Goiz erdia Koldo Mitxelena herri ikastetxean, Errenterian (Gipuzkoa). Olatz Mitxelena irakaslea batetik bestera zebilen atzo, eskolako sartu-irtenetan ikasleak ez pilatzeko prestatu zuten antolaketa berria gobernatzen. Ikasturteka sartu zituzten haurrak, txandaka, lehen kontaktu bat egiteko: «Ordu eta erdi egingo dute eskolan». Gaur, goiz osoko martxa beste erronka bat izango da, COVID-19ak ekarri duen izurrian eskolek nola funtziona dezaketen ikusteko eta ikasteko beste aukera bat. Koldo Mitxelena Bigarren Hezkuntzako Institutuak hartuko ditu, apur bat koskortzen direnean, atzo Mitxelenaren argibideei kasu egin zieten ikasle horietako asko. Hantxe, DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleei harrera egiten, Arantza Igartua Olaetxea zuzendaria, pozik, baina artegatasuna ezkutatu ezinik: «Erabaki berri asko hartzen ari gara, etengabe. Azkenean, ez dakigu erabaki horiek ondo irtengo diren, zein neurritan joan beharko dugun aldatzen... Ezjakintasun hori dugu». Babes faltaz ere ari zen: «Nire ustez, falta zen jarraipen zuzenagoa. Utzi gaituzte nahiko aske: ikastetxe bakoitza molda dadila ahal duen eran». Eta baliabideen urriaz: «Esaten ari dira irakasle gehiago izango direla, baina ez dira iritsi. Inork ez digu galdetu: 'Behar gehiago dituzue?'».
Aparteko laguntza bakarrak«baliabide materialetan» heldu direla adierazi zuen Igartuak:«Osasun sistemak ezarritako horietan: gelak, musukoak...». Orereta ikastola da Errenteriako beste zentro handi bat, itunpekoa; Haur Hezkuntzatik Batxilergorako eskaintza dute, bost egoitzatan banatuta. Bihar hasiko dituzte eskolak. Anartz Muxika zentroko zuzendari nagusia da, eta Egoitz Verdugo zuzendari pedagogikoa. Lur eremu zabalean daude ikastolako egoitza asko, herrigunetik aparte, eta han ipinitako enbor eta gurpilen artean zebiltzan atzo biak: eskolak aire librean emateko gunean. «Ikasturte bukaeran ikusi genuen ezin genuela martxotik aurrera egindakoa errepikatu; familien gain izugarrizko pisua erori zen; irakasleak ere, lan pila bat egin arren, ez zeuden egindakoarekin gustura, eta ikasleen artean zatiketa handia sortu zen». Hortik hautua: «Kanpoko espazioa aprobetxatu behar genuen». Beharretik sortu dela onartu du Verdugok: «Gakoa irudimena da. Guk ezin diogu honi erantzun esanez ratioak murriztuko ditugula; Jaurlaritzak ez baditu baliabide gehiago jarri, guk ezin dugu hori egin».
Eskolak, aire librean
Gogoeta partekatu baten emaitza da: «Ikastolen Elkartetik argi esan ziguten: 'Landu sormena, zeren eta baliabideak eskatuko ditugu, eta iristen badira ondo, baina ez ditugu espero'». Ez dira iritsi: iazko baliabideekin hasiko dute ikasturtea. Aire zabalean eskolak emanda, kutsatze arriskua arindu nahi dute; 24 talde dituzte LHn, eta horientzat da hautua. Eguraldia lagun, ahal dutenetan erabiltzeko. Baso eskola bat ere antolatu dute; HHko ikasleek ere bertan zenbait txanda egitea da asmoa. Horiez aparte, LHn «burbuilen» araberako funtzionamendua izango dute: «Bi gelako burbuila bat». DBHn ikasteko modua bestelakoa da, eta ezin dute: «Higiene neurriak indartu eta zorrotz zainduko ditugu, eta, ahal den neurrian, maila bakoitzak bere sarrera-irteerak eta bere komunak izatea da asmoa». Neurrira heltzeko bidea ez dela erraza izan onartu du Muxikak: «Hasieran heltzen ziren protokoloak mardulak ziren, konplexutasun handikoak. Orain pare bat aste heldutako protokolo osagarriak argitasun dezente ekarri du». Eskertu dute: «Izan ere, askotan jo behar izan dugu ikuskaritzara, edo Ikastolen Elkartera, edo ondoko ikastetxeetara: 'Nola ulertzen duzue hau?'».
DBHn irakasteko erarekin ez da bateragarria burbuilen antolaketa. Bat dator Igartua: «Gure ikasleak ez dira burbuiletan egongo: DBHn eta, batez ere, Batxilergoan ikasgai asko hautazkoak dira; ikasleak nahastu egingo dira». Eta aldaketa handirik ez da izango, oro har: «Iazko ratioetan gaude». 25 ikasle DBHn gelako; Batxilergoan, 30. «Geletan banaka jarri ditugu ikasle postuak, baina metro eta erdiko distantziarik ez dago haien artean». Positiboak heltzen badira, Osasun Sailera joko dute: «Oso gainean dago, eta protokoloak argiak dira». Bat dator Verdugo: «Kontaktu estua zer den haiek erabaki beharko dute. Guk informazioa prest izango dugu». Arazoak arazo, pozik daude ikasleak ondoan dituztelako: «Oso inportantea da ikasleak geletan izatea».
Atxurin, toki faltan
Antzeko sentsazio gazi-gozoa utzi zion atzo lehen egunak Garazi Pizarrori: «Ikasle batzuk pozik eta gogotsu etorri dira lagunak ikusteagatik, baina segurtasun neurriak nekagarriak dira haientzat, eta penatuta daude ia jolasik ez dagoelako eta ezin dutelako elkar ukitu... Egoera oso arraroa da, baina denok ohitu beharko dugu». Bilboko Maestro Garcia Rivero eskola publikoan LHko 6. mailako tutorea da. Atxuri auzoan, haur eta lehen hezkuntzako 500 ikasle inguru ditu ikastetxeak, eta bertako langileen aspaldiko kexua da espazio eta baliabide falta, Irati Lucas jantokiko arduradunak gogora ekarri zuenez: «Ezaugarri bereziak ditu eraikinak: zaharra da, eta egiturak ez du antolakuntza errazten».
Ikasgela batzuk oso txikiak dira, eta ratioak ez direnez aldatu, distantziak gordetzea «ezinezkoa» da, Pizarroren arabera: «Nire gela oso txikia da: guztiz hutsik egongo balitz, hemezortzi pertsona sartuko lirateke; altzariekin eta nirekin, distantziak ondo mantentzeko, hamalau ikaslerentzako lekua egongo litzateke. Eta 22 dauzkat». Eskolaren aurrean dagoen Lanbide Heziketako zentro bateko gela hutsak erabiltzea galdegin dute. «Hemen ikasgela batzuk libratu nahi genituen, beteen dauden mailetan hirugarren gela bat ateratzeko, eta hala, taldeak murrizteko. Baina horretarako beste lau tutore beharko genituzke. Ez dugu erantzunik jaso».
Ez da espazioarekin duten arazo bakarra. Jolastokiak ez du estalkirik, eta eguraldi txarra dagoenean, zentro barruan egin behar dute jolas ordua: «Hall-ean eta pasabideetan». Eraikinaren alboan dute Atxuriko tren geltoki zaharra, iazko irailetik erabilerarik gabe dagoena. «Jolas ordurako espazio egokia da; hori erabili ahal izatea eskatu dugu ikastetxeak eta gurasoek, baina ez digute utzi», azaldu zuen Lucasek. Jantoki zerbitzua ere bertan behera utzi behar izan dute egun batzuetarako: «Gure planean, bi espazio berri hartu genituen jantoki moduan erabiltzeko: ludoteka eta gimnasioa; baina baimen berezi bat behar dugu horretarako, ostiralean esan zigutenez. Bestela, Hezkuntza Sailaren Ordezkaritzak planteatu zigun lau burbuila elkartzea elkarrekin bazkaltzeko, bana guk ez genituen burbuilak apurtu nahi. Eta beste aukera bat zen geletan bazkaltzea, baina ez dugu begirale nahikorik, eta ez digute gehiago bideratuko».
Izatez, Eusko Jaurlaritzak iragarritako mila irakasleetatik bakarra ere ez da Atxurira iritsi. Horrekin oso haserre mintzatu zen atzo Amaia Bacigalupe, haur zaharrena ikastetxean utzi berritan: «Martxoan baino okerrago gaude orain: eskolentzako eskakizun maila asko igo da, eta baliabide gehigarririk gabe daude. Gure auzoa maila ekonomiko ertain-baxukoa da, eta hemen COVID-19aren intzidentzia tasa OMEk ikastetxeak irekitzeko gomendatzen duena baino hiru aldiz handiagoa da. Eta ez daukagu laguntzarik? Ez diete batere arretarik jarri beharrizan gehiago dituzten ikastetxeei».
Ikasturte hasieran «pilak kargatuta» egon ordez, «leher eginda» sumatu ditu langileak. Osasun publikoan aditua da Bacigalupe, eta harrituta agertu zen: «Nola da posible ez egotea osasun publikoko teknikari bat eskolei protokoloa gauzatzen laguntzeko? Erabakiez eta neurriez askoz seguruago egongo lirateke, eta gurasoak ere bai. Baina gure oraingo sentsazioa da: 'Ea zer gertatzen den'». Zer pentsatua eman behar luke kurtsoa horrela abiatzeak, haren ustez: «Gizarteek beren burua biluzten dute haurrei ematen dieten tratuaren bidez. Inork ez badu honekin lotsa galtzen, zer balio ematen diegu umeei eta hezkuntza eskubideei?».
Koronabirusa. Hezkuntza
Baliabide gehiagorik gabe, egokitu beharrean
Lantaldeak handitzeko eta ratioak apaltzeko baliabiderik ez dutela izan esan dute hainbat eskolatan ikasturte hasierarekin batera; irudimena eta ikasleak berriz aurrez aurrekoan izateko poza eta ardura dituzte hauspo, eta COVID-19 positiboren bat badute, osasun agintarien aginduetara geratuko direla diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu