela izan. Baina, horrez gain, agerian utzi dute administrazioak ez duela ezagutzen kultura sektorea, eta arlo horretan ez dagoela antolaketarik. Izan ere, kulturaren sektorea hain da zabala eta hain dago atomizatuta, ezen askotariko errealitateak bat egiten baitute esparru berean. Krisiak esparru osoari eragin dio, ordea, modu batera edo bestera. Hain zuzen, Kulturaren Euskal Behatokiaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kulturgileen %43,2ri eragin zien izurriak. Horrek ezinbestean dakar galdera: zergatik jaso zuten soldata hori 104 lagunek bakarrik? Laguntzak eskatzeko baldintza zorrotzengatik eta sektorearen antolakuntza moduagatik, hein batean.

Izan ere, laguntza ukatu zitzaien, adibidez, jarduera ekonomiko nagusitzat kultura ez zutenei, ogasunean izena emanda ez zutenei, edo beste epigrafe batean izenpetuta zeudenei. Aurrez beste erakunde baten laguntza jaso zutenen eskaerak ere errefusatu egin zituzten. «Diru sarrerak txikitu zitzaizkiela justifikatu beharra ere zailtasun bilakatu zen», adierazi zuen Zupiriak legebiltzarrean.

Epigrafeak eta beste

Onuradunen soslaiak lhasiera-hasieratik eragin zuen kezka; izan ere, hasieran deialdia autonomo zirenentzat bakarrik zen, besteren konturako langileak edo autonomo ez zirenak kanpoan utzita. «Okerra» zuzendu zuen Jaurlaritzak, eta deialdia zabaldu. Baina horrek ez zuen arlo guztietako kulturgileenganako irismena bermatu; aitzitik, hainbat eragilek ez zuten deialdira aurkezteko aukerarik izan, beraien jarduera ekonomikoa zerrendan agertzen ez zelako: besteak beste, bertsolariek, gidoigileek, zenbait idazlek eta arte eszenikoetako hainbat sortzailek.

Igor Calongeren epigrafea ere ez zegoen zerrendan, eta horregatik ukatu zioten laguntza. «Aholkularitza zerbitzua erabili nuen eskaera egin aurretik, eta esan zidaten ez zidatela onartuko nire epigrafea ez zegoelako aintzat hartuta. Eta hala izan zen». Abuztuan jaso zuen Lanbideren ezezkoa: «Eskutitz bat jaso nuen esanez nire eskaera ukatu egin zutela. Espero nuen». Erreklamazioa egiteko hamar eguneko epea zuen, baina ez egitea erabaki zuen. «Ez nuen egin banekielako alferrikakoa izango zela: ez zegoen zerrendan; deialdiaren zuzenketa egin ondoren ere ez zuten sartu. Haserretuta nengoen, gainera».

Izan ere, urteak eman zituen dantzaren epigrafean izena emanda, baina «zabalagoa» den beste batera aldatu behar izan zuen antzokiek bere ikuskizunak kontratatu ahal izateko. «Ez dakit zein aurkeztu zen Jaurlaritzaren laguntzetara eta nork eskuratu ahal izan zituen, egia esateko. Baldintza horiek betetzen zituztenak gutxi izango baitziren».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdira ere aurkeztu zen, eta hura bai, hura onartu zioten. «800 euro inguruko laguntza jaso nuen. Jaurlaritzaren deialdian baztertuak izan ginenok jasoko genuen...». Beste aukera batzuk ere aztertu zituen, Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalarena, eta Gizarte Segurantzaren jarduera etetea, baina ez zuen eskatu azkenean. «Arte eszenikoetan dagoen aldizkakotasunak korapilatzen du dena». Langabezia saria jaso zuen urte amaieran, halere. «Kuriosoa da, baina azaroan COVID-19az kutsatu nintzen, eta mutualitateak langabezia ordaindu zidan, urritik gizarte segurantzan izena emanda nengoen-eta».

