Nomina jasotzeko borrokan

Asteartean hasiko da Gizarte Segurantzak Glovo janari banaketa enpresari jarritako salaketaren Bilboko auzibidea. 219 banatzaile langile autonomoak edo soldatapekoak diren ebatzi beharko du epaileak. Azken asteetako aurrekari ugariak ikusita, banatzaileen eskubideen alde egitea espero da.

Glovo enpresako janari banatzaile bat, Bilboko Areatzaren parean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Langile autonomoak dira, edo Glovoren soldatapekoak?Bilboko lan auzitegiko epaile batek aurki erantzun beharko duen galdera da, eta, bide batez, auzi nahiko katramilatua dena laburbiltzeko modua. Izan ere, Gizarte Segurantzak janari banaketa enpresaren aurka jarritako salaketaren prozedura hasiko da asteartean. 219 banatzaile daude deituak deklaratzera, eta hurrengo astean epaiketan euren ordezkari izango direnak hautatu beharko dituzte.

Aurretik, Espainian, antzeko 41 epaiketa egon dira, eta lan harreman zuzenaren alde ebatzi dira guztiak. «Enpresak, dena den, dagoeneko esan du helegitea jarriko duela, eta ez duela ofizioz aldatuko bere jokamoldea. Beraz, horrelako epaiketak egitera behartuta gaude». Iragarpena Iñigo Alonso LAB sindikatuko kidearena da. Sindikatuak, Riders X Derechos banatzaile elkartearekin elkarlanean, hamabost banatzaileren babesa eramango du epaiketan, eta Alonsok du harreman hori kudeatzeko ardura.

Epaiketa asko izan dira, bainairailaren 23ko ebazpenak ezarri zuen mugarria. Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Isaac Cuende banatzailea autonomo faltsua zela; alegia, Glovok soldatapeko langiletzat hartu behar duela. Ebazpen hark jurisprudentzia ezarri zuen, eta hartaz geroztiko ebazpen guztiek alde berera jo dute. Glovo, Amazon, Deliveroo eta Uber plataforma digitalen artean 25 milioi euroko zorra pilatu dute Gizarte Segurantzarekin. Glovok du handiena, ia hamazazpi milioi euro, eta 11.013 banatzaile langile propiotzat jo behar izan ditu. Eta, ezustekorik ezean, Bilboko 219ak zerrenda horretara gehituko dira.

Epaiketa horietan duela bi urte eginiko salaketak epaitzen ari dira, eta banatzaileek euren poltsikotik ordainduriko autonomo kuoten dirua berreskuratu ahalko dute, baita BEZaren atxikipenarena ere. Hasiera batean Gizarte Segurantzak ordainduko lieke, eta, gero, hark eskatuko dio Glovori. «Balizko ebazpen hori, baina, ez da bide baten amaiera. Guztiz kontrakoa, bide judizial luzeago baten hasiera da», argitu du. Gero banakako salaketak iritsi beharko lirateke soldatapeko langileei dagozkien eskubideak eskatzeko. «Adibidez, argitu beharko litzateke atzerako eraginez zein hitzarmen ezartzen zaien: ostalaritzakoa, banatzaileena... Rider-ek ordu estra asko sartu dituzte, ez dira arraroak 50 orduko lan asteak, eta ostalaritzan hogei eurotik gorakoa da ordu estra bakoitza. Hori eredu bat da, baina hari asko leudeke lotzeke».

Enpresak ez daude amore emateko, baina, eta helegiteak jarri dizkiete ebazpen guztiei. Mezuak igorri dizkiete banatzaileei auziak luze joko duela ohartaraziz, enpresa batentzat baino gehiagorentzat lan egiten dutenei ez zaiela komeni esanez... Dena den, badirudi Espainiako Gobernuari dagokiola hurrengo pausoaematea, legea aldatuz. Langileen Estatutuaren 1. artikulua moldatzeko asmotan dabil, soldatapeko langileen definizioa berritu eta rider-en eta halakoen jarduna barruan sartzeko. «Ebazpenen norabide berean badoa, babestuko dugu», aurreratu du Alonsok.

Badoa? Zalantzarik al du? Alonsok ondo ezagutzen ditu Riders X Derechos elkarteak ekainean Espainiako Lan Ministerioarekin eginiko bilerak, eta zuhurtziaz mintzo da. «Konpromisoa zen Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren ondoren arautzea. Elkarrizketa sozialaren mahaian dago gaia. Han ere enpresariak daude, eta ez dut hain garbi zein norabidetan joango den legea. Horregatik komeni da lan harremana dagoela berresten duten ahalik eta ebazpen gehien pilatzea».

Orain janari banatzaileen kasua dago puri-purian, baina asko dira autonomo faltsuen figura baliatzen dituzten enpresak. «Aseguru enpresena, adibidez, oso zabaldua dago. Iruzur egoeran kontratatzen duten enpresa asko daude. Baina kasu hau lazgarria da: enpresa ezaguna da, ebazpen pila bat ditu... Nire ustez estatuak eskua sartu beharko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.