Miren Dobaran. Hizkuntza Politikarako sailburuordea

«Euskaraldiak ez du izango buruan genuen zabalkundea»

Bihar hasita, bi asteko ariketa proposatuko du Euskaraldiak, udazkenekoaren atariko gisara. Dobaranek aitortu du balitekeela entitateetan trabak izatea, baina baikor dago kemena ikusita.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Etxean ez, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan ari da lanean Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Miren Dobaran (Berango, Bizkaia, 1970). Bihar hasiko da Etxealditik Euskaraldira: etxeko hizkuntza ohiturei erreparatu nahi diete bi asteko ariketa horren bitartez, eta aldatzeko urratsak proposatu. Herri batzordeetan ari diren kideen kemena goratu du Dobaranek.

Itxialdia baliatuz, bi asterako ariketa antolatu duzue Euskaraldian. Nondik sortu da asmoa?

Lehenengotan ilun ikusten genuen kontua udazkeneko Euskaraldirako ere, baina asko animatu ginen ikusita herrietako batzordeak oso animatuta daudela, aurrera egiteko gogoz. Ilusioa dago, nahiz eta egoera latza izan, eta aukera moduan ikusi dugu itxialdia. Bigarren Euskaraldia prestatzeko eta jendea motibatzeko aukera da.

Etxean eragitea da helburua. Esparrurik intimoena da, zailena.

Normalean, familietan ez dugu denborarik izaten hausnarketak egiteko. Beti esaten dugu hizkuntza ohiturak aldatzeko eremurik zailena familia dela, oso errotuta daudelako ohiturak. Itxialdian jendea inoiz baino gehiago ari da hitz egiten senideekin eta lagunekin, beste era batera bada ere. Zergatik ez baliatu hausnarketa lehenago egiteko eta udazkeneko Euskaraldirako entrenatzeko?

Udazkeneko Euskaraldiak iragarritako formatua izango du? Hots, belarriprest eta ahobizi rolak, eta entitateetan ariguneak.

Badakigu oso egoera latzean daudela establezimenduak, eta ulertzen dugu kasu batzuetan ez daudela irailetik aurrera ariguneetan pentsatzeko. Baina uste dugu aldez aurretik izena emanda zeudenek eta posible duten entitateek aurrera egingo dutela. Ez da izango buruan geneukan zabalkunde handia. Baina uste dut nahikoa izan daitekeela. Norbanakoen kasuan, aukera ikaragarria daukagu bigarren Euskaraldia indartzeko. Krisi momentu batetik ateratzean goraldia izaten da, eta aprobetxatu egin behar dugu. Herri batzordeetan ikusi dugun ilusioak esperantza handia ematen digu.

Uste izatekoa da, beraz, arigune asko martxan jartzeko itxaropena apaldu egin behar dela.

Beharbada, bai. Errealitatea da: begiratu zelan ditugun gure dendak, autonomoak... Hor zabalkunde handia egiteko asmoa geneukan, eta beharbada momentu honetan ez daude horretarako. Baina laguntza osoa emango zaie, eta inolako presiorik gabe animatuko ditugu. Beharbada, izango da jaitsiera guk espero genituen zenbakietatik, baina aurrera egingo dugu, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Inork ez baitaki zer gertatuko den irailetik aurrera.

Zer gertatuko den ez jakiteak ezinegona eragiten du. Euskalgintzako eragileen artean ere nabari da murrizketen beldurra.

Orain 2020ko aurrekontuan gaude zentratuta, eta normal ari gara bideratzen. Ez daukagu beste berririk alde horretatik. Datozen urteei begira, ikusiko dugu. Baikorrak izan behar dugu: beste krisi batzuetatik ere atera gara. Egia da esparru batzuetan gehiago kostako zaigula gauza batzuk martxan jartzea; eremu sozioekonomikoan, esaterako, zabalkunde handia egiteko aukera eta plana dugu, eta astiroago joango gara beharbada. Baina elkarrekin lan eginda, abiadura handia har dezakegu.

Aurtengo aurrekontua exekutatuko da, beraz? Hartutako konpromisoak ez daude zalantzan?

Orain arte gure deialdiak eta dena onartzen ari gara. Deialdiak ez dira argitaratu, ez delako presazkoa, baina momentuz aurrera goaz gure aurrekontuarekin. Ez dakit zer gertatuko den irailean, baina momentuz, aurrera goaz.

Urteroko diru laguntza oinarrizkoa da euskalgintzan. Tramitazioak etenda daudenez, gehiago atzeratuko dira ebazpenak? Zailtasun handia ekar diezaieke horrek elkarte batzuei, adibidez.

Gure asmoa izan da ahalik eta arinen tramitatzea, eta alarma egoera kentzen denerako argitaratzea. Alarma egoera kendu eta hurrengo hilabetean eragileek proposamenak aurkeztea, eta ebazpenak ahalik eta arinen egitea, eragileek laguntza jasotzeko.

Agintaldi honetan aldaketa handi batzuk egin dituzue: adibidez, euskara ikasleen laguntzetan eta hedabideetan. Bermatutzat jo litezke datozen urteetarako?

Ez dakit zer irizpide etorriko den hurrengo aurrekontuak egiteko. Gainera, pentsatzen dut hauteskundeak egongo direla, eta aldaketak egongo direla. Ni baikorra naiz. Momentu honetan, diruan baino gehiago ari naiz pentsatzen zelan berreskuratu 35.000 ikasle inguru euskaltegietan, zer motibaziorekin eta animorekin egongo den jendea irailean euskaltegian izena emateko. Gehiago ari gara horiek aztertzen, eragileekin batera: zelan egin kanpaina, beste era bateko ikastaro motak asmatu, udako ikastaroak nola moldatu, online ikastaroak...

Badaukazu atzerapauso horren beldurrik? Krisian sartuz gero euskaltegietan ikasle kopurua jaistea, ekimen soziala apaltzea...

Ez dakit. Hau baliatu behar dugu indartsuago ateratzeko, elkarlanean sinesteko. Ezelako erlaxaziorik egonez gero, urteetan kostako zaigu aurrera egitea. Asko dago jokoan. Dena jarri behar dugu geure aldetik, eta asko poztu nintzen Euskaraldiko batzordeak animo handiarekin daudela jakitean, honek lana eskatzen baitu. Pentsatzen dut jendea konturatuko dela euskararen biziberritzea gai sentsiblea dela, eta erlaxaziorik gabe aritu behar dugula.

Aste hauetan, egunero agerraldiak egiten ari dira erakundeak, koronabirusaren bilakaera zein den azaltzeko. Jaurlaritzaren kasuan, eguna joan eta eguna etorri, erdaraz ari dira, euskaraz ez dakiten ordezkariekin. Zer iritzi daukazu? Hizkuntza Politikako Sailak eskatu du argibiderik?

Saiatu gara. Den-dena gazteleraz ere ez da izan. Ulertzen dut kanpotik zaila dela ulertzen zer presiorekin ari diren sail batzuetan lan egiten, baina ni Lakuan nago, eta ikusi dut prestatzeko oso denbora gutxirekin egiten direla gauzak. Saiatu dira gauza batzuk euskaraz ematen, baina egia da kasu batzuetan gailendu egin dela gaztelania. Ez bakarrik hemen. Ikusi dugu dendetan ere presazko kartelak jartzean zelan jo den gaztelaniara, nahiz eta euskara planak izan. Horri guztiari buelta bat eman behar zaio, eta apurka-apurka konponduz joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.