Ekofeminismoaren Europako ahotsik erreferentziazkoenetako bat da Yayo Herrero (Madril, 1961) antropologo, irakasle eta ekintzailearena. Krisi honetan hartu diren erabaki batzuk lurrarentzat eta pertsonentzat onuragarriak izan direla ohartarazi du, eta haietako batzuei eutsi egin beharko litzaiekeelakoan dago.
Zer ondorio nagusi ateradaitezke koronabirusaren krisi honetatik?
Bagenekizkien gauzakare eta argiago erakutsi dizkigu krisi honek. Lehenik eta behin, munduko ekonomia globalizatuaren ahulezia. Bestalde, gogoetatzeko aukera eman digu ea zein diren gizakien beharrak eta haiek asetzeko ezinbesteko lanak. Oso adierazgarria izan da: bat-batean utzi ezin ziren lanak dira azken urteotan okerren ordaindu direnak, bazter batera botatakoak, gehien prekarizatuak, ikusgarritasun txikienekoak eta, kasu asko eta askotan, gehien feminizatuak: zaintza eta etxeko lanak, zahar etxeetakoak, osasungintzakoen zati handi bat, garbiketak...
Arlo publikoa ere indartuta atera da, behintzat, gizartearen iruditerian, ezta?
Bai, eta ez osasun publikoa bakarrik, nahiz eta hark eduki duen ikusgarritasunik handiena. Pentsa egunotan behin-behineko milaka lan-erregulazio dosier tramitatzen aritu diren funtzionarioengan. Nabarmentzekoak diraudalek egindako lanak ere. Halaber, azpimarratuko nituzke hainbat etxetan egindakoak, nahiz eta eremu pribatukoak izan. Berriro ere, familiak dira krisia apur bat leuntzen duten koltxoiak. Arreta jarri dugu osasungintza publikoan, murrizketen ondorioz kolapsatu egin baita, baina krisiaren zatirik gogorrena familiei egokitu zaie.
Krisiak elkartasuna eta laguntasuna ere bultzatu ditu.
Oso nabarmen. Sortu dira hainbat elkartasun eta laguntza sare. Segur aski, lehendik baziren auzo taldeak izan dira, baina batu zaie pila bat jende, bat-batean hasi dena kezkatzen ondoan bizi direnez, eta dituzten beharrez.
Tokiko nekazaritzak ere garrantzia hartu du, ezta?
Aipatu dudan sistema ekonomikoaren ahuleziaren muinean dago. Espainiako Estatua, adibidez, guztiz menpekoa da energian eta materialetan, eta baita, azken hamarkadetan gailendutako politikengatik, elikagaietan ere. Garatutzat ditugun herrialde gehienak antzera daude. Landa eremuak abandonatu egin dira, eta, jarduera mantendu den kasuetan, azpiegitura handiak eta haztegi industrialak ezarri dira, txerri edo abere hazkuntzarako. Baserri eta ekoizle txikiak, autogestioaren bidetik eta harreman askoz zuzenago eta bidezkoekin, euren ekoizpena zabaltzen ari dira, baina trabak besterik ez diete jartzen, pandemiaren aitzakian. Bizitzari eusteko beharrezkoak diren ekoizpenei bizkar eman diegu, eta atzeratutzat jo izan ditugun urrutiko herrialdeek eman digute bizirik irauteko aukera, lehen sektoreari eutsi diotelako.
Pandemia arintzean, izango diraekonomia globalizatuari are eta indartsuago eutsi nahiko diotenak ere.
Zalantzarik ez. Marshall plan haren moduan saltzen ari diren horiek zer dira, ez bada sistemaren ahuleziaren atzean dauden eredu ekonomikoak mantentzeko apustuak? Europako Batasunaren laguntzaren zati handi bat finantza eremura bideratu dute, bankuek maileguak errazago eman ditzaten. Nabarmena da nola aprobetxatzen ari diren zenbait tokitan lurra eta pertsonak babesteko neurriak deuseztatzeko. Beraz, etorkizunean zer gertatuko den erabakiko da sortzen diren indar korrelazioen arabera, eta gizarte zibilaren antolatzeko gaitasunaren arabera.
Normaltasuna berreskuratzea bihurtu da agintarien helburua.
Normaltasuna da lehenagoko egoera. Hau da, prekarizazio baldintza gogorretan oinarritu dena, gizarte multzo zabalak pobrezian zituena, langabezia tasa itzelak zituena, osasun sistema oso higatua utzi duena, adinekoak baliabide eta zaintza gutxiko zahar etxeetan zituena, menpekotasuna eta zaintza lana negozio borobil bat bihurtu duena sektore pribatuarentzat… Normaltasun horrek aire pozoitua arnastera behartu gaitu, eta beroketa dakarten gas isurketekin bizitzera. Larrialdi ekologikora ekarri gaituen normaltasuna da berreskuratu nahi duten hori.
Batzuek esango dute egoera hau ez dela askoz hobea.
Salbuespen egoera honetan kutsadura eta berotegi gasak amildu egin dira, eta aldagai biofisikoak hobetu. Gainera, debekatu dira lan kaleratzeak, ordaindu ezin dutenei ura eta argindarra moztea… Alokairua ordaintzen duten pertsonak babesteko erabakiak hartu dira, eta lehen sekula onartu ez diren laguntza batzuk… Beraz, paradoxikoa bada ere, jendea eta haren ongizatea babesteko neurriak etorri dira. Zein da kosta ahala kosta ekarri nahi duten normaltasuna? Lurraren xahuketan eta desberdintasun sozialetan oinarritutako hazkunde ekonomikoa.
Bestelako egoera larri batzuek lortu ezin izan dutena lortu du koronabirusak.
Bai, klima larrialdiko testuinguruan gaude, petrolioaren gailurraren fasean, non baldintza objektiboak dauden ekonomia haztea zailtzeko… Pandemia iritsi baino lehen, atzeraldi ekonomiko sakon bati buruz hitz egiten ari ziren adituak, baina honek ekarri ditu aldaketak. Orain ikasi dugunak ez al digu balio behar baldintza hobeak sortzeko, jendearen ongizatearen aldetik, etor daitezkeen beste egoera batzuei erantzuteko? Osasun hondamendi hau berarekin eramaten ari da gizartearen pertsonarik ahulenak: zaharrak, pobretutakoak, osasun egokirik ez zutenak, izan elikadura txarragatik izan kutsadura handiko guneetan bizitzeagatik… Salbuespen egoera hau hondamendia da, baina indarrean jarri diren neurri batzuei eutsi egin beharko genieke aurrerantzean ere.
Adibidez?
Zientzialariek esan digute bakartze soziala beharrezkoa zela birusa zabaltzea saihesteko. Zientzialariek ohartarazi digute, halaber,larrialdi egoera askori aurre egin beharko diegula, besteak beste, klima aldaketarengatik. Hartu beharreko neurriek eredu ekonomikoari eragiten diote, baina hartu egin behar dira jendea babesteko. Beraz, egoera hau saio gisa har genezake, beste normaltasun berri bat eraikitzeko, non helburua herritar guztiak babestea izango den, eta baita herritar guztien eskubide eta askatasunak ere.
Kezka sortu du poliziek eta armadek jokatu duten rolak…
Ez ote zaion zelatatze lanari gehiegizko legitimitatea eman, jakin gabe horrek nora eramango gaituen. Santiago Alba Ricok zioen bazegoela borroka bat balkoi solidarioen eta lintxatzaileen artean. Nire susmoa da ez dagoela horrenbeste balkoi lintxatzaile. Baina izan badira. Eta badira egoera baliatu nahi izan dutenak paperik gabeko pertsonak babes gabe uzteko… Begirada baztertzaileak daude, planteatzen dutenak gure pribilegioei eutsi behar diegula beste pertsonen bazterketari eutsiz… Eta badira begirada irekiak, planteatzen dutenak mundu berri horretan ere denok dugula toki bat.
Egoera berriak balioko al du lurrarekin daukagun harremana birplanteatzeko?
Gure kulturak lurrarekin izan duen harremana ezin txarragoa da. Ez gara jabetzen izaki ekodependenteak garela. Uste izan dugu teknologia gai izango zela ia arazo guztiak konpontzeko, eta sinetsi dugu edozer gauza sakrifika genezakeela ekonomiaren hazkundearen izenean. Baina orain ikusi dugu bizitzarentzat ezinbestekoak diren baldintzak ere zapuztu ditugula.
Aditu askok diote bioaniztasunaren galerak erraztu egin dezakeela birusen transmisioa animalietatik pertsonengana.
Bioaniztasunak gizakien eta animalien arteko harresi eta babes lana egin izan du. Eta hori ez da kontu mistikoa, baizik eboluzioaren milaka urteetan bioaniztasunak jokatu duen rolarekin zerikusia daukana. Bioaniztasunak babestu egin du bizitza sistema, eta, hura suntsituz gero, bizitza asegururik gabe geratuko gara. Beraz, bioaniztasunaren galera, klima larrialdiarekin eta naturaren zikloen hondatzearekin batera, gizakien bizitzarentzako eraso bat da, gure bizitza askoz ere modu ahulagoan ateratzen delako aurrera.
Globalizazioak dakarren garraio eta komunikazio sistema horrek ere zeinen ahul bihurtzen gaituen frogatu da.
Daniel Bernabek ikertu du nola zabaldu den koronabirusa, eta planteatu du sistema globalizatuak dakarren gehiegizko mugimendu eta bidaia horiek guztiak direla birusaren transmisioa bideratu dutenak. Pentsa zenbat enpresaburu, agintari etaabar mugitzen diren egunero Txinaren, Europaren eta AEBen artean. Eta ez bakarrik pertsonak, baizik eta salgaiak. Sistema horrek ezinezko bihurtzen du birus bat etetea, munduan dauden natur harresiak kendu eta hondatu egin ditugulako. Horri zerbitzu publikoen narriadura gehitzen badiozu, koktel perfektua daukazu halako pandemiak zabaltzeko eta egoerarik ahulenean dauden sektoreak babes gabe uzteko.
Birusak gogorren jo dituen sektoreak dira klima larrialdiak gogorren jo ditzakeenak ere.
Birusak ez du bereizketarik egiten, baina, behin iristen denean, ez gaude egoera berean hari aurre egiteko. Hau da, ez gaude berdin elikatuta, ez daukagu osasun egoera bera, besteak beste, batzuk kutsadura handiko tokietan bizi direlako. Gauza bera gertatzen da pertsona zaharrekin. Beldurgarriak izan dira entzun ditugun zenbait gauza; adibidez, AEBetan, eskatu dute adinekoak sakrifikatzeko ekonomiaren izenean, pertsona horiek babestu beharko ez balira bezala.
Konfinamendua ere ez da berdina txalet batean edo 30 metro koadroko etxe batean.
Noski, eta pertsona asko pilatuta bizi diren etxeetan ere ez. Eta ez da gauza bera kobratzen jarraitzen dutenentzat eta lehen zuten soldata apurra galdu dutenentzat, horrek sortzen duen ezinegonarekin.
Badira tentsioak ere sistema ekonomikoa ez gelditzea nahi dutenen eta euren burua babestu nahi dutenen artean.
Gure kulturaren kontraesan hori, funtsean, zibilizazio arazo bat da. Esan nahi baita ekonomiaren eta bizitzaren artean dagoen elkar hartu ezin hori. Eredu ekonomiko batzuek hazteko beharra daukate geratu gabe, eta ezin dira eten, oso hauskorrak direlako, zorraren eta etengabeko diru sarreren menpe daudelako. Oinarrian dagoen finantza sarea guztiz lotuta dago harekin, eta horren adibide dira burtsan izaten diren gorabeherak. Eredu horiek hazten direnean, natura hondatzen da nabarmen, eta bizitzari eusten dioten oinarri materialak ahuldu egiten dira. Ez bakarrik hori, ekonomia hazten da, ez gehiago ekoizten delako, baizik eta lan eskubideak eta soldatak gutxitu direlako, prekaritatea handitu delako. Beraz, batzuen hazkundeak dakar herritar gehienek ezinegon handiagoarekin eta duintasun txikiagorekin bizitzea.
Hori gertatu zen 2008ko krisiaren ostean ere. Gaur egun ere arrisku bera izango dugu ,ezta?
Ekonomia uzkurtzen denean, oraingo indar korrelazioarekin, badago boterearen zati garrantzitsu bat horren aldeko apustua egiten duena. Hau da, etxe bakoitzaren barruan bizitzaren arriskuak pribatizatuz eta, erreskateen bidez, enpresen arriskuak sozializatuz. Esan nahi da, pertsonen bizitza erdigunean jartzen ez duen ekonomia bat daukazunean, aurkitzen duguna da bizitza bera sakrifika daitekeela helburua ekonomiaren hazkundea baldin bada.
Ikuspegi feminista batetik, baikor al zara krisiak ekar ditzakeen ondorioei begira?
Arlo publikoan egin dena aipatzen da, baina ez hainbeste etxeetan egin dena, aintzat ere ez delako hartzen. Berezkotzat jotzen den nahitaezko familia zerbitzu hori da, egunero eta belaunaldiz belaunaldi, bizitzaren oinarria. Krisi honek ageriago utzi ditu eredu honek dituen aje guztiak. Eta agerian utzi du, gainera, borondate politikoa denean, erabakiak azkar har daitezkeela pertsonak babesteko. Eta, aldi berean, pertsonok ere errotik alda dezakegula gure bizimodua ikusten dugunean ingurukoen bizitza babestu egin behar dela. Kontua da ea hori bera egin dezakegun hondamendi jakin bat izan gabe ere? Uste dut honek erakutsi digula baietz.
Klima krisia, adibidez, ez da nahikoa akuilu izan halako neurriak hartzeko.
Itzela izan da hedabideek egindako lana krisi hau mahai gainean jartzeko, modu zuzen edo okerrean. Posible litzateke gauza bera egitea ekologia krisiarekin? Egia da ez dugula mehatxu zuzen gisa bizi, baina Gloria ekaitzak jadanik Ebroko delta uztera behartu ditu hainbat lagun, eta itsasaldean bizi diren batzuk ere beste toki batzuetara joatera bultzatzen ari da. Hobe genuke berandu baino lehen mehatxu larri gisa hartzea.
Koronabirusa. Yayo Herrero. Militante ekofeminista
«Salbuespen egoera honetan hartutako neurri batzuei eutsi egin beharko genieke»
Herrerok uste du osasun krisiak agerian utzi dituela ereduaren «aje guztiak». Eta hartu diren erabakien irmotasuna ikusita, galdera egin du: «Posible litzateke hondamendi jakin bat izan gabe ere?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu