Azokaren erroak eta erronkak

Urteak dira Durangoko Azokaren eredua eta aurrekontua egonkortu direla, baina etorkizunera begira dituen erronkei erreparatzeko talaia bat ematen du gaur hasiko den 54. edizioak. Publikoaren espezializazioaren neurrira egokitzen eta herrira zabaltzen asmatzea ditu egitekoen artean.

Atzo erakusmahaiak muntatzen eta atontzen aritu ziren diskoetxe eta argitaletxeetako kideak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Urteurren borobilek eman ohi dioten harrabotsik gabe hasiko da gaur Durangoko Azokaren 54. edizioa, eta 405 nobedade eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago hartuko ditu igandera arte. Beste edizio bat. Baina akaso horregatik beragatik garrantzitsu. Azken urteetan erabat egonkortu baita zortzi gunetan adarkatzen den azokaren eredua, gainditua baitirudi aurrekontuaren inguruko tirabirak, eta ezarri samar baitirudi 100.000 bisitariko langak. Proposamen errotua da jadanik, baina erronka sorta bat ere badu aurrean. Eta, urtez urte, zarata handirik egin beharrik gabe, haiei erantzuten joatea izango da etorkizunerako bermea. Edizio bat gehiago baino ez diren edizioetan, alegia.

ESPEZIALIZAZIOA

Dibertsifikazioa da erronketako bat. Pixkanaka espezializatuz joan da azokako eskaintza, eta publiko mota bakoitzak bere azoka propioa topatzea izango da eginbeharretako bat. Horrekin lotuta dago Landako guneak aurten izango duen itxuraldaketa. Azken 30 urteotako plastiko zurizko standak baztertu, eta egurrezkoak izango dira aurrerantzean Landako guneko mahaiak. Baina ez da aldaketa kosmetiko hutsa: material aldaketarekin batera, seinalizazio sistema ere berritu nahi izan dute Gerediaga elkarteko kideek, eta horrek erraztu egingo dio bisitari bakoitzari nahi duena topatzea.

Orokorra da joera. Uxue Alberdik idatzitako Kontrako eztarritik liburuan ere aipatzen dute, adibidez, bertso mundurako sarbideak ugaritu egin direla, eta seguruenik dibertsifikazio horri erantzun beharko diola bertsolaritzak aurrerantzean. Zaletasun taldeen arabera eraiki beharko dituela ateak, alegia. Eta antzeko ataka bizi du kulturgintzak ere, orokorrean. Aurreko astean plazaratu ziren Kulturaren Euskal Behatokiak kultur kontsumoari buruzko datuek ere hori uzten dute agerian. Lagun taldea da euskarazko kultur produktuak kontsumitzera joateko bigarren arrazoi nagusia, euskararekiko konpromisoaren ondoren. Taldeen neurrira aritu behar.

Adibideak badaude. Andra.eus webguneak, esaterako, Durangoko Azokarako gida feminista kaleratu du, programan urtuta doazen proposamen zehatzak bistaratzeko, eta zerrenda ere osatu dute zuzenean arituko diren emakumezko sortzaileen emanaldiekin.

Eta ez da kasu soltea. Bada bere bisita Ahotsenean edo Plateruenan dauden emanaldien arabera antolatzen duenik. Euskal kulturan indarra hartuz doan eztabaidaren baten atzetik heltzen da azokara beste bisitari sorta bat: Szenatokia, Kabi@, Saguganbara, Irudienea... Hasia du bide hori azokak.

Alabaina, Landako gunetik zenbat eta gehiago urrundu,orduan eta ezezagunago da proposamena publikoarentzat. Gerediaga elkarteak eta Siadeco ikerketa etxeak 2016. urtean egindako ikerketak zehazten zuenez, adibidez, azokara joaten diren hamar bisitaritik seik ez dute Saguganbara, Szenatokia eta Irudienea guneen berri. Apenas dauden 700 metro elkarrengandik apartatuen dauden bi guneen artean, eta, halere, amildegi bilakatzen da distantzia hori.

Seinalizazioa eta programa zorroztuz hasi da azoka bi alor horiek kontuan hartzen.

DURANGORATZEA

«Durango hiria». Hitz batuketa hori egia bilakatzea da azokaren beste erronketako bat. Oraindik ere Landako gunea da azokaren bihotza, eta Ahotseneak ere aspaldi lortu du zentraltasuna, baina hortik harago joatea izan da azken urteetan Gerediaga elkartearen asmoa, eta horregatik asmatu zuten kontzeptua 2014. urtean. Herri osora zabalduko zen azoka bat irudikatzeko. Durango hiria.

Geroztik, urtez urte eman dituzte urratsak norabide horretan, eta metroz metro joan da azoka lurra irabazten. Aurtengoan, adibidez, Bartolome Ertzilla musika eskola ere programaren parte bilakatu dute, eta, horri esker, esparru handiagoa irabazi du programak. Baina ez da metro koadroen kopuru kontua soilik; lehen aipatutako dibertsifikazio beharrari dagokionez, nolako metroak irabazten diren ere bada garrantzitsua.

Ikusi beharko da gune berriak lortzen ote duen Landako gunearen inguruko amildegi moduko hori gainditzea, baina oraingoz Gogoetaren Plaza izeneko programako solasaldiei tempo patxadatsuagoa eskaini ahal izango dien beste espazio bat lortu dute arduradunek.

Inguruko erakundeekin aliantzak lotuz joatea izango da beste gakoetako bat. Eta, adibidez, azokak arte mundura ere zabaldu du eskaintza azkenaldian. Durangoko Arte eta Historia museoak ere azokarekin batera antolatu izan ditu erakusketak aurreko urteetan. Aurten, esaterako, Albrecht Duerer margolari ezagunaren grabatu originalak ikusteko aukera ere izango dute bertan azokara bisitan doazenek.

IRLA IZAN

Irla bat. Oasi bat. Parentesi bat. Burbuila bat. Arnasgunea. Erreserba bat... Hamaika metafora erabili ohi dira Durangoko Azokak euskal kulturan duen inpaktua deskribatzeko. Baina irudi horiek baikorragoak edo ezkorragoak izan, beti deskribatzen dute salbuespen egoera moduko bat. Gutxitan lortzen baitu euskal kulturak Durangon besteko dentsitaterik eta masa kritikorik. Eta urte osoan nagusi den ikusezintasunarekin nabarmen egiten du kontrastea horrek.

Dentsitate horren datu zehatzak eman zituzten Gerediaga elkarteak eta Siadeco etxeak 2016an egindako azokari buruzko ikerketan. Bertan zehazten zenez, euskaldun kopuru osoaren %12 pasatzen dira egunotan Durangotik, eta euskaldunak dira, gainera, bisitari gehienak. Arnasgune efimero bat, nahi bada, baina arnasgune bat, halere. Eta azokak euskaldunen komunitatean dituen erro sendoak erakusten ditu horrek. Baina kopuru horrek badu bere ifrentzua ere. Siadeco etxeko arduradunek egindako kalkuluen arabera, Euskal Herriko biztanleria ez-euskaldunaren %0,5 baino ez baita joaten Durangora. Eta horregatik aipatu izan dute kristalezko sabai moduko bat Gerediaga elkarteko kideek.

Eta funanbulismo horretan dago azokaren beste erronketako bat: nola mantendu edo areagotu euskaldun nukleo hori, aldi berean euskararik ez dakien jendea erakartzea lortuz?

URTE OSORAKO DURANGO

Ez dira gutxi barrurantz itzulitako arantzak, halere. Elkar fundazioak duela urte eta erdi egindako kultur kontsumoari buruzko ikerketak argi erakutsi zituen euskal kulturaren mugak. Izan ere, datuen arabera, hiru euskaldunetik bik ez du inoiz euskarazko libururik irakurtzen, eta bost euskaldunetik bakarrak soilik irakurtzen du euskarazko paperezko prentsa. Adibidez.

Beste ikerketa bat ere badute bidean Gerediagak eta Siadeco etxeak; azokak euskal kulturaren industrian duen eraginari buruzkoa da azterketa kasu horretan. Igandean emango dute argitara. Emaitza horiek ere balioko dute Durangok alor horretan dituen eginbeharrak gardenago identifikatzeko, baina, zain egon beharrik gabe ere, argi dago udazkenean Durango izaten dela euskal kultur industriaren hauspo nagusia, eta haren atarian egiten diren nobedadeen aurkezpenen kopuru handiari erreparatzea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Salmentek eta erosketek azoka egunetan egiten duten gailurrak, ordea, argi erakusten du azoka egunetatik kanpo zer-nolako zailtasunak dituen euskal produkzioak jendearengana iristeko. Eta, horregatik, agian, urte osoko egutegian urtuz, Durangoko Azokak egun Durangoko Azoka dena izateari uztea da Durangoko Azokaren sakon-sakoneko erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.