Australiak badaki zerbait bumeranari buruz, baina Queensland estatuko gobernuak ez dio erreparatu efektu ezagunari Carmichaelgo ikatz meategi erraldoiari buruz erabaki duenean. Koral Hesi Handia eta Dongmabulla Springseko oasi sarea arriskuan jarriko ei dituen jarduerak ez du dagoeneko lege oztoporik martxan jartzeko. Australiako ikatz meategirik handiena litzatekeena oso gertu dago.
Iazko urrian, Australiako Gobernuak berretsi egin behar izan zuen Parisko Ituna bete egingo zuela. Isurketak txikitzeko neurri zehatzak ez hartzeagatik kritika andana jaso zuen Scott Morrisonen gobernuak, eta auzitan zegoen zein izango zen Australiaren jarrera.
Zalantzak izugarri ugaritu dira, ordea, jakin ondoren Carmichaelgo ikatz meategia zabaltzeko baimena eman duela Queenslandeko Gobernuak. Australiako ikatz meategirik handiena litzateke jardueran hasiko balitz. Aurreikusi dute 90 urtean emango lukeela ikatza, eta ez nolanahiko kantitatea: 60 milioi tona urtero. Australiak, beraz, munduko ikatz esportatzaile handienen podiumean jarraituko luke urte askoan. Deskarbonizazioan aurrera egitea ez da batere erraza izango mundu zabalean, bistan da.
Lur azpiko uren inguruko kudeaketa izan da Adani Indiako multinazionalak gainditu duen azken oztopoa, eta haren ametsa gertuago dago, beltza izan ala ez. Ingurumen inpaktuari dagokion txostena onartu egin du administrazioak, eta, modu horretan, zortzi urte iraun duen tramiteen prozesua amaitu da.
Ikatz aurkikuntza egin zenetik, talde ekologistek eta zientzialari gehienek balizko meategia ustiatzearen arrisku handiak azpimarratu dituzte. Hasteko, Doongmabullako hezegune preziatua suntsituko luke ikatz meategiak, haien ustez. Abbot Point portuan ontziratuko lukete energia kutsakorraren iturria mundu zabalera esportatzeko, eta horrek Koral Hesi Handia ere larriki kaltetu dezake, Australiaren altxorrik handienetako bat.
Bi edo hiru gradutik gora
Urte erdi baino pixka bat gehiago joan da Melissa Price Ingurumen ministroak Parisko Itunaren inguruko agerraldia egin zuenetik. «Gobernuak 2005eko isuriak %26-28 inguru murriztuko ditu 2030erako, helburu globala lor dadin», esan zuen. Artean, asko ziren zalantza egiten zutenak Canberraren jarreraren inguruan, baita Australiako Klimaren Kontseiluko zuzendari Martin Rice ere: «Gainontzeko herrialdeak Australiaren ikuspuntuarekin ariko balira klima aldaketa geratzeko, bi gradutik gorako beroketa globalera joango ginateke, agian hiru gradukora; maila hori ezingo lukete kudeatu munduko komunitate gehienetan».
Ikatz meategi erraldoia kudeatuko lukeen konpainiak, ordea, enpleguen inguruko promesa handia egin du. Adanik dio 1.500 enplegu zuzen baino gehiago sortuko dituela, eta meategiaren eraikuntzaren epean beste 6.750 sortuko direla. Carmichael negoziorako iturri dela badaki Canberrak, baina zuhur jokatu behar duela ere bai, oposizio sutsua duelako aurrez aurre.
Meategiak baimena duela jakin ondoren, Klimaren Kontseiluak gogor kritikatu du Scott Morrisonen gobernua. «Hondamendi klimatikoa da; hain zuzen, ikatza erretzeak eragiten du klima aldaketa. Ezin dugu ikatz jardueran aritu eta klima segurua eduki; hori da pasatzen dena». Kontseiluko kide Amanda McKenzieren hitzak argiak izan ziren atzo.
Gobernuak 2015ean eman zion baimena Adani enpresari Carmichael ustiatzeko, baina 36 baldintza ezarrita. Epaitegiek proiektua gerarazi zuten, besteak beste, faunarentzat arriskuak daudelako.
Baldintzetako bat da Adanik onartu behar duela 31.000 hektareako eremuan «aditu independenteen» aholkuak gauzatzea. Doongmabulla Springseko hezeguneko animaliak babesteko eta ikertzeko derrigortasuna luke Indiako enpresak.
Ikatza oparo Australiarentzat
Australiako administrazioak Carmichael zabaltzeko baimena eman du, munduko ikatz meategi handienetako bat. 60 milioi tona ikatz ekoitziko dituzte urtero, 90 urtez, eta gehiena esportaziorako. Proiektuak arriskuan jarriko lituzke Koral Hesi Handia eta Doongmabullako hezegunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu