Han goitik itsasoa ikusten da. Julen Gabiriaren liburuaren tituluak ongi deskribatuko zukeen Jaizkibelen eta Aiako Harriaren izatea. Bietatik oso hurbil begiesten da itsasoa. Aiako Harriak, ordea, itsasora ez ezik, barnealdera ere baditu begiak, eta bere talaiatik Nafarroako ipar-mendebaldeko eta Artikutzako baso zabaletara, Xoldoko gaineko muino leunetatik Zurizako mendietara ere hedatzen du ikusmira. Jaizkibelek, berriz, itsasora begiratu baino gehiago, bat egiten du harekin. Orain igurtzi eta laztandu, orain astindu eta kolpatu, itsasoak moldatu du, mendetako egonarriz, Hondarribitik (Gipuzkoa) Pasaiako badiaraino doan mendigunea. Eta forma eta kolore ikusgarriak sortu ditu, naturak bakarrik lezakeen moduan.
Hareharri eta granito, itsasotik harri eginda sortutako bi mendigune horiek zinez dira harrigarriak, haietan barneratzen dena harri eginda uzteraino. Halaxe utzi zuen Jaizkibelek Victor Hugo bera ere. Mira eginda idatzi zituen idazle frantziarrak Pasaiaz, Jaizkibelgo hareharriaz eta geologiaz idatzi zituenak, Koldo Izagirrek Idi orgaren karranka liburuan euskarara ekarriak. «Atera kontuak zein ederra izango zen orduan ere Jaizkibel, hain idazle handiak, bazter hauetaz maitemindurik, halako harriduraz idatzi zituenak idazteko», dio Mikel Arrizabalagak (Donostia, 1957).
Arrizabalagak berak ere ondo ezagutzen ditu biak, eta elkarrengandik oso hurbil egon arren «ia antagonikoak» direla dio: «Hareharria da Jaizkibel, granito bateolitoa Aiako Harria, eta itxuraz ere oso desberdinak dira». Baina, agian kontraste horregatik, izugarri maite ditu biak. Marik berak bezalaxe. Izan ere, Puiako Marik Aiako Harriko kobazuloetan igarotzen omen zuen negua, eta udaberrian eta udan, berriz, Jaizkibelgo labarretara jotzen zuen gordeleku bila. Arrizabalagak, udaberri, uda, udazken eta negu, urteak daramatza Jaizkibelen eta Aiako Harrian oinez, gailurretan eta erraietan, eta ondo ezagutzen ditu bateko zein besteko gordeleku guztiak, leku gorde guztiak. Eta orain, irakurleei eta mendizaleei eman die ezagutza horren berri, oraintsu argitaratu duen gidaren bidez.
26 ibilbide proposatu ditu gidan, hamabost Aiako Harrian eta 11 Jaizkibelen. Bi mendiguneen ikuspegi osoa lortzeko 26 txango, bakoitza bere maparekin, fitxarekin eta deskribapen zehatzarekin. «Alde horretatik, gida klasiko bat da», dio. Proposamen bakoitzean, ordea, Hansel eta Gretelen ipuinean nola, harri koskor distiratsuak laga ditu. Jakingarriak, istorio bitxiak, ondareari lotutako harribitxiak... Ipuinean ez bezala, bidean galtzeko aztarnak, interesa duenak haietan sakontzeko.
Xehetasunei arreta jarrita
Kilometro asko egin dituzte Arrizabalagaren belaunek, gailur askotatik ederretsi dute haren begiek Euskal Herria, eta gaur egun, sosegu handiagoz bizi eta dastatzen du mendia. «Garai batean, mendira joatea tontorren batera igotzea zen. Tontorrera igoz gero, lortua zegoen helburua. Orduan, ohartzen nintzen bideko xehetasunez, baina ez nien behar beste erreparatzen; mendi horrek inguruan eskaintzen zituen aukerei». Orain bai: tontorrak alde batera utzi gabe, arreta handiagoa jartzen die magaleko jakingarriei, ondare naturalari, kultur ondareari, historiari... «26 proposamen horietan, saiatu naiz ibilbideei osotasun bat ematen: 'gora, behera, ezker, eskuin' deskribapen hutsetik harago, mendizaleak ikus dezala badaudela beste elementu batzuk mendi edo ibilbide hori osatzen dutenak. Bila ditzala tokian tokiko altxorrak, eta jakin dezala zer daukan begien aurrean».
Aiako Harria, mugaldea izanik, kontrabandisten ezkutuko ibilien lekuko izan da. Haien bideak berritu ditu, eta haien istorio eta aztarrikak ekarri, baita Comete Sarearen sasiko ibilerak ere, Bigarren Mundu Gerran ihesean zihoazen hegazkin pilotuak mugaz bestalde salbu jartzeko ahaleginean. Aita Donostiari Agiñako mendatetik gertu eskainitako multzo artistiko-monumentalari buruzkoa da bidean lagatako beste aletxo horietako bat. «Han zabaldu zituzten Mikel Laboaren errautsak, 2008ko abenduan», oroitu du. Puiako Mari eta intxixuak, kortarriak, Arditurri eta erromatarrak, Usoko errekaren aldamenean jaio zen Txirrita handiaren lekukotza, mairu baratzeak... asko dira Arrizabalagak Aiako Harriko ibilbideetan utzi dituen aztarnak, haietan galtzeko.
