Perseverance deitutako rover edo robota Marten da orduz geroztik, eta informazio anitz bildu dute planeta gorria hobeki ezagutzeko. Robot horretako pieza batzuk EHUko taldeek diseinatuak dira, eta hortik bildutako datuak aztertzeaz ere arduratu dira. Orain, 2028ra begira daude, orduan hasiko baita Marten bildutako zenbait lagin Lurrera ekartzeko misioa. Uste dute 2030ean lagin horiek bertatik bertara aztertzeko aukera izanen dutela.
Aurkezpena Bilboko Bizkaia aretoan egin zuten, atzo. Agustin Sanchez-Lavega EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak, Juan Manuel Madariaga Ibeako zuzendariak, Eva Ferreira EHUko errektoreak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu zuten hitza. «Mars 2020 misioak sona eman dio espazioko misioetan dugun parte hartzeari», esan zuen Sanchez-Lavegak. Izan ere, NASA AEBetako espazio agentziak haien MEDA tresna onartu zuen, 67 proposamenen artean.
Martera bidalitako robotak zazpi tresna zientifiko konplexu ditu, eta horietako bat da MEDA. Askotariko sentsore meteorologikoen sistema bat da, eta tenperatura, presioa, hezetasuna, haizea eta abar neurtzeko gai da. «Eguzki sistemako planetetako atmosferen fisika ikertzen dugu. Esan liteke planetetako meteorologo modukoak garela», esan zuen Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak.
Sentsore akustikoetatik eskuratutako datuei esker jakin dute nolakoa den Marteko Jezero kraterra: «Leku idorra da, hautsez betea; han, haizeak zurrunbiloak sortzen ditu. Zenbaitetan, ufada biziz jotzen du, eta atmosferan hauts ugari sartzen da». Iazko urtarrilean, hauts ekaitz erraldoi batek robotaren haize sentsoreetako bat jo, eta kalte egin zion. Horregatik, jarraipena egin behar da.
Jasotako datuak aztertuta, planetaren atmosferaren ezaugarriak zehazten ari dira. «Meteorologia oso aldakorra da, eta askotarikoa. Egin ditugun artikulutan erakutsi dugu nola aldatzen den presio atmosferikoa estazioen zikloan, karbono dioxidozko kasko polarren urtzegatik. Bestalde, tenperatura asko aldatzen da, 80 graduraino egunetik gauera», azaldu zuen Sanchez-Lavegak. Ikerketa horiei esker, hango eguraldia eta klima iragartzeko ereduak hobetuko dituzte.
Laginak biltzen
Roverraren beste tresna bat Super Cam da, gaur egun dagoen sistema espektroskopikorik konplexuena urrutiko analisiak egiteko eta laginetara modu multianalitikoan hurbiltzea lortzeko. Talde horrek datuak aztertzen ditu, eta robotari aginduak ematen dizkio operazio gelatik. Kamerak erabiliz aukeratzen dute zer gune edo zer arroka diren interesgarriak aztertzeko. Zer jaso eta zer ez erabaki ahal izateko, Marteko meteoritoen lagin milimetrikoak dituzte, batetik, eta Lurreko analogoak, bestetik.
Arroketan zentimetro bateko zuloak egiten dituzte; analizatu, eta lagin gisa egokiak direnetz erabakitzen dute. Madariagak esan zuen hamabost lagin bildu dituztela: arroken hamalau lagin eta atmosferaren lagin bat. Bildutako laginak 2030ean ekartzea espero dute. Ordurako laborategia prestatzen ari dira dagoeneko.
Ehunka milioi urtez urez beteta egon ondoren, ez dute arroka sedimentarioen hondakinik aurkitu Jezero kraterrean, baina bai arroka igneoak, gutxienez hiru gertaera bolkanikotakoak. Arroka igneo horien barruan gatzak detektatu dituzte. Alderaketa garrantzitsua da, Madariagak nabarmendu zuenez. Horretarako Marten aurkitu daitezkeen elementuen analogoak bilatzen dituzte Lurrean. «Misioa prestatzen, bi analogo posible proposatu ditugu. Jezero kraterrean hartutako irudietan, lur bolkanikoak ikusten dira, eta, zuriz, barruan sartu diren gatzak. Armintzako eta Meñakozko irudiekin alderatuta, oso antzekoak dira. Orain, kimikoki demostratu behar dugu antzeko formazioak direla».
Super Cam tresnarekin Marten dagoen soinuaren abiadura neurtzeko aukera ere izan dute, lehenbiziko aldiz, mikrofonoak jasotako informazioa erabiliz.
Aurrera begira
Arestian aipatu bezala, 2028an abiatuko da Laginen Itzulera Misioa, baina, atzo esan zutenez, 2030era arte ez lirateke ailegatuko. Lagin horiek suntsitu gabe aztertzeko gaitasuna du Ibearen laborategiak, irudi teknika espektroskopikoak erabiliz; horregatik parte hartuko du misioan. Aurretik Venus Express eta Mars Express misioetan ere aritu da Zientzia Planetarioen Taldea, eta horietan lanean jarraituko du.
Beste misio batzuetan ere sartuko dira. Apirilaren 14an Europako Espazio Agentziaren JUICE misioa jaurtitzeko asmoa dute, Jupiterrera eta haren satelite nagusietara bidean. Planeta esploratzeko, ikerketa taldeko kideak arduratuko dira Janus kameraz eta Majis kamera espektralaz.
Erakundeen babesa
Aurkezpenean, erakunde nagusien ordezkariak egon ziren, Mars 2020 misioan egindako lanari babesa agertzeko. Ferreiro kontent agertu zen EHUko taldeek misioan izandako parte hartzeagatik. «Eredu zarete ikerketa hauen bikaintasunarengatik», esan zuen. Nazioarteko elkarlanari balioa eman zion errektoreak, eta gogoratu Zientzia Planetarioen Taldeak eta Ibeak «oso urrutira eraman» dutela EHU. Urkullu lehendakariak ere esker ona adierazi zien, eta zientzia gizarteratzearen garrantzia nabarmendu: «Zientzian eta berrikuntzan inbertitzen jarraitu behar dugu».