Koronabirusa

Sozietate eta errenta zergak igotzea proposatu du Confebaskek

Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Zorpetzea beste erremediorik ez da izango krisitik ateratzeko, Confebasken ustez. Krisiaren aurretik aurreikusi zen gastu publikoa eta «euskal gizarte osoak aurrera egin dezan hartu beharko diren aparteko neurri guztiak finantzatzeko» balio beharko du zor horrek. Gastu hori finantzatzeko, errenta eta sozietate zergak igotzea proposatu dio patronalak Jaurlaritzari, «beti gehien eman dezakeenak gehien emateko printzipioari jarraituz». Proposamena «herrialdearekiko eta pertsonekiko konpromiso zintzo bati dagokio, jabetuta ahaleginek krisia ondoen jasaten ari direnen bizkar egon behar dutela, enpleguak eta mozkinak mantentzen dituztenen eta errentarik handienen bizkar».

Errekarguak «behin-behinekoak eta finalistak» izango lirateke, hots, zuzenean Jaurlaritzaren kutxara joango lirateke, hark krisiaren faktura ordaintzeko jaulki beharko duen zorra eta hartu beharko dituen maileguak itzultzeko. Confebaskek azaldu du ez dela horrelako neurri bat hartzen den lehen aldia —1983ko uholdeen kalteei aurre egiteko zerga igoera gogoan—, eta Europako beste herrialde batzuetan egin izan direla horrelakoak, hala nola Alemania batu zenean.

Proposamen zehatzak

Confebaskek, Adegik, Cebekek eta SEAk elkarrekin Jaurlaritzari bidalitako agiriak finantzatu beharrekoak aipatu dituzte. Batetik, «eusteko» neurriak leudeke: likidezia lerroak enpresa txikientzat eta autonomoentzat, eta errentak kalterik handiena izan duten kolektiboentzat. «Suspertzeko» neurriak ere proposatu ditu: «Akuilatzea tokiko kontsumo ondasunen euskal barne eskaria eta inbertsioa Euskadin»; enpresen nazioartekotzea sustatzea, eta zailtasunak dituzten enpresa bideragarriak erreskatatzea.

Osasungintzarako eta biozientzien sektoreetarako tokiko hornikuntza katea garatzea, eta langabezian eta erregulazioetan daudenen kualifikazioa «malgu eta arinak» onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.