Bakarraren buru jana

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

KARMELE GORROÑO.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Erreserba bat egin nahi nuke zuenenean», esan du telefonoz bestaldekoak. «Ederki; zenbat izango zarete?», galdetu du telefonoa hartu duenak. «Bakarrik joango naiz», erantzun du lotsaizunez oraindik lehenengoak. Eta hortxe sortu da buru jana bi aldeetan: bakarrik doanarenean, eta bakarra hartuko duenarenean. Erantzun posible bat: «Bikain, arazorik gabe». Ihesbide balizko bat: «Mahai bakarra daukagu libre, eta seirentzat da...».

Fikziozkoa da elkarrizketa (edo ez). Baina gertatzen ote den da galdera, eta gertatzen ari da. Jatetxe batzuk mugak ezartzen eta erreparoak jartzen ari dira otordua egitera bakarka doazenei. Katalunian gertatu da azkena, Bartzelona hiriburuan, Poble Sec auzoan. Bezero batek El Pais egunkarian kontatu du nola nahi zuen afaldu hango jatetxeren batean, ahalko balitz aire librean, liburu bat irakurriz, lasai ederrean. Eta nola esan zioten batean mahai bat bakarrik zutela libre, baina erreserbatuta. Eta nola eman zioten mahai hura bera joan orduko lau turistaz osatutako taldeari, «eseri hor lasai, libre dago», esanez. Eta nola saiatu zen hurrengoan, eta nola esan zioten baietz, baina hogei minutu zituela bakarrik esanez. Eta nola joan zen hirugarren batera, eta nola esan zioten han zuzenean: «Hemen, ezin duzu bakarrik eseri».

Ez dago araudirik, ez dago jurisprudentziarik, salaketarik eta legedirik (oraingoz). Oztopoak, mugak eta mahaikide bakarrari jarritako erreparoak dira, pandemiaren ostean eta turistifikazioari segika iritsi direnak: lehenestea turista taldearen diosala, eta haien diru zorro eta sosen itzala. «Bakarrik doan horri harrera egiten ez dion jatetxeak pentsatuko du gutxienez bi lagunekin gehiago fakturako duela. Baina hori ez da beti horrela izaten. Zuk inoiz ez dakizu zure mahaian nor eseriko den. Beraz, guztiei eman behar diezu aukera. Edo bestela, argi adierazi gutxieneko mahaia bi lagunentzat dela. Baina ez inor atzera bota, bakarra delako. Hori debekatuta egon beharko litzateke», azaldu du Ander Gonzalezek, Donostiako Astelena jatetxeko arduradun eta ETB2ko A Bocados saioko aurkezleak.



Gonzalezek kontatu du Astelena jatetxean badituztela bospasei bezero beti bakarrik joaten direnak: «Euren liburua hartuta, iPad-a hartuta... Eskatzen dutenak euren ardo botila, karta... Ezin baita dena horrela neurtu. Bikote bat iritsiko zaizu eta agian kopa bana eskatuko dute. Gu konturatuta gaude ezezko horrek ez duela ekonomikoki konpentsatzen. Gainera, gure jatetxea erdialdean dago. Jende heldu asko dago bakarrik gelditu dena, alarguna dena... eta mahaikide mota horrek ere behar du bere tokia».

Eta jarri du adibide bat. Joan den ostiralean mahaikide bakarrak egindako erreserba bat izan zuten. Gonzalez kanpoan izan zen egun hartan, baina erreportajean parte hartu behar zuela jakitun, deitu egin zuen Astelenara bezero bakar hark zer gastu egin zuen jakiteko: «82 euro utzi zituen».

Are gehiago, Gonzalezek dio ezezko horri buruzkoak «klixeak eta aurreiritziak» direla: «Ostalaritza munduan badaude halako klixe edo egindako esaldi batzuk, eta horietako bat da: 'Jatetxeek ez dituzte hartzen mahaikide bakarrak'. Eta hori ez da horrela. Nire etxean ez da horrela. Aurreiritziak dira askotan, eta albistea ematen duenak izaten ditu askotan aurreiritzi horiek».

Iritzi berekoa da Donostiako Gronx Zurriola jatetxeko arduradun Ibon Leunda ere. Eta bi fenomeno edo joera uztartzen ditu hark afera horretan: bakarrik bidaiatzea eta bakarrik jatea. «Geroz eta jende gehiagok bidaiatzen baitu bakarka, eta jaten dute gurean bakarka, eta galdetzen dute nora joan daitezkeen bakarka. Eta bidaltzen ditugu kostaldera, barnealdera... beharren arabera».

Kursaal jauregiaren parean dago Gronx Zurriola jatetxea. Leundak dioenez, bakarrarentzat, birentzat eta hortik aurrerakoentzat dituzte mahaiak «konfiguratuta». Eta gosarietan izaten dituzte bakarlari gehien. «Goizean goiz irekitzen dugu gosarietarako, eta jende piloa etortzen da bakarka gosaltzera. Eguna gosariarekin hasten dute. Working coffe deitzen diote: ordenagailua, kafea eta tostada. Horiek banaka-banaka etortzen dira. Gainontzeko otorduetan jendea bakarka etortzea ez da ohikoa hemengo jendearen artean, baina atzerritarren artean asko dira hala etortzen direnak, eta udan oraindik gehiago».

Eta Zinemaldi garaian zer esanik ez. Nola Gronx Zurriolan hala Astelenan, mahaikide bakarrak izaten dira asko bolada horretan. «Eta aldez aurretik dakigu, gainera, zer jango duten. Ordubete eskas izaten dute jateko: azpizuna plantxan eta piperrak», azaldu du Gonzalezek. Eta sukaldarien gremioari ere egin dio keinu bat, umorez: «Bakarka dabiltzan horietako asko sukaldariak izaten dira. Ez jarri izenik, baina gurera etortzen zen bat bere jatetxea asteazkenero ixten zuena eta bapo bazkaltzen zuena: bere Vega Sicilia botila, bi kubata... beste edonork baino kontu hobea uzten zuen». Eta segitu du, zirtolari: «Pentsa: mahaikide bakar horri uko egiten diozu, eta Michelin izarrak banatzen zituena zen! Ez, ez [barrez], garbi gera dadila ez dudala Michelin izarrik nahi».

Umorea bada ihesbide bat, baina kezka ere eragin du gaiak. Leunda Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko batzordeko kidea ere bada, eta onartu du gai hori, «diskriminazio modu hori», agertu dela aurtengo udako txostenetan. «Ez dut uste hemengo kasua denik, baina horrelakoak denon artean hitz egiten ditugu, eta ados geunden denok: halakorik ezin da egin. Baina bada kezka hori mahai gainean dagoenaren seinale». Gonzalezek galdetu du: «Kide bakarreko mahaia okerragoa da bi ume dituen laukoa baino? Txakurrekin hasi ginen, haurrekin gero... zer izango da hurrena?».



Beste neurri «irrigarri» bat

Rodrigo Dominguez Barradeideas.com webguneko zuzendariak ere Gonzalezen hariari egin dio tira: «Bizi dugun garaia halakoa da. Gure beharrizanen piramidea, gehiengo batek behintzat, asebeteta daukanez, orain baloratzen dena, hurrengo urratsa, esklusibotasuna da: lokal honetan ez ditugu onartzen haurrak, beste honetan ez ditugu onartzen bakarrik datozenak... halako neurri irrigarrien batura bat ari da sortzen. Eta negozioaren aldetik, horrek ez dauka inolako zentzurik».

Jatetxeen marketinean eta kudeaketan espezializatutako webgunea da Barradeideas.com. Zuzendariak argi dauka: «Nahiz eta sektore honetako kidea izan, pertsona gisa, bezero bat bakarrik doalako ez onartzea, erabat baztertzailea iruditzen zait, eta ziurrenik legezkoa ere ez da izango, eta ez da egongo jurisprudentziarik, ez duelako inork salaketa formalik egin».

Behin eta berriz errepikatu ditu «irrigarri» eta «barregarri» hitzak. Eta Dominguezi ere «argudio ekonomikoa» ez zaio balekoa iruditzen: «Jatetxe bakoitzak dauka bere batez besteko tiketa, baina ez da diru kontua bakarrik. Jatetxearen helburuak izan behar du pertsona hori jatetxetik pozik eta asebeteta ateratzea. Eta, horretarako, berdin dio bakarrik edo lagunduta datorren».

Zuzendariak gogora ekarri du «aspaldi» haien webgunean argitara emandako artikulu bat: «Jatetxe batean debekatuta dauden esaldiei buruzkoa zen. Eta horietako bat zen jatetxeko salan inoiz boz gora egin ezin den galdera bat: 'Pertsona bat bakarrik afaltzeko?'. Hausnarketa horretan zera genioen: 'Eta zer inporta du, bada?'. Galdera hori mingarria ere izan daitekeelako: bakarrik dago, baina agian ez du bakarrik egon nahi, eta zuk ez dakizun zerbait gertatu zaio... Ezeroso sentiarazi dezakezu, eta horixe da jatetxe batek lortu nahi ez duena: bezeroa ezeroso sentitzea».

Izan ere, Dominguezek azaldu duenez, badago jendea «gaizki» pasatzen duena, jendaurrean bakarrik jan behar duen bakoitzeko: «Fobia moduko bat dute: solomangarefobia. Nik neuk ere ez dut batere ongi pasatzen jatera bakarrik noanean. Egin beharra izaten dut, besterik ezean, baina ez naiz eroso sentitzen: hasten naiz sakelakoari begira, hasten naiz... Gainera, erreparoak eta mugak jartzen hasten bazaizkizu... Fobia duen horri are min gehiago egiten ari zara».

Berria da solomangarefobia kontzeptua. Italierako solo (bakarrik) eta mangare (jan) nahastu dituzte, eta bakarka bidaiatzen duten bidaiariek eta blogariek erabili izan dute bakarrik orain gutxira arte. Ez du tokirik egin oraindik hiztegietan, eta medikuntzan, baina azaltzen dituzte sintomak, txikitako traumak, bakarrik jateak izan dituen eta oraindik ere dituen estigmak, eta proposatzen dituzte konponbideak, bakardade irudi hori estaltzeko trikimailuak, eta ohartarazten dute behin eta berriz bakarrik jateak osasunean eta elikaduran eragin ditzakeen gorabehera eta desorekei buruz ere —aparte landu beharreko gaia da hori—.

Zer gertatu da, ordea? Sortu dela bere bakardadearen aldarria egiten duen mahaikide bakarra ere: bakarkako gourmeta. «Ohituta gaude gure aisia konpainian egiten. Bakarrik jaten duten gehienek hala behartuta egiten dutela uste dugu, baina ari da eredu hori aldatzen, eta geroz eta gehiago dira eurek hala erabakita bakarrik doazenak otordua egitera, otorduaz bakarrik gozatu nahi dutelako, gozatu nahi duelako gastronomiaz, esperientziaz... eta bakarrik egin nahi dute», azaldu du Dominguezek.

Eta agertu dira horregatik negozio eredu berriak: mahaikide bakarrentzat otorduak ematen dituztenak. Mahai luzeetan jartzen dituztenak mahaikideak —zortzi aulki izaten dira, asko jota—, bata bestearen aldamenean, sukaldaria aurrez aurre dutela —Japonian du jatorria tratu pertsonalizatu horrek—, eta sustatzen dute ezezagun bakarti horien arteko elkarrizketa eta ezagutza ere askotan, etxeko giroa sortu eta sukaldariaren gertutasuna bilatu. Indarra hartzen ari den eredua da.

Datu argigarriak

Eta Cover Manager enpresak emandako datuak badira horren seinale. Ostalaritzarako erreserbak sortu, saldu eta kudeatzen dituen plataforma bat da, besteak beste, eta Espainiako Estatuan egiten du lan. Azken lau urteotan mahaikide bakarrek plataforma horren bidez egin dituzten erreserbei erreparatuta, nabarmena da bakarkakoen igoera. Espainiako Estatuan: 348.549 (2020), 724.829 (2021), 1.298.696 (2022) eta 1.695.314 (2023ko abuztua arte) —%107ko eta %79ko igoerak atzematen dira—. Hego Euskal Herrikoek ere joera berbera erakusten dute: 10.064 (2020), 18.426 (2021), 34.972 (2022) eta 39.083 (2023ko abuztura arte) —%83ko eta %89ko igoerak—.

Jesus Gonzalez Cover Manager enpresako aholkulariak dio datuetan ikusten dela «goranzko joera nabarmen bat». Zortzi urteko eskarmentua dute sektorean, eta, funtsean, jatetxeek dituzten beharrizanak garatzen dituzte: «Sektoreari entzun». Lan egiten dute jatetxe xumeekin eta goi mailakoekin —Akelarre, Etxanobe, Alameda, Kokotxa, Gandarias, Perretxico, Sagartoki...—. «Eta onartuko dizut ez nuela halako daturik espero. Inguruko jendeak aitortu dit bakarka otorduak egitea ez duela oso gustuko. Beti izaten dutela halako sentsazio bat: arraro begiratzen dietela. 'Zer ote dauka bakarrik egoteko?'. Baina argi dago hori aldatu egin dela».

Bakarraren buru janik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.