Jaizkibelek bakarrik bete du usadioa, beste konpainiek aparte egin baitute

Hondarribiko Udalak eutsi egin dio elizako ospakizunari; talde parekidea besterik ez da agertu

Jaizkibel konpainiako hainbat kide, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Hondarribia
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
COVID-19aren ondorioz hartu diren neurriengatik, ohiko festarik ez dute aurten Hondarribian ere (Gipuzkoa); ezin izan dute, esaterako, alarderik egin. Izan dira, hala ere, hainbat ospakizun etakeinu, eta Guadalupen atzoko egunez egin ohi den elizkizunari —1639an hango ama birjinariegindako boto bat berritzen dute, esker onez—, eutsi egin zion Hondarribiko Udalak, propio hainbat segurtasun neurri bermatuta; hain justu, gonbidapenak beharrezkoak ziren ekitaldira joateko. Ohikoa izaten da meza horretan alardeko konpainia guztiek parte hartzea; Jaizkibel konpainia parekideak ere urteak daramatza joaten, alardean parez pare parte hartzeko erarik inoiz onartu ez badiote ere. Atzo, ordea, ez ziren denak batu; banaketa eta bereizkeria keinuz josita dago alardeen historia aldarri parekidea sortu zenetik, eta, atzo, alarde baztertzailearen aldekoek, Alarde fundazioak deituta, beste urrats bat egin zuten norabide horrexetan: elizkizun bereizi batean parte hartu zuten, bestea egin baino ordu eta erdi lehenago.

«Segurtasun» argudioak erabili zituzten deialdi berezi hori zergatik egin zuten adierazteko Alarde fundazioko ordezkariek komunikatu batean, baina keinu horrekin usu kalean bilatu duten irudia berritu zuten: Jaizkibel konpainia bakartuta uztea, beste konpainietatik aparte. Hala ere, babes ofiziala izan zuen oraingoan hautu parekideak; udalbatzako kideak Jaizkibelek parte hartu zuen ekitaldi horrexetan izan ziren atzo goizean. Txomin Sagarzazu alkateak berak,ospakizunera sartu aurretik, parerik gabeko garrantzia aitortu zion. «Ekitaldi nagusia hauxe da», esplikatu zuen: «Hauxe da jaiaren muina».

Udalak elizkizunaren harira gonbidapenak eragile guztiei helarazi zizkiela adierazi zuen, eta Alarde fundazioaren hautua izan zela bide bereizi bat egitea: «Erabaki du bere ekitaldia egitea». Jaizkibel konpainiako kapitain Oihana Etxebarrietak ere ekitaldiaren garrantzia nabarmendu zuen. «Guk argi genuen udalak antolatzen duen ekitaldi honetan parte hartu behar genuela. Oraindik publikoa den ekitaldi bakarra da», argudiatu zuen. «Urtero parte hartzen dugu; urteroko eran, hemen egon nahi genuen». Alarde fundazioak «segurtasunaren» izenean erabilitako argudioen herrena agerian utzi zuen. «Tokia, egon, bazegoen; egon nahi izan ez duenak azaldu beharko du zergatik ez den egon jai hauetako ekitaldi publiko herrikoi bakarrean».

Jaizkibelen oharra

Jaietako egun handia zela gogoan hartuta, ohar bat kaleratu zuen atzo konpainia parekideak, eta elkarrizketarako deia egin zuen, «Hondarribiak hori eta gehiago merezi duelako». Elkarrizketa «babesteko eta bultzatzeko» deia egin zien erakundeei. Jaizkibelek helburutzat jarri du 2021eko alardea publikoa izatea, parekidea eta bakarra: «Aukera ematen digu egiazko tradizioa berreskuratzeko eta aberasteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.