Zegamako (Gipuzkoa) elizako erlojuak 12:48 markatzen zuen Robert Pkemboik (Kapenguria, Kenya, 1995) helmuga zeharkatu zuenean. Matthew Kiptanui (Eldoret, Kenya, 1989) izan zen helmugara iritsi zen bigarren kenyarra, handik lau minutura. Biek ia hogei egun zeramatzaten Aizkorri magalean dagoen Arrieta Haundi landetxean. Baina ez ziren haiek Octavio Perez entrenatzaile kataluniarraren gidaritzapean Euskal Herrira etorri ziren Kenyako atleta bakarrak. Haiekin batera, Reuben Narry eta Ben Kimtai ere etorri ziren. Kimtai bigarrenez aritu zen Euskal Herrian; iaz, Gorbeia Suzien lasterketan lehiatu zen;Zeanurin (Bizkaia) jokatzen da lasterketa hori.
Lau kenyarren parte hartzeak ikusmin handia sortu zuen Zegama-Aizkorri jokatu aurreko egunetan. Batzuen ustez, lehen postuetan sailkatuko ziren; beste askok, ordea, ez zuten sinisten horretarako aukera izango zutenik. Azken horien artean, esperientzia falta zen argudiorik garrantzitsuena. Aizkorriko gailurrerian aukera guztiak galduko zituztela sinistuta, ez zituzten ikusten lehen hamarren artean.
Lasterketaren egunean, ordea, eta eguraldia lagun, beren mailarik onentsuena erakutsi zuten. Irten orduko, lehen postuetan jarri ziren. Kilometroak aurrera joan ahala, postu batzuk atzerago geratu ziren arren, helmugaratu ziren hiru kenyarrak lehen hamabien artean sailkatu ziren; Narryk lasterketa utzi zuen, orkatilako minez baitzegoen.
Zegama-Aizkorrin lortutako postuek aukera eman diete Pkemboiri eta Kiptanuiri ekainaren 26an Chamonixen (Frantzian) jokatuko den Golden Trail Seriesetako bigarren proban aritzeko. Lehen hamarretan sailkatuta, ez dituzte ordaindu behar hurrengo lasterketetarako bidaia eta izen ematea. Kimtaik eta Narryk Kenyara itzuli behar izan zuten. Baina kontua ez zen Zegaman amaitu. T3T Tolosaldeko Hiru Tontorrak maratoiaren antolatzaileek 24 orduan hartutako erabaki baten ondorioz, eta Tolosako Udalaren eta Otsabio enpresaren ezinbesteko laguntzarekin, igande honetan Tolosan jokatuko den proban egoteko aukera eskaini zieten bi kenyarrei. Chamonixera joan aurretik hilabeteko tartea zegoela baliatuz, beste astebeteko egonaldia egitea eskaini zieten. Ez zioten muzin egin ideiari, eta Zegama-Aizkorriren biharamunean Tolosarako bidean ziren.
Oso familia xumeetakoak dira Pkemboi eta Kiptanui; nekazari familiakoak dira, eta entrenatzen ez direnean, euren lurrak zaintzen igarotzen dute denbora gehiena. Tolosarako bidean, ez diete begirik kentzen larre eta soroei. «Kenyaren antza handia du Euskal Herriak. Oso kolore berdea dute hemengo lurrek ere, nahiz eta han zelai amaigabeak ditugun», dio Kiptanuik. Maratoian aritzen da haren emaztea ere, Esther Chesang. «Ezkontzeko garaian, zortzi behi eman behar izan nizkion emaztearen familiari. Han, horrela dira gauzak». Egun, emaztearekin eta Mercy Chepchumba alabarekin bizi da, eta beste zortzi anai-arreba ditu. Lur eremu zabalak ditu etxe inguruan, eta patata landatzen du gehienbat. Animaliak ere baditu.
Pkemboik ez du ez emazterik, ezta seme-alabarik ere. Kapenguria hirian bizi da: 76.000 biztanle ditu, eta Nairobitik 425 kilometrora dago. Hiriaren erdigunetik kanpo dauka etxea, eta, gurasoez gain, bost anai-arreba ditu. Anaietako bat Floridan (AEB) bizi da, eta korrikalaria da hura ere. Baina ez da korrikalari arrunta: hanka biak falta ditu, eta protesi birekin egiten du lasterka. «Izugarrizko meritua dauka anaiak. Oso korrikalari ona da. Maratoian oso denbora ona egindakoa da: bi ordu eta 35 minuturen inguruan ibiltzen da». Bereziki miresten du anaia, eta, ahal duen aldiro, anaiak apirilaren 18an Bostonen (AEB) jokatu zuen azken maratoiko argazkia erakusten du. Begiek dir-dir egiten diote.
Egunak daramatzate Tolosan, eta, sasoiari eusteko, gehienetan bi entrenamendu egiten dituzte egunean. Zegama-Aizkorriko maratoiak sortu zien nekea agerikoa izan zen lehen bi egunetan, baina, halere, korrika hasteko irrikaz zeuden. Goizero, Tolosatik Alegiarako (Gipuzkoa) bide gorrian edo Berazubiko pistan egiten dute korrika. Hoteletik irten orduko, eskolara doazen umeekin gurutzatzean, irribarre egiten dute. Denei diosala egin, eta, haiei begira daudela, eskolako garaiak etorri zaizkie gogora. «Eskolara joateko, lau kilometro egin behar genituen korrika. Egunean bitanegiten nuen joan-etorria; hamasei kilometro eginda amaitzen nuen eguna», kontatu du Kiptanuik. Pkemboik ere ez du ahaztu nerabezaroko garaia. «Nik, ez Kiptanuik adina, baina hamabi kilometro egiten nituen egunean. Nire etxea eskolatik sei kilometrora zegoen, baina eguerdian han bazkaltzeko aukera izaten nuen».
Arratsaldeko entrenamenduetan, lasterketaren ibilbidea ezagutu dute Iker Karrera mendi korrikalariarekin eta Iñaki Insausti T3T lasterketaren antolakuntza taldeko kidearekin. Hiru irteera egin dituzte jada, eta Karrera bera harrituta utzi dute: «Oso erraz egiten dute korrika. Harri artean dituzte zailtasunik handienak, baina igoeretan eta jaitsieretan bikain moldatzen dira. Hauek mendian korrika egiten ikasten dutenean, akabo beste guztiak!».
Baina ez dira korrika bakarrik ibili. Beste kirol batzuk ezagutzeko aukera ere izan dute, eta, besteak beste, Iñaki Artola, Jon Erasun eta Jon Ander Peña pilotariek egindako entrenamendu batean egon ziren. Zur eta lur begiratzen zieten pilotariei. Horma jo orduko pilotak ateratzen zuen soinuak harritu zituen gehien. Behin entrenamendua amaituta, pilotan jokatzen aritu ziren Beotibar frontoian. Ados daude biak: «Pilota oso gogorra da. Pilotak horma jotzen duenean ateratzen duen soinuak berak min ematen du».
Kirol ezberdinak ezagutzera ez ezik, inguruak ikustera ere eraman dituzte antolatzaileek. Oso argi zuten biek: itsasoa ikusi nahi zuten. «Itsasoa ikusi dutenean, argazkiak ateratzen hasi dira etengabe, eta etxera ere deitu dute, azkar batean. Liluratuta gelditu dira», azaldu du Mikel Lopetegi T3T lasterketaren antolatzaileak.
Tolosan hamabost egun igaroko dituztenez, zenbait eskolatan hitzaldiak emango dituzte: Alkizako, Zubietako, Berastegiko eta Tolosako eskolatan egongo dira,Josu Iztueta bidaiariaren laguntzarekin. Hitzaldi horietan bildutako dirua Kiptanuiren alabaren eskolara bidaliko dute, Peremo Academyra. Horrez gain, antolakuntzako kideek zozketa txartelak atera dituzte dirua biltzeko, eta hainbat kirolarik emandako materiala zozkatuko dute lasterketaren egunean.
Uda erabakigarria izango da Pkemboiren eta Kiptanuiren kirol ibilbidean. Errepideko lasterketetan urteak egin eta gero, ezustean iritsi zaie mendikoetan ibiltzeko aukera. Octavio Perezen aginduetara daramate azken urtea, eta hark ere apustu handia egin du korrikalari kenyarren alde. Skyrunners Kenya proiektuarekin jarraitzeko, ezinbestekoa izango dute Golden Trail Seriesetako hurrengo lasterketetan lehen hamarren artean sailkatzea. Horrek bermatuko die ibilbidea egitea. Horretarako egin beharreko lanean ez dute ahalegin antzurik egingo. «Esperientzia falta zaigu mendiko lasterketetan. Inoiz ez gara mendian korrika ibili. Hemendik hiruzpalau urtera, beste kontu bat izango da», ohartarazi du Kiptanuik. Iritzi bera du Pkemboik: «Nire bigarren lasterketa izan da Zegama-Aizkorrikoa, iaz Transgrancanaria maratoian aritu eta gero [seigarren izan zen]. Oraindik asko falta zaigu, baina, arian-arian esperientzia hartu ahala, aurrerapauso handiak egin ditzakegu». Bizitzak eman dien aukera berriari eusteko irrikak hurrengo hilabeteetan ere iraungo du. Saiatuak dira, eta badute etorkizuna. Zortea lagun izatea besterik ez dute falta.
Mendi lasterketak
Irrikaz daude aukera baliatzeko
Zegama-Aizkorrin aritu ziren Kenyako lau korrikalarietako bik Tolosaldeko Hiru Tontorrak proban parte hartuko dute igandean. Robert Pkemboik eta Matthew Kiptanuik lehen garaipena eman nahi diote beren herrialdeari mendi lasterketetan. Egunak daramatzate Tolosan, egokitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu