Erretreta hartzeko adina 64 edo 65 urtera pusatzeko erreforma egin nahi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Egun, 62 urtetan har dezakete erretreta sektore gehienetako langileek. Frantziako Asanblearako kanpaina egiten ari diren honetan, lekua hartu du gaiak. Izan ere, ezkerreko hautagaiek erreforma «antisozialtzat» jo dute.
Erraterako, NUPES Frantziako ezkerreko alderdien aliantzak erretretara joateko adina berriz ere 60 urtera pasatzea proposatzen du —hala zen 2010era arte—. Ipar Euskal Herrian, EH Baik ere proposamen bera egiten du. Macronek, bestalde, erretreten sistema «sinplifikatzeko» argudioarekin, erretreta lehenago hartzeko lanak eragindako nekea kontuan hartzen duen neurria kendu nahi du hainbat sektoretan. Erreforma egiteko lehen saiakera egin zuen azkeneko agintaldian, baina protesta handiak izan ziren, eta, ondotik, pandemia zela eta, etetea erabaki zuen.
Baina, bigarren agintaldia hasi orduko, Macronek hitzeman du 2023ko udan sartuko dela erreforma indarrean, «pixkanaka». Izan ere, 2023tik aitzina, erretreta hartu ahal izateko adina lau hilabetez emendatu nahi du urtero, 2032ra arte. Hautsak harrotu ditu erreformak, berriz. Erretretan sartu berri diren langileekin mintzatu da BERRIA, egoera lehen lerrotik bizi dutenen bizipenak jasotzeko.
Goizago; beraz, gutxiago
Laboraria da Ttele Leizagoien, eta «betidanik» laborantza munduan ibili da. «Laborari alaba naiz, eta ibilbide profesional osoa artzaingoan egin dut. 42 urte egin ditut lan horretan, eta 60 urtetan hartu dut erretreta». Hori egin ahal izan du 20 urte aitzin bost hiruhileko egin baititu lanean; hala, ibilbide luzeei dagokien adinean hartu ahal izan du erretreta. «Hautu bat izan da, baina 60 urtetan joanez ez dut hunkitzen tasa osoa. Laborari anitzek luzaz segitzen dute lanean, dugun erretreta arrunt apala baita». Hark lehen hilabetea du erretretan, eta oraindik ez daki zehazki zenbateko saria ukanen duen; haren bizilagunak 11 urte pasatu ditu erretretan, eta 780 euro eskuratzen ditu. Halere, «xantza» baduela dio Leizagoienek. «Etxea badugu, elikatzekoa ere bai. Baina, erretreta sari horrekin etxe bat alokatu behar baduzu, ezinezkoa da bizitzea. Ahalkegarria da; minimoa baino gutxiago da», deitoratu du.
Orain, Macronek lanak eraginiko nekea kontuan hartzen duen sistema kendu nahi izateari buruz ere mintzatu da. «Erretretaren adina pusatu nahi du, baina lan askotan ezinezkoa da. Nik jadanik ikusi dut azken urteetan ez nintzela 20 urtetan bezala; fiteago akitzen nintzen, lana fisikoa baita. Hori kontuan hartu behar da».
Harekin bat egin du Bernadette Luro andereño izandakoak. «60 urtetan hartu dut erretreta, baina normalki 62 urtetan hartu behar nuen. Posibilitatea nuen, eta osasun aldetik arras ongi zitzaidan: energia gutxiago nuen, 40 urtez haurrekin aritu naiz». Hark ere ez du begi onez ikusten erreformak ekar lezakeena. «Erretreta hartu ahal izateko adina 64 edo 65 urtera luzatzea, ene ikuspegitik, zaila da irakaskuntzan; beste sektore anitzetan bezala».
Baina, erretreta goizago harturik, saria apalagoa du Lurok. «Kasik mila euro gutxiago». Seaskan egin du ibilbide profesional ia osoa, eta honela laburbildu du haren egoera: «Erretretara goizago joanez, anitz galtzen da. Baina hola dira gauzak. Luzatu banu 62 urte arte, ukanen nuen sari handiagoa; baina bada dirua, eta bada bizia beste alde batetik».
Egoera bereziak, zalantzan
Erretretan da, baina lanean segitzen du Michel Fouchek. Antzerkilaria da, eta ikuskizunetako intermitentea izan da 37 urtez, etenik gabe. Bere burua «pribilegiatutzat» dauka. «Anitzek ez dute intermitentzia urtero berritzen. Nik hori egin ahal izan dut, eta, beraz, 62 urtetan hartu dut erretreta, tasa osoan». 1986tik, urtero, 43 ordainsari lortu behar izan ditu urtean. Lana «pasioz» bizi izan du, eta, lan baldintza nahiko prekarioak izanagatik ere, honela mintzatu da: «Ene burua ez dut fabrikan gauez lan egiten duen langile batekin parekatzen ahal».
Halere, uste du erretreten erreformak «prekarioenak are prekarioago» eginen dituela. Artisten kasuari begira, inguruko lankideak aipatu ditu. «Urte batzuez intermitentzia lortu ez dutenek kotizatu behar dute denbora gehiagoz. 67 urte arte lan egitea, zer da? Pasioz egiten den hautu bat, edo erretreta 600 eurotik doi bat gorago izateko bizirauteko egindako hautu bat?». Gainera, artistek pairatzen ahal dituzten zailtasun fisikoak ekarri ditu gogora. «Zirkuan ari diren batzuek, adibidez, lesioak egiten dituzte, eta ezinezkoa zaie lanean segitzea 40 urtetik landa». Uste du erretreten adina gibelatzeak eta sistemaren sinpletzeak hainbat egoera berezirengan eragina izanen duela.
Dena den, Frantziako Asanblearen egituraketaren arabera, zailagoa ala errazagoa gertatuko zaio erreforma bururaino eramatea Macroni. Sindikatuak ere «prest» agertu dira protestan sartzeko, 2019an bezala.