Kultur sorkuntza, feminismotik

Euskal kultura kritika feministaren ikuspegitik lantzeko graduondoko bat jarri dute martxan UEUk eta EHUk elkarlanean: 'Euskal kultur sorkuntza eta kritika feminista. Ikerketa, irakaskuntza eta kudeaketa'. Urrian abiatuko da lehen ikasturtea, eta ekainaren 5era bitarteko epea dago izena emateko.

Ezker-eskuin, Haizea Barcenilla, Iratxe Retolaza, Amaia Serrano eta Ibon Egaña. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Edozein transmisio ekintza kokapen eta ikuspegi jakin batetik egiten dela; eta euskal kultura aztertzeko ikuspegia teoria feministatik birpentsatzea beharrezkoa dela. Hala uste dute Haizea Barcenillak, Iratxe Retolazak, Amaia Serranok eta Ibon Egañak. EHUko irakasleak dira laurak, eta, diziplina ezberdinak lantzen eta ikertzen badituzte ere, egitasmo berak bildu ditu: UEUk eta EHUk bultzatuta, Euskal kultur sorkuntza eta kritika feminista. Ikerketa, irakaskuntza eta kudeaketa graduondokoa jarri dute martxan. 2019-2020ko ikasturtea izango dute estreinakoa, eta, azaldu dutenez, bi urterik behin eskainiko dute, «Huheziko EKT Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren ikasturte eskaintza errespetatzeko». Bi urterik behin eskaintzen da EKT; beraz, hura egiten ez den urteetan eskainiko dute aurkeztu berri duten graduondokoa.

Urrian abiatuko da lehen edizioa, eta ekainaren 5era bitarte izango da izena emateko epea. EHUko webgunean dago matrikulazioari buruzko informazio guztia. «Graduondokoaren xedea euskal kultura lantzea da, baina ikuspegi zehatz batetik: kritika feministaren ikuspegitik». Aurrez aurreko saioak eta online egitekoak uztartuko dituzte, eta teoria feministan eta euskal kulturgintzan arituak eta adituak diren hamaika lagun ariko dira irakasle.

EZAGUTZA ETA IKUSPEGIA

Ikuspegia gakoa dela dio taldeak; eta behin eta berriz egin dute indar horretan. «Gizartearen eraikuntza bezala, kulturarena ere heteropatriarkatuak zeharkatzen du, eta generoaren zantzuak modu askotan agertzen dira kultur sorkuntza guztietan. Egin nahi dugun irakurketa feminista da; ikuspegi horretatik irakurri nahi dugu guk euskal kultur sorkuntza».

Graduondokoan parte hartzeko behar diren osagaiak aletu dituzte jarraian: «Euskal kulturari buruz gehiago ikasteko eta gogoetatzeko gogoa eta kritika feministatik egiten den irakurketan murgiltzeko nahia; profil hori bete beharko dute ikasleek». Moduluka antolatu dute graduondokoa, eta, zehaztu dutenez, komunak diren edukiak aztertu ondoren, hiru adarren artean aukeratu beharko dute ikasleek: ikerketa, kultur kudeaketa eta bigarren hezkuntza.

EZAGUTU, EZAGUTARAZTEKO

Irakaskuntza sisteman euskal kulturaren transmisioa «hankamotz» ote dagoen, aspaldikoa da kezka, eta irakasleak trebatzeko ere baliatuko dute graduondokoa. Horixe baita, laukotearen arabera, lehen oinarria: edozein irakaslek izan behar luke euskal kultur sorkuntza kritikoki interpretatzeko gaitasuna. «Bi helduleku behar ditu irakasleak horretarako: bata, produkzio hori ezagutzea, eta bestea, sorkuntza horrekiko jarrera kritikoa izateko baliabideak eskura izatea». Bada, bi ardatz horiei helduko dietela azaldu dute.

Gaur egun transmititzen den kulturari kezkaz begiratzen diote. «Irakasleek, askotan, literatur obra batzuek ikasleen artean arrakasta izan dutela adierazten digute, baina obra horiek transmititzen dituzten genero irudikapenak eta balio sozialak ez dira auzitan jartzen». Euskal kulturari buruz egiten den lanketan generoaren begirada txertatzea beharrezkoa dela uste dute horregatik. «Ikasleak berdintasunean hezteko eta irakurketa kritikoan gaitzeko modurik egokiena kritika feministaren bidez egitea da».

ERAGILEAK SORTZEA XEDE

Eragitea eta eragileak sortzea da graduondokoaren helburuetako bat. Ikasgeletako gogoetak eguneroko praktiketan txertatzea nahi dute. «Gogoetarako esparru izan nahi du, baina, gogoeta horretatik abiatuta, kulturaren sorkuntzan, kudeaketan, transmisioan, ikerketan eta hezkuntzan ariko diren eragileak formatu nahi ditugu».

Nork bere lanbidetik edota herrigintzatik irakaskuntzan jasotakoa gizarteratzea da, beraz, asmoa. «Batzuk beren lanbidean ariko dira: irakasle gisa, kultur teknikari gisa edo ikerkuntzan. Beste askok, berriz, herrigintzan jardungo dute: mugimendu feministako kideak, kultura programatzaileak edota elkarteetako kideak. Gizarte eragile izan nahi du graduondokoak, esku hartzea eta gogoeta kritikoa egunerokotasun desberdinetara eramanez».

ASKOTARIKOA

Hiru modulu bereizi dituzte graduondokoan. Lehen blokean, euskal kulturaren ibilbide historikoa aztertuko dute, genero ikuspegitik. Bigarrenean, diziplinaz diziplina izan diren ekarpen feministak aztertuko dituzte. Hirugarrenean, berriz, zein adarretatik jo aukeratu beharko dute ikasleek: ikerketa, kultur kudeaketa edo Bigarren Irakaskuntza. Ikerlari eta aditu andana bilduko ditu graduondokoak; askoren artean, Miren Artetxe, Leire Lopez, Iratxe Fresneda, Amaia Alvarez, Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez, Ibai Iztueta eta Haizea Galarraga izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.