Irailean da ikuskizun berria estreinatzekoa. «Emanaldi eta saio asko urtebete atzeratu zaizkit, eta askok esaten didate: 'Gutxienez, atzeratu dizkizuete'. Bai, baina 2020an ere etxearen alokairua ordaindu behar izan nuen».

Edu Hernandok, aldiz, itxialdia iritsi aurretik aurkeztu zuen Harri orri ar antzezlana, iazko otsailean. Pez Limbo konpainiako kidea da, eta Jaurlaritzaren laguntzetara aurkeztu bazen ere, ukatu egin zioten hari ere; hain zuzen,aurrez beste laguntza bat jaso zuelako. «Dena geratu zen bat-batean; une nahasiak izan ziren. Autonomoa naiz, eta hamar langile nituen kontratatuta. Langileak aldi baterako erregulazioan sartzeko aukera izan nuen, eta nik jarduera etetearen laguntza eskatu nuen».

Ordu hartan, baina, ez zekien Jaurlaritzak kulturgileentzat laguntzak emango zituenik , eta adierazi du jakin izan balu «hobeto» pentsatuko zukeela zer egin, «Jaurlaritzarenak osoagoak zirelako». «Berandu iritsi ziren;laguntza horiek izango zirela jakitea, horren falta sumatu genuen. Zerbait egongo zela espero genezakeen, baina ez baldintzak zeintzuk izango ziren». Gainerako langileek ere ez zuten aukera hori izan. «Irailera arte izan dira erregulazioan, eta askok oso berandu jaso dute dirua; izan da urte amaieran kobratu duenik ere». Horregatik, Hernandok uste du Jaurlaritzaren laguntzak «osagarriak» izan beharko liratekeela. «Horrekin ez dut esan nahi diru gehiago jaso behar genuenik; kontrakoa baizik: kanpoan inor ez uztea bermatuko litzateke modu horretan».

Antzerkigileak uste du sektorearekiko «ezagutza falta» izan dela admnistrazioaren «arazo nagusia»: «Ez dakite nortzuk garen eta zer egiten dugun; ez gara zenbaki bat, hori baino gehiago gara. Eta horren erakusgarri da gertatu dena». Azpimarratu du, halaber, urtebeteko fakturazio aldiari begiratzea ere ez dela egokia, sektoreak ez baitu horren arabera funtzionatzen. Urtea «salbatu» duela dio, baina erakundeei dei egin die emanaldiak programatzen jarraitzeko.

Uholderik ez

Greba digitalaren gerizpean iritsi zen Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen iragarpena. Ehunka kulturgile bi egunez isildu eta ezkutatu ziren sarean, erakundeei eskatzeko sektorearentzako neurri espezifikoak hartzeko. Bada, egun hartan, Zupiriak azaldu zuenez, laguntzak eskatuko zituztenak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kultur eta sormen industrietan lanean ari zirenen erdiak inguru izan zitezkeen. Guztira, 6.834 pertsona ari ziren lanean, Kulturaren Euskal Behatokiak 2020 hasieran aurkeztutako txostenaren arabera.

Egon zitekeen eskaera kopuru handia ikusita, Jaurlaritzak erabaki zuen zozketa bidez ebaztea laguntzak jasotzeko ordena. Erabaki hark asaldura handia eragin zuen. Azkenerako, ordea, ez zen uholderik izan. «Eskatzaile gehienek jaso dute laguntza, baina, egia da, gehiago espero genituen», aitortu zuen Zupiriak legebiltzarrean.

Hori horrela, ez zen aurreikusitako kopuru guztia amaitu. Ezta enpresa txikientzako diru saila ere. Bigarrenaren kasuan, baina, eman gabe gelditu zen dirua beste eginkizun batzuetarako erabilizen. Adibidez, Gerediaga elkarteari 100.000 euro eman zitzaizkion Durangoko Azokaren Zu non, han DA! egitasmoa martxan jartzeko, eta beste 1,5 milioi eman zitzaizkion Musika Bulegoa elkarteari, Beste bat! zuzeneko kontzertu zikloa antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.