Jaizkibelgo errotarriak
Eta beste horrenbeste Jaizkibelen. Arrizabalagak duela 50 urte ezagutu zuen Jaizkibel, baina, orduan, zera zen harentzat: «Mendi biluzi bat, udan suteek zigortua eta gailurrera daraman gandorra beste erakargarririk ez zuena». Urteen joanean, ordea, mendi gandorretik magaletara jaitsita, beste Jaizkibel bat deskubritu zuen, eta harri eginda geratu zen. «Ipar isuria osorik zeharkatu genuen Joan Mari Torrealdaik eta biok. Sekulakoa iruditu zitzaigun; gerora, zatika eginez joan naiz, eta horrela deskubritu ditut koloreak, kolore sinfonia izugarria, eta formak, geoformak. Alde horretatik, ikusgarria da Jaizkibel».
Harri eginda geratzen da oraindik Jaizkibelen kanpo portu bat, superportua, eraikitzeko proiektu hura gogora ekartzen duenean. Jaizkibel Bizirik mugimenduak lortu zuen, azkenean, proiektua geldiaraztea, «eta eskerrak, bestela gaur egun ezagutzen dugun Jaizkibel hori, erdia gutxienez, suntsituta egongo zatekeen».
Jaizkibelgo zatian bildu dituen istorioen artean dago mendigunea erdiz erdi zeharkatzen duen asfaltozko orbanaren historia. Lezotik Guadalupeko santutegiraino doan errepide hori, Aiako Harriko Aritxulegikoa eta Elurretxekoa bezalaxe, Frankok preso hartutako langile batailoiek eraiki zuten. Errepidearen trabajadoreak, hala esaten zieten Lezoko eta inguruko herrietakoek. «Langileok barrakoietan eta zoruan bertan egindako zuloetan bizi ziren, oso baldintza gogorretan. Duela gutxi, Lezoko memoria historikoa berreskuratzeko sortu zen Etxetxo elkarteak auzolanean eginiko lanari esker, Iparragirre basoan eraikitako barrakoiak berreskuratu dituzte sasietatik eta ahanzturatik».
Gida idatzi eta gero ere hainbat aurkikuntza egin ditu. Jaizkibelgo errotarrien historia izan da horietako bat. Aranzadiko lantalde batek eginiko lan handiari esker jakin zuen Jaizkibelen bazirela errotarrien 25 harrobi. «Harrobiak, ez guk ezagutzen ditugun bertikal horiek, baizik eta naturan bertan lantzen zirenak. Errotarriei, harrian bertan ematen zieten forma, eta ondoren ateratzen zituzten». Handia izan bide zen produkzioa. Antzinako testamentu batean, Azaldegi abizeneko hondarribiar batek Hondarribiko Santa Engrazi ermitari utzi zizkion landutako ehun errotarri, eta idatzi zuen Jaizkibel mendian beste ehun zituela. «Aranzadikoek, hari horretatik tiraka, aurkitu egin zituzten errotarriak egiteko harrobi horiek. Eta errotarri batzuk ere bai, mendian. Dokumentuen arabera, Sevillara eta Espainiako beste portu batzuetara bidaltzen zituzten errotarriak, handik Ameriketara eramateko».
Arrizabalagak berak ere errotarrien berri jakitean, ilobekin txangoa egin zuen harrobi eta errotarri horien peskizan, «eta aurkitu genituen, bai harrobiak eta bai errotarriak; naturan bertan. Errotarrien erakusketa bat da Jaizkibelgoa». Alde horretatik, askotan zalantza egiten du ibilbide hauek zenbateraino erakutsi. «Jaizkibelen, paraje batzuk oso delikatuak dira, eta horiek ez ditut agertu. Ni erakustearen aldekoa naiz, baina gehiegi erraztearen aldekoa ez. Talaia bideak, adibidez, masifikazioa ekarri du: hemengo jendea, Iparraldekoak, frantsesak... jende pila izugarria dabil. Eremu batzuk oso delikatuak dira, eta kontuz ibili beharra dago».
Errotarriak egiteko hari berberarekin, hareharriarekin alegia, berreraiki zuten Donostia 1813ko erreketaren ostean, Ulia eta Igeldoko harrobietatik ateratako hareharriarekin. «Horrela eraiki zituzten Pasaia ia osorik, Lezoko herrigune historikoa, Hondarribikoa, Oiartzun, Irun eta Errenteriako hainbat elementu arkitektoniko... Hareharria deitzen diogu, baina Hondarribian, harri mimarriya esaten diote, mimatzeko eta lantzeko erraza delako». Hala, gidaren amaieran, Jaizkibelen magalean dauden hiru herrietan barna (Lezo, Pasai Donibane eta Hondarribia) ibilbide historiko bat proposatu du hareharrian eginiko elementuak josiz. «Hemen udaletxe zaharra, San Joan plaza, Santa Isabel gaztelua, Jaizkibelgo dorreak... Jendeak uler dezan horiek harri mimarriyaz eginak daudela». Hark gida landu duen mimarri beraz.
Harri eginda geratzekoa
Mikel Arrizabalaga mendizale eta BERRIAko kolaboratzaileak Aiako Harria eta Jaizkibel mendi gida kaleratu du Sua Edizioak argitaletxearekin. Bildumako lehena da euskaraz. Guztira 26 ibilbide proposatu ditu, eta, horien osagarri, ondarean eta historian sakontzeko beste horrenbeste jakingarri bildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu