Itsas zabalaz gutxi daki gizakiak oraindik; argirik ia ailegatzen ez den eremuak ezezagun zaizkio. Ur sakonetan, 200 eta 1.000 metro artean, ilun dago, eta hotz. Argi zerbait iristen da, bai, baina ez da nahikoa landareek fotosintesia egin ahal izateko. Mesopelagikoa deitzen zaio eremu horri, eta milioika izaki bizi dira han. AZTI zentro zientifiko eta teknologikoak zenbait ikerketa egin ditu itsas eremu horretan, eta, orain, erakusketa paratu du Bilboko metroaren Abandoko geltokian. Lurrazpian ikusgai dira itsas hondoko izaki batzuen irudiak.
Iluntasuna da ekosistema horren ezaugarri nagusia, eta horri egokitutako arrain eta beste izaki batzuk bizi dira han, eboluzioari esker garatu dituzten begiei esker. Badira harrapariak, eta badira arrain txikiagoak ere, goiko geruzatik erortzen dena jaten dutenak. Argia dagoen geruzan dauden landare mikroskopikoek elikatzen dute ekosistema hori. Ez bakarrik horiek jatera igotzen direlako. Hildako mikroalgak erortzean, bide horretan bakterioak eta planktona jaten duten animalia txikiak daude. Horien inguruan ekosistema handi-handi bat garatzen da: arrainak, olagarroak, txipiroi erraldoiak eta goitik bazka bila joaten diren predatzaileak (atunak, itsas elefanteak...).
Hasieran mila milioi tona arrain zeudela uste zen, munduan dagoen arrain kopuruaren erdia litzateke. Baina ez zen horrela; kalkuluak gaizki eginda zeuden, erabiltzen ziren sareak ez zirelako egokiak, arrainek eskapu egiten baitzuten. Malaspina kanpainak beste datu batzuk eman zituen argitara: «Askoz gehiago daude; ez dakigu zehazki zenbat, baina hamar milioi inguru, bai», azaldu du Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoak. Berak ikerketa hauetan parte hartu du. «Horrek interes handia piztu zuen, eta proiektuak aurrera atera ziren».
Arrantzatzeko aukerak piztu zuen itsas zabala ikertzeko gogoa, Irigoienen ustez. Proiektu horietako bat da Summer, AZTIk koordinatzen duena. Irigoien da proiektuko arduraduna, eta, esan duenez, bi erronka nagusi dituzte: batetik, arrain kopurua zehaztea, eta, horretarako, protokolo batzuk garatzea. «Zehaztu behar dugu zein akustika erabili, zer sare mota, zer metodo... eta gero bakoitzak bere herrialdetik joan beharko luke neurketak egitera». Bigarren erronka da jakitea zein den arrain hauek ekosisteman duten funtzioa.
Ilunetan ibili zaleak dira. Gauez gehienak itsas azalera igotzen dira elikagai bila, eta, eguna argitzerako, itsas hondoan murgiltzen dira, ez ditzaten harrapatu. Haiekin batera, CO2a eramaten dute goiko geruzetatik hondora. Izan ere, CO2a hartzen duten mikroalgak geruza horretan daude, eta, hiltzen direnean, ez dira agudo hondoratzen. «Mikroalgek beste animalia batzuk jaten dituzte; gehienak kopepodoak zooplanktonak. Igotzen diren arrainek zooplanktona jaten dute, eta hondora eramaten dute. Beren eskrezioa —kaka, pixa eta nutriente guztiak hor behean egiten dute». Alegia, migrazio bertikalaren bidez, bestela oso poliki hondoratuko zena, egun bakarrean mugitzen dute itsas azaletik hondora: karbonoa eta nutrienteak.
Egunero kilometro bat gora eta behera egiten dute arrain horiek. «Guretzat ez da hainbeste, baina oso arrain txikiak dira, zentimetro gutxikoak. Egin ditugun kalkuluen arabera, egunero maratoi bat egitea bezala litzateke haientzat. Munduko animalia biomasarik handiena maratoi bat egiten ari da egunero», kontatu du Irigoienek.
Arrain horien artean ezagunenak antxoa beltzak dira (Myctophidae). Espezie asko daude, eta bioluminiszenteak dira. Eremu mesopelagikoan bizi diren animalia gehienek fotoforoak dituzte, argia sortzeko organoak. Hala ere, ikertzaileek ez dute argi zertarako erabiltzen duten. «Pentsatzen dugu komunikatzeko erabiltzen dutela. Oso barreiatuta daudenez, argi horrek balio dezake batak bestea aurkitzeko».
Ez hori bakarrik: harrapariak nahasteko erabiltzen dituztela uste dute, gehienek beheko partean dituztelako fotoforoak. Goitik begiratuta, itsasoa iluna da, eta arrainak ilunak izaten dira; baina beheko aldetik argia ikusten da. Beheko partea zuria bada, predatzaileek ez dituzte ikusten. «Arrain pelagiko guztiak: atunak, marrazoak, antxoak eta sardinak... denak dira goiko aldetik ilunagoak eta beheko aldetik argiagoak. Mesopelagikoek argia ere sortzen dute, predatzailea despistatzeko».
Bestalde, Irigoienek gogorarazi du arrain batzuek argia erabiltzen dutela besteak harrapatzeko: «Zapoak argitxo bat du beste arrainak erakartzeko eta jateko. Eboluzioak bere bideak dauzka». Arrainak ez ezik, hondoan bizi diren organismo asko dira bioluminiszenteak: txipiroiak, planktonak...
Argitasun bila
Itsas zabala ezagutzeko, ikerketa lan handia egin behar da oraindik. «Inoiz ez zaio garrantzihandirik eman. Hemendik kilometro batera ez dakigu zer dagoen, eta, segur aski, gehiago dakigu Ilargiaz edo Martez», kexu da Irigoien. Ikerlariak azaldu duenez, joan den mendean hasi zen ikerketa; Bigarren Mundu Gerra bitartean. «Alemaniarren urpekariak hautemateko zundak erabiltzen hasi ziren. Oihartzun bat ikusten zuten, eta konturatu ziren egunez oihartzun hori hondoan zegoela, eta, gauez, igo egiten zela».
Hala ere, orain izan du bultzada handiagoa ikerketak. Ustiaketa dute batzuek buruan, baina Irigoienek ohartarazi du ezer baino lehen ikerketa egin behar dela. Izan ere, arrain mesopelagikoek CO2a hondora eramaten dute, eta beste arrain batzuen bazka dira; besteak beste, atunarena. «Ez dakigu zer gertatuko litzatekeen, baina posible da arrain tona batzuk izateko CO2aren arazoa handitzea, edo jango ez ditugun arrainak arrantzatuz, beste batzuk galtzea».
Orain arteko emaitzez aritu da AZTIko ikerlaria: «Oraingoz, badirudi ekonomikoki ez duela merezi arrantza hori egitea, ematen dizkiguten zerbitzuak dirutan gehiago direlako arrantzak emango lizkigukeenak baino. Hala dirudi, baina oraindik lan asko egin behar da datu zehatzak izateko». Oraingoz, lortu dute arrain mesopelagikoak zenbatzeko protokolo batzuk ezartzea, eta horiek zabaldu nahi dituzte, tokian toki haien neurketak egin ditzaten.
Lau tresna nagusi erabiltzen dituzte itsas hondoan diren arrainak kontatzeko: akustikoa, sareak, inguru DNA eta arrautzen metodoa. Arrantzontziek ez ezik, arrainen zientzian ere erabiltzen dira seinale akustikoak: soinu bat bidali, eta arrainak oihartzuna sortzen du. AZTIkoek erabili beharreko frekuentzia eta metodoa zehaztu dute. Bestalde, sare egokiak sortu dituzte, arrain txikiak ere harrapatzeko gai direnak.
Ingurumen DNA da metodorik berriena. Arrainek, edozein animaliak bezala, arrastoa uzten dute: ezkatak, mucusa, azala... Ura hartu, iragazi, eta leku horretan dauden espezieak zein diren ikus dezakete arrastoei esker. «Hori konpara dezakegu sarearekin, eta ikusten dugu ea sarea ondo ari den lanean edo ez». Azkena, arrautzen metodoa da, AZTIk denbora luzez antxoa kopurua neurtzeko baliatu duena. Horrek ere balio du arrain mesopelagikoentzat, arrautzak «erraz» harrapa daitezkeelako. «Sareekin hartzen dugu ura, eta zenbatzen ditugu arrautzak. Jakinda eme bakoitzak zenbat arrautza jar ditzakeen, zatiketa egin, eta badakigu zenbat eme behar diren». Arrak hainbeste izanen lirateke.
Teknologia eta gogoa badute, baina babesa beharko dute halako ikerketek. AZTIkoek ur sakonetan murgildurik jarraituko dute, hondoan bizi den mundua hobeki ezagutzeko. Hori da gizakiak ustiatu gabeko azken eremua. Ur ilun horietan, argi printza bat paratu nahi dute.
Itsaso ilunean, argia
Arrain mesopelagikoak aztertzen dihardu AZTI zentro teknologikoak; 200-1.000 metro arteko itsaso geruzan bizi direnak, alegia. Animalia horiek lan garrantzitsua egiten dute: CO2a itsas sakonera eramaten dute. Haien errolda egiteko protokoloak zehaztu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu