Aurkitzea. Haztea. Norbere mapa handitzea. Begirada leku batera finkatu beharrean, zabaltzea. Askoz gauza gehiago egin daitezkeela konturatzea. Askatzea. Plazera sentitzea. «Jolasa oinarrizko beharrizan bat da gizakiarentzat», azaldu dute Bizkaiko Psikologia Elkarteko zaharberritzearen lantaldeko kideek. Jolasa, filosofia modu gisa ere uler daitekeela diote, eta gizarte aldakor honetan malgutasunak eta jolasteko gaitasunak gizakiaren bizimodua errazten duela, besteak beste. Adituen arabera, gizakiari atxikita doa jolasa, eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko hainbat onura ditu. «Jolasteko gaitasunik gabe, gizakia ez litzateke munduan eraikitako gaitasunetara iritsiko». Are gehiago, zientzia, artea, eta bestelako esparruetan jakin-mina eragiten duten gauza berriak aurkitzea ekarri dio jolasteak gizakiari.
Umeentzat, jolastea mundua aurkitzeko modu bat da, eta gizakiaren garapenean bada momentu bat uste duena aurkitu dezakeen guztia aurkitu duela; eta ondorioz, jolasteari uzten dio. Horregatik, jolasa sozializatzeko baino gehiago, gizartean helduekin eta jolasarekin zer gertatzen den planteatzeko beharra dago gaur egun. «Jolaserako aukerak sortu behar dira, harremanak sortzeko, gizarteratzen laguntzeko, zein bizipen positiboak sortzeko mesede egiten dutelako», nabarmendu dute psikologoek. Funtsezko zerbait da jolastea, argitara ateratzen du pertsonen bilaketa mundua, nola bizi diren, eta nola, onartuak izateko,arauz betetako gizarte honetan albo batera uzten dituen bere beharrik intimoenak eta bere plazeraren bilaketarik handienak.
«Jolasak ez du lekurik helduongan», aitortu du Peru Calabaza Saban diziplinarteko sortzaileak. Bere inguruan jolaserako tokirik aurkitzen ez zuela ikusita, proiektu bat sortzea erabaki zuen, eta duela lau urte hasi zen Non Stop Jolasa egitasmoarekin. Hor, jolaserako espazio irekiak proposatzen ditu. «Epairik gabeko leku seguruak». Espazio horietara biltzen direnak sormenari eta gogoari tira egitera joaten dira, eta itun bat daukate: ez du zentzurik besteak egiten duenari arraro begiratzeak.
Baldintzarik gabe
Dioenez, edozein material, adin, une eta espazio dira egokiak jolas librerako. Hori horrela, Non Stop proiektuan jolas desberdinak bideratu ditzaketen materialmalguak erabiltzen dituzte: sokak, kartoiak, telak, jostailu txikiak, egurrezko piezak, margotzeko gauzak. «Hauek erabiliz, gerta liteke jolas kolektiboa edo bakoitzak berea sortzea». Psikologoek azaldu dute ez dagoela jolas egoki edo desegokirik, ezta material edota eremu hoberik jolaserako; alderantziz, norberak jartzen ditu mugak. Hala ere, merkatuan helduei egokitutako jolasen beharra dagoela nabarmendu dute: «Ia denak haurrentzakoak dira».
Adituek diotenez, gizakiak bere garapenean jolasa albo batera uzteko arrazoi nagusia gizartean onartuak izan ahal izatea da. Psikologoen arabera, kulturalki onartuago dago ume batek jolas egitea heldu batek baino. «Oraindik ere haurren gauzatzat hartzen den zerbait da jolasa, eta helduek jolasteak gauza iluna iradokitzen du». Diotenez, ordea, gizakiak bere garapenean inoiz ez dio uzten jolasteari. «Adinarekin beharrizanak aldatu eta adierazteko beste modu batzuk eskuratzen dira». Hala ere, aitortu dute jolas ludikoak eta aukerak murriztu egiten direla adinean aurrera egin ahala, gehienbat erantzukizunak gehitzen direlako. Calabazaren arabera, nahiz eta jolasa, definitzen oso zaila izan, «definizioetatik ihes egiten duelako», norberaren beharren eta plazerraren bide horretan dagoen bitarteko bat dela dio: «Helduoi askoz errazago zaigu xakean, partxisean edo edozein joko arautuan jokatzea, seguruago sentitzen garelako sarerik gabeko espazio horretan». Aldiz, azpimarratu du, haren ustez aske izate hori dela jolasak duen gauzarikzirraragarriena, norberari dagokiona zuzenean, norberaren buruarekiko konexioa eta bizitzeko modu interesgarriagoarekin lotura daukana.
Jolas kontzeptuaikerketarekin lotzen du Vega Martin irakasleak. «Norbere interesetatik abiatutako ikerketa». Eta ikerketarako beharrizan hori gizakiari naturakematen diola dio. Helburu gabeko ariketa librea da jolasa, baina egungo gizarteak gero eta muga gehiago jartzen dizkiola nabarmendu du. «Helbururik ez izateak ez du esan nahi eraginikez duenik». Jolasean ez dago helbururik, baina pertsona batek jolas egiten duenean nahitaez ikasi egiten duela uste du Martinek.
Diraya Expresion proiektua gidatzen du Martinek, Miguel Castrorekin batera, eta ikastea eta irakastea uztartzen dituzte. Hain zuzen, pintura, buztin eta mugimendu tailerrak eskaintzen dituzte Bilbon Arno Stern-en metodologia jarraituz. Tailerretan aniztasuna lehenesten dute, adin guztietako kideek parte hartzen dute, eta bakoitzak bere lana egiten du. «Gurera datorren norbaitek ikusiko du besteekiko desberdina dela, eta ezinezkoa dela alderatzea». Halaber, juzgurik gabeko espazioak dira. Azken finean, tailerren helburua jolasa ukatzen ez duten espazioak sortzea da «Ez dugu ezer eskaintzen, ez daukagu beraiek eduki ezin duten ezer».
Espazio faltaren arazoak
Pertsona helduei jolasean askatzea asko kostatu izanagatik, oraindik ere arrotzak dira soilik helduentzako espazioak. Gehienetan umeak ere onartuak egoten dira helduek jolasteko prestatutako espazioetan, eta gurasoek haurrekin agertzeko baliatzen dute. «Gure espaziora datozenak suposatzen da estigma gainditua dutela, eta umeak aitzakia on bat izaten dira beraiek ere jolasten jarri ahal izateko», azaldu du Calabazak. Halaber, nabarmendu du guraso bati ez zaiola zertan interesatu haurraren jolasa, eta aldamenean egon, bai, baina beste jolas batean aritu daitekeela: «Jolasteko modua beste bat izan behar da helduetan, eta norberak egin behar du bilatzeko lan hori». Hala ere, azpimarratu du halakoetan belaunaldien arteko jarduera bultzatzen dela, eta interesgarria iruditzen zaio.
Calabazak dioenez, oso zaila da helduak, jolasera bideratuta dauden espazio libreetara biltzea. «Oso ohituta gaude inplikaziorik gabe bizitzen; are gehiago, kultur ekitaldiak ikusle gisa kontsumitzen ditugu areto ilun batean, inongo inplikaziorik gabe». Ondorioz, norbere beharrekin konektatzea kosta egiten dela dio. «Zenbaiti jolastearen inguruan pentsatzeak ere mina eman izan dio, min fisikoa». Azken finean, gaur egungo gizartean jolasteari uzten zaion puntu horretan heldu izatea dago, eta berekin dator besteak onartua izateko beharra. Psikologoen ustez, helduen jolaserako espazio espezifikoak sortzen dira haurren parkeetan helduak jolasten ibiltzea gaizki ikusita dagoelako. «Futbol zelai batean, aldiz, jolas egin dezakete, inork ezer esan gabe». Calabazak gogoratu duenez, marrazkiak egitea edo espaloitik marrak zapaldu gabe ibiltzea ere jolasa dira. «Gaur egun, kalean bi pertsona jolasten ikustean, arraro begiratzen zaie eta estigmatizatuta egon daiteke;behar horretan jolasa utzi egiten da». Adituen arabera, heldu batentzat garrantzitsua da jolastea, batik bat, norbere buruarekin konektatzen duelako, norbere plazerra, bilaketa, sormen eta lekuarekin. «Jolasteak zentzua ematen dio bizitzari, bizipozarekin konektatzen zaitu, grinarekin eta beharrezkoa da hori».
Liburutegi beste jolasleku
Gaur egun bizitoki diren «espazio serioetan» esparru txikiak zabalduz joatea da gakoa Calabazaren arabera. Haren ustez, jolas librerako espazioak herri guztietan egon beharko lirateke, eta 24 orduz irekita, gainera. «Herri guztietan egon beharko luke jolastera joan ahal izateko leku ireki bat adin guztietarako. Liburutegi zerbitzu bat dagoen bezala liburuak hartu ahal izateko, leku bat jolastera joateko». Egun, tabernak dira sozializatzeko lekurik ohikoenak, eta etxeko txikienentzakoprestatutako espazioak daude. Calabazak, baina, gauza gustagarriak egiteko lekuen falta sumatzen du; eremu publikoan jolasteko aukera oso urria dela dio. «Jendea norbere esparru pribatuetan jolasten da, seguru sentitzen den espazioetan». Aldiz, eremu pribatu horietan, norberak erabakitzen du momentu bakoitzean zein jolas nahi duen. «Azkenean, erabaki pertsonal bat da; ez da behar espazio berezirik, edonor edonon jar daiteke jolasten. Klik bat da, konexio gogo bat». Denak bat datoz bakoitzak erabaki behar duela momentu bakoitzean zein jolas behar duen.
Jolasaren iraungitze data
Jolasari buruz hitz egitean automatikoki umeengan pentsatzen da, eta «gaizki» ikusia dago helduek ere jolas egitea. Baina nork bere buruari inposatu ohi dionari uko egiteko eta askeago bizitzeko ariketa bat da jolasa. Gero eta ohikoagoak dira espazio irekietan edonori jolasteko modua ematen dioten proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu