Eskola segregazioa kezka iturri handia da Euskal Herrian, baina beste herrialde batzuetan ere badituzte gisa horretako arazoak. Katalunian, akordio bat sinatu dute segregazioaren aurka. Helburua da eskolen arteko desorekak gainditzea eta ikasleen matrikulazioa era orekatuan jasotzea. Rafael Ribo Kataluniako arartekoak bultzatu du akordioa, eta Josep Bargallo Hezkuntza sailburuak eta itunpeko ikastetxeetako patronalek sinatu dute. Hezkuntza komunitateko zenbait eragilek ere babestu dute, baita gobernuko taldeek eta PSCk ere. Baina ez da erabateko adostasuna izan; esaterako, ez dute sinatu Podemek, Ciudadansek, PPk eta CUPek, argudio oso ezberdinekin. Hezkuntza eragile bik ere, Fapac guraso elkarte nagusiak eta Ustec hezkuntza sindikatu nagusiak, ez dute izenpetu, ez baitaude ados hitzarmenaren oinarri batzuekin.
Eskola segregazioa duela urte batzuk atzeman zuten Katalunian. Arartekoaren ondokoa da Maria Jesus Larios, eta azaldu du akordioaren oinarriak 2008an jarri zituztela. «Eskola segregazioari buruzko lehen txostena egin zuen Arartekoak, eta egoera larria atzeman zuen: eskola segregazioko egoera larriak identifikatu zituen Kataluniako hainbat udalerritan». Gisa bereko ikerketa bat egin zuten zortzi urte geroago, 2016an, eta berbera izan zen ondorioa: eskola segregazioa zegoen hainbat herritan. Lariosek azaldu duenez, sumatu zuten ikastetxe publiko eta itunpeko batzuetan «soslai zehatz bateko» familiak biltzen zirela, eta eskola horietako baldintzek eragina zeukatela banaketa horretan. Testuinguru horretan hasi ziren akordioaren oinarri izan den txostena osatzen.
Finantzaketa gabezia
Oinarri bat izan du itunak. «Hezkuntza sistema ez da behar den beste finantzatzen sare publikoan; itunpekoan, berriz, ikertu egin behar da». Hala ohartarazi du arartekoaren ondokoak. Nolanahi ere, beharrezkotzat jo du hezkuntzako eragile guztiek erantzukizuna hartzea segregazioari aurre egiteko. Akordioan, guztira, bederatzi lan arlo ezarri dituzte, 30 esku hartze eta 189 neurri.
Josep Maria Garcia Kataluniako Hezkuntza Ikuskatzaileen Elkarteko lehendakaria da. Akordioa babestu duten elkarteetako bat da: «Estrategia eta esku hartze batzuk planteatu dira. Aurrera eginez gero, helburua lortuko da: eskola segregazioa erauztea». CCOO sindikatuak ere babestu du ituna. Manel Pulido hezkuntza arduradunak dioenez, beren helburua da akordioaren jarraipen batzordeetan parte hartzea, eta neurriak benetan betetzen direla ziurtatzea. «Kataluniako hezkuntzan dagoen oinarrizko arazoetako bat da segregazioa; horren aurka ez egitea hezkuntza eskubidearen kontrako erasoa da».
Eragile batzuek, ordea, uko egin diote akordioan sartzeari. Fapac taldeak, adibidez, Kataluniako guraso elkarte gehienak batzen ditu, eta ez du izenpetu. «Akordioarekin, oinarrizko eskubide bat ari gara negoziatzen: haurren hezkuntza eskubidea», azaldu du Lidon Gasull arduradunak. Ohartarazi du erakunde publikoen eta pribatuen arteko negoziazioaren emaitza dela hitzarmena, itunpeko ikastetxeetako patronalek ere sinatu dutelako. Antzera mintzo da Ustec hezkuntza sindikatua ere, Ramon Font bozeramailearen bitartez: «Haurren hezkuntza eskubidea urratu egiten da akordioan. Familiei ikastetxea hautatzeko aukera ematen zaie, eta horren ondorioz sortzen da eskola segregazioa».
Hitzarmena babestu ez dutenen esanetan, izan ere, familiek ikastetxea aukeratzeko duten «ustezko» eskubidea da segregazioa eragiten duen faktoreetako bat. Fontek ohartarazi du guraso zenbaitek erabaki egiten dutela zein izango diren beren seme-alaben lagunak, eta hori kolektiboki «hondamendia» dela. CCOOko ordezkariak, berriz, aurkako norabidea ikusten du: «Gertatzen dena da familiek ez dituztela ikastetxeak aukeratzen. Alderantziz: oinarrian, ikastetxeek aukeratzen dituzte familiak». Azaldu du hiru sare sortzen dituela horrek: batetik, itunpekoa; eta, bestetik, bi multzo publikoaren barruan. Hor nabari ditu erroko desorekak.
Ikastetxea hautatzeko aukera mugatzea da segregazioari aterabidea emateko modua, Fapaceko arduradunaren iritzirako: «berdintasun printzipioa» lehenestea, «diskriminazioaren» gainetik. Eskola publikoaren aldeko apustua ere eskatu du. Ustec sindikatuak dio ikasleak inguruko eskoletan txertatu beharko liratekeela, «ikasle bakoitza dagokion bizi eremuko ikastetxean».
Eskolen arteko diferentzia
Eskola batetik besterako aldeak hartu dituzte hizpide. Ikuskarien Elkarteko ordezkariak hala esan du: «Eskolen arteko desoreka da egun dugun arazoetako bat. Beharrizan bereziak dituzten ikasleak modu orekatu batean banatu behar dira ikastetxeetan», esan du Garciak. Horretarako proposamen bat landu dute akordioan, Arartekoaren ordezkariak azaldu duenez: «erantzukizuna» hartzen duten ikastetxeak finantzatuko dituzte, publikoak zein itunpekoak izan, eta hartzen ez dutenek finantzaketa txikiagoa jasoko dute. Hain justu, Fapac eta Ustec ez datoz bat planteamendu horrekin, itunpeko eskolak ere sartu dituztelako finantzaketa esparru horretan. Font: «Administrazioek eta itunpeko eskoletako patronalek sinatu dute akordioa. Segregazioa eliteen proiektua da».
Akordioa eskas ikusten duten eragileek beste faktore bat ere aipatu dute: doakotasuna. Gasullek ohartarazi du ez dela bermatuko hezkuntza erabat doakoa izatea. Eskolako materiala jarri du adibidetzat: gero eta garestiagoa dela, eta gai hori ez dutela akordioan aipatu. Lariosek dio baietz, aintzat hartu dutela, eta behar bereziak dituzten familiek doakotasuna izango dutela. «Guk ere nahi genuke hezkuntza sistema osoa doakoa izatea, baina, oraingoz, ez dago horretarako baliabiderik».
Aurrerako bidea
Hezkuntza komunitatean erabateko adostasunik egon ez arren, pausoak emango dituzte itunarekin. «Zehaztu da jarraipen batzorde bat osatuko dela sinatu duten eragile guztiekin. Haiek dute txostenak egiteko ardura», azaldu du arartekoaren ondokoak. Ikuskarien Elkarteko ordezkariak ohartarazi du neurriak erregulatzea falta dela, badagoela zer egina. CCOOko eledunak nabarmendu du batzordeetan eragitea izango dutela xede: «Jarraipen batzordeetan jarri nahi dugu indarra, erabaki egokiak har daitezen segregazioari aurre egiteko».
Nolanahi ere, sinatu ez duten eragileek diote ez duela zentzurik sare publikoko eragile garrantzitsuak falta dituen akordio batek. Iragarri dute beren aldetik lanean jarraituko dutela. «Hezkuntza Sailak egin beharko lukeen lana ari gara egiten: hezkuntza pribatua publikoa baino hobea ez dela esaten», adierazi du Gasullek. Nabarmendu du «funtsezkoa» dela informazioa garden ematea gaur egun hezkuntzako errealitatea zein den aditzera emateko.
Eskola segregazioaren aurkako akordioa indarrean da, beraz, Katalunian, erabateko adostasunik izan ez arren. Neurriak indarrean jartzeko epeak zehaztu dituzte, eta bide horretan jarriko dira sinatu duten eragileak. Hala ere, arartekoaren albokoak zehaztu du ituna ez dela «zorrotza», eta litekeena aldaketaren bat egitea. Akordioa sinatu ez duten hezkuntzako eragileek, berriz, orain arteko helburuarekin jarraituko dute: eskola publikoa ardatz, «bakarra eta doakoa» izan dadin. «Publikoaren aldeko eskaria gero eta handiagoa da, baina eskaintza jaisten ari da. Bestelako kontakizun bat ari gara sortzen, eskola publikoaren aldekoa».
Segregazioaren aurka, banatuta
Kataluniako arartekoak bultzatuta, eskola segregazioaren aurkako akordio bat izenpetu dute eragile ugarik. Ados ez, eta itunetik kanpo geratu dira sare publikoko guraso elkarte eta sindikatu nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu