Correismoa faborito Ekuadorko presidentetzarako lehen itzulian

Zortzi hautagai lehiatuko dira gaur. Hautagai bakar batek botoen erdiak baino gehiago lortu ezean, bigarren itzulia egingo dute. Azken asteetan lau politikari hil dituzte, tartean Fernando Villavicencio

Ekuadorko presidentetzarako hautagai eta Eraiki Mugimendua alderdiko kide Christian Zurita, hauteskunde kanpainako ekialdi batean, Quiton. JOSE JACOME / EFE.
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Hauteskunde eguna da gaur Ekuadorren. Asanblea Nazionaleko diputatuak aukeratzeaz gain, zortzi hautagaitza lehiatuko dira presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian. Inkesten arabera, Herritarren Iraultza alderdi ezkertiarreko hautagai Luisa Gonzalez da lehen indarra izateko faborito; Rafael Correak zuzentzen du alderdi ezkertiarra, 2007 eta 2017 bitartean Ekuadorko presidente izandakoak. Bestetik, Andres Arauz da presidenteordetzarako Gonzalezen kidea. Azken hori Itxaropenaren Aldeko Batasuna plataforma politikoaren hautagaia izan zen 2021eko presidentetzarako bozetan: alderdi horrek barne hartzen zuen Correarena.

Lehiakide batek itzuli bakarrean irabaz ditzake bozak, baldin eta baliozko botoen %51 lortzen baditu edo, %40 eskuratuta, bigarrenari hamar punturen aldea ateratzen badio. Hortaz, ez dago argi lehen bozketan erabakiko ote den presidentea edo, 2021ean bezala, bigarren itzulia egin beharko ote den. Ez dago argi Correaren aldeko alderdiek lehen itzulian irabaziko duten ere. Irabazi ezean, hau izango da galdera nagusia: ea 2021eko egoera berean egongo ote diren berriz. Hain zuzen, orduko hartan oposizioaren gehiengoa batu egin zen correismoaren garaipena eragozteko. Lehen itzulia Arauzek irabazi zuen, botoen %32,72 lortuta; jarduneko presidente Fernando Lasso bigarren postuan geratu zen, botoen %19,74rekin. Bigarren itzulia, ordea, Lassok irabazi zuen, botoen %52,6 erdietsita.

2025 arte agintean egongo den presidenteak erronka nagusitzat izango du segurtasuna hobetzea. Lau politikari hil dituzte azken hilabeteetan, azkena joan den astelehenean. Haien artean da Fernando Villavicencio presidentegaia. Sikario talde batek abuztuaren 9an hil zuen Eraiki mugimenduko politikaria, Quiton, hauteskunde kanpainako ekitaldi baten ostean.

Ikusi gehiago:Etorkizuna erabakitzear
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.