Milaka manifestarik parte hartu zuten atzo Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Hegoaldeko lau hiriburuetan eta beste zenbait herritan egindako mobilizazioetan; 18.000 bat lagunek, antolatzaileek emandako datuen arabera. Orain arte bezala, «pentsio publiko eta duinak» aldarrikatu zituzten, eta mesfidati agertu ziren Madrilen Espainiako Gobernuaren, patronalaren eta Espainiako sindikatu nagusien arteko negoziazioek izan dezaketen emaitzaz, «murrizketa gehiago» ekar ditzaketelakoan.
Mobilizaziorik jendetsuena Bilbokoa izan zen. Han, 10.000 lagunek parte hartu zuten, antolatzaileen arabera; gehienak pentsiodunak ziren, baina gazteak, sindikatuetako kideak, zahar etxeetako egoiliarren senideak eta ostalaritza eta merkataritza sektoreetako ordezkariak ere egon ziren manifestazioan.
Mobilizazioa hasi aurretik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kide Jon FanokEspainiako Gobernuaren eta eragileen arteko negoziazioak izan zituen hizpide: «Iristen ari zaigun informazioaren arabera, badirudi laster akordioak lortuko dituztela, eta akordio horiek murrizketa gehiago ekarriko dituztela; beharbada ez guretzat, gaur egungo pentsiodunentzat, baina bai hurrengo belaunaldientzat».
Bereziki kritiko agertu zenUGT eta CCOO sindikatuen jarreragatik, eta «langile eta pentsiodunen interesak defendatu beharrean kontrakoa egitea» leporatu zien.
Fanok esan zuenez, pentsiodunen mugimenduaren eskakizunak hasierako berberak dira: pentsiodunen erosteko ahalmena babestea, 1.080 euroko pentsioa bermatzea, 2011 eta 2014 bitartean indarrean jarritako erreformak bertan behera uztea eta gizarte segurantzaren diru sarrerak bermatu ahal izateko gutxieneko soldataren kopurua igo eta «lan duina» ziurtatzea.
«Erakunde propioa»
Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotzaren plazaren inguruetatik abiatu zen, 18:00etan. Manifestazioaren buruan hamar bat txistulari joan ziren, eta, horien atzean, bi pankarta nagusiak, «babes eta segurtasun sozialerako erakunde propioa» eskatzen zuena eta Toledoko Ituna arbuiatzen zuena.
Horien atzean pentsiodun ugari joan ziren, lau lerrotan, segurtasun aldea gordez, eta pentsio publiko eta duinen aldeko oihuak eginez. Oneka Euskal Herriko emakume pentsiodunen plataformako kideak han zeuden euren pankartarekin, bai eta Barakaldo, Trapagaran, Busturialde, Zornotza, Sestao, Galdakao eta beste zenbait herritako plataformen pankartak ere.
Manifestazioaren amaieran, Babestu Bizkaiko egoitzetako erabiltzaile eta senideen elkarteko kideak, sindikatuetakoak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CNT eta CGT) eta gazteen multzoa joan ziren. Gazteak txalo artean hartu zituzten manifestazioa udaletxeraino iritsi zenean.
Manifestazioaren bukaeran, eta Arkaitz Estiballesek bertso pare bat bota ostean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kide Mikel Garmendiak eta Blanqui Bahonek hartu zuten hitza. «Salatu nahi dugu hiru urteko mobilizazioen ondoren lortutakoa arriskuan dagoela eta ez dela urrats sendorik egiten pentsio publiko, duin eta bidezkoak bermatzeko», esan zuten.
Garmendiak eta Bahonek salatu zuten bere garaian onartutako erreformek indarrean dirautela, eta «murrizketa gehiagori ateak zabaltzen» ari zaizkiela. Esan zutenez, atzoko mobilizazioa «abiapuntu berria» da, eta iragarri zuten, egoera aldatzen ez bada, udazkenean «erakunde sozial eta sindikalekin batera mobilizazio orokor bat» antolatuko dutela.
Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere manifestazioak egin zituzten. Gasteizkoa eta Donostiakoa ordubete lehenago hasi ziren, eta Donostiakoa astelehenetik Gipuzkoako lurralde osoa zeharkatu duen bizikleta martxa baten bukaera ere izan zen. Iruñekoa, berriz, 18:00etan abiatu zen Baluarte plazatik. Hiriburuez gain, Ondarroan, Lekeition,(Bizkaia), Irunen, Eibarren (Gipuzkoa) eta Altsasun (Nafarroa) ere mobilizazioak egin zituzten.
Pentsiodunak ez dira fio Madrilgo negoziazioek ekar dezaketen emaitzaz
Manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. «Pentsio publiko duinen» eskaerari eutsi diote. «Mobilizazio orokor bat» iragarri dute udazkenerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu