Botereen arteko krisi betean dago Espainia. Botere legegileak, kasu honetan Espainiako Kongresuak, onartu zuen PSOEk eta UP Unidas Podemosek hauspotutako lege erreforma bat, modu horretan Auzitegi Konstituzionalaren berritzea desblokeatzeko. Joan den ostegunean izan zen hori. Herenegun, baina, botere judizialak, Konstituzionalak hain zuzen, Zigor Kodearen erreformaren barruan jasota zeuden eta auzitegi horretako kideak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna ezartzen zuten bi zuzenketak baliogabetu zituen, PPren helegite bat ontzat emanez. Beraz, Senatura bidean zegoen erreformaren tramitazio parlamentarioa eten zuen. Nolanahi ere, botere exekutiboak, Espainiako Gobernuak, erantzuteko eta erabakiari aurre egiteko asmoa du. «Legedia eta konstituzioa betez, gobernuak behar beste neurri hartuko ditu botere judizialak eta Konstituzionalak duten inolako justifikaziorik gabeko blokeoa eteteko», adierazi zuen atzo Pedro Sanchez presidenteak.
Ikusi gehiago:Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatua: «Epe luzeko estrategia bat daramate gehiengoa indargabetzeko»
Eta neurri bat hau izango da: Konstituzionalak indargabetutako zuzenketen edukia lege proposamen batean jasotzea. Hori adierazi zuten atzo Espainiako zenbait hedabidek, talde parlamentarioetako iturriak aipatuz. Horien arabera, aste honetan dira proposamena Kongresuan erregistratzekoak, urgentziaz tramitatzeko. Horrela jokatzekoa da gobernua, zenbait hedabidek iturri juridikoak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoa ezin baita aldatu lege erreforma bati egindako zuzenketen bidez. Aintzat hartu behar da, bide batez, Konstituzionalak ez duela zalantzan jarri zuzenketen edukia, baizik eta legea aurrera eramateko prozedura.
Lege proposamen hori urgentziaz tramitatzeko, talde parlamentarioko iturrien arabera, PSOEk zenbait talderekin hitz egin du; besteak beste, UPrekin, ERC Esquerra Republicanarekin, EH Bildurekin eta EAJrekin. Halere, UPk nahiago du Konstituzionalaren ebazpena aztertzea urrats hori egin aurretik; gainerakoek lege proposamena begiratu nahi dute.
Sanchezek Ministroen Kontseiluaren ondoren Moncloa jauregian egin zuen agerraldian nabarmendu zuenez, «Espainiako historian inoiz ikusi gabeko erabakia» izan da lege baten tramitazioa gelditzea. Azaldu zuen ekintza «larria» dela, eta «herritarrek hautetsontzietan balioztatu ez duten botere bat atxiki» nahi izan duela horren bidez PPk.
Ikusi gehiago:«Justiziaren politizazioa» salatu du Eusko Jaurlaritzak
Adierazi zuen, gainera, ulertzen duela eragile politikoek erakutsi duten haserrea, baita herritarren kezka ere. Hala ere, lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan zien, esanez Espainiako sistema demokratikoak badituela gertatutakoari aurre egiteko tresnak: legedia eta Konstituzioa.
Konstituzionalak botereen arteko krisia eragin duen erabakia plazaratu eta gutxira, herenegun gauean, Espainiako Gorteak izan ziren erreakzionatzen lehenak. Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidenteak eta Ander Gil Senatukoak adierazpen instituzional bana egin zuten bart, eta biek nabarmendu zuten Konstituzionalaren erabakia beteko dutela. Hori bai, «sistema demokratikoaren deslegitimaziorako arrisku potentzial bat» eragin du deliberoak, Bateten ustez. Gilek PPri leporatu zion Konstituzionala «instrumentalizatu» izana. Gertatutakoak gorteen «autonomia parlamentarioari» eragin diola nabarmendu zuten biek.
Koalizio gobernuko bi alderdiak oso kritiko azaldu dira Konstituzionalaren erabakiarekin. Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak atzo esan zuen bere alderdiak «tematuta» jarraituko duela epaileen aldaketa bultzatzen, «PPren blokeoa gorabehera». Are, egoeraren «larritasuna» azpimarratu zuen: «Epaile batzuk ez dagozkien erabakiak hartzen ari dira, ez dagozkien postuetan». Pedro Gonzalez-Trevijano Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari eta Antonio Narvaez magistratuari egin zien erreferentzia Lopezek. Izan ere, UP Unidas Podemosek eta PSOEk errekusazioak aurkeztu zizkieten, eta adierazi ez luketela parte hartu beharko erabakia hartzeko prozesuan, «interes pertsonalak dituztelako». Halere, Konstituzionaleko sei magistratu kontserbadoreek PPren helegitearen alde bozkatu zuten — Gonzalez-Trevijanok eta Narvaezek era parte hartu zuten bozketan—, eta bost progresistek, kontra.
Nuñez-Feijooren baldintzak
Alberto Nuñez-Feijoo PPko presidenteak «alternatiba konstituzionalista bat» proposatu dio Sanchezi: PPren eta PSOEren arteko akordio bat, CGPJ eta Konstituzionala desblokeatzeko. Ez dohainik, ordea. Sedizio delitua ezabatzeari eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzeari uko egiteko eskatu dio Feijook Sanchezi, eta horien ordez «legez kanpoko erreferenduma antolatzearen delitua» onar dezala. «Epaileek hautatu ditzatela epaileak». Hori izan da Feijooren hirugarren baldintza CGPJ eta Konstituzionala desblokeatzeko.
Espainian ez da halako erabakirik hartu 1975ean Francisco Franco diktadorea hil zenetik —tramitazio parlamentario bat eten du—. Dena den, ez dirudi legea bera paper errea izango denik. Senatuko mahaia atzo elkartu zen, eta, hango zerbitzu juridikoek azaldu zutenez, Zigor Kodearen erreformaren barruan helegiterik jarri ez zaien neurriekin aurrera jarraitzea erabaki dute: batetik, sedizio delitua ezabatzea, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko; bestetik, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzea.