Titanioak zer ezkutatzen duen

Guggenheim museoko ia garbitzaile guztiek 103 egun daramatzate greban. Lanaldi osokoak ez dira iristen mila euroko soldatara, eta lan hitzarmen propioa nahi dute, bost urte barru kale garbitzaileen baldintzetara iristeko asmoz. Langile batzordeak bilera egin zuen atzo enpresarekin.

Guggenheimeko garbitzaile bat, abuztuaren 21ean museoaren aurrean antolaturiko futbol partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bilboko postal ezagunetako bat da Guggenheim museoa. 2019an 1,2 milioi bisitari hartu zituen. Hiriaren biziberritze arkitektoniko eta komertzialaren ikurra da. Titaniozko geruza distiratsuaren azpian, baina, guztiak ez du dir-dir egiten, eta museoko garbitzaileek orain arte itzalpean gordetako beren errealitatea azaleratu dute: mila eurora iristen ez diren soldatak eta ordutegi oso aldakorrak. Baldintzak hobetzea eskatu zuten udaberrian, eta, bilerek fruiturik eman ez zutenez, grebara jo zuten ekainean. 103 egun daramatzate protestan, eta langile gehienentzat beren bizitzako lehen greba da. Esan gabe doagehienak emakumeak direla.

«Hau zen une aproposa. Orain edo inoiz ez. Kaleratze mehatxuak jaso ditugu, baina aurrera egitea baino ez dugu». Susana Marcosena da esaldia. 44 urte ditu, eta 2016tik dago museoan, hogei orduko kontratuarekin. 600 euroko soldata du, eta greban dauden garbitzaileetako bat da. Hemeretzi garbitzaile dira guztira, eta hamabost daude greban. Mari Carmen Casas (53 urte, 2014tik Guggenheimen) eta Vitori Lopez-Roso (62 urte, 2011tik museoan) grebalarietako beste bi dira. Beteranoenak ez du ezkutatu «gordetako amorrua»: «Gure lanaz abusatu dute. Urte asko izan dira ordutegi tamalgarriekin: 06:45etik 10:00etara, eta gero 15:00etatik 20:00etara. Askotan aste batetik bestera aldatzen dituzte, gainera. Hilabete asko igaro ditut nik asteburu oso bat jai hartu ezinda».

Guggenheimek Ferrovial enpresaren bitartez egiten du garbiketa. 24 urte dira azpikontratatu zutela, eta aurten berritu dute akordioa. Garbitzaileak Ferrovialen langileak dira, baina kontratuaren plegua Guggenheim fundazioak idazten du, eta hark erabakitzen du nork irabazten duen. Eskaintza egitean, kasu honetan Ferrovialek, langileei zenbat ordainduko dien zehazten du, eta museoaren esku dago hura onartzea ala ez. Garbitzaileek museoarekin duten lotura, dena den, harago doa, kontratuak eraikinari subrogatuta baitaude, eta haien begiralea museoko mantentze zuzendariordea da. Are gehiago, negoziazioen hasieran museoarekin ere bildu ziren. Museoak ez dio BERRIAri grebari buruzko baloraziorik egin nahi izan; Ferrovialek, aldiz, esan «beti» egon dela negoziatzeko prest, eta azaldu du museoko garbitzaileek soldata handiagoak eta opor luzeagoak dituztela Bizkaiko bulegoetako garbitzaileen hitzarmenetakoek baino.

Ferrovialek eta garbitzaileek bilera izan zuten atzo: enpresak baldintza hobeak eskaini zituen, eta grebalariek batzarra egingo dute gaur haiei buruz erabaki bat hartzeko. ELAren Bilboko egoitzan batu ziren, sindikatu harkirabazi zituelako udaberriko hauteskunde sindikalak. Orduan hasi ziren baldintza hobeak eskatzen. Casasek azaldu du: «Enpresa hitzarmena nahi dugu, bulegoko garbitzaileen lan ituna hobetzeko. Asmoa da bost urte barru kale garbitzaileekin berdintzea. 8.000 euro gehiago lirateke urtean. Soldata arrakala bat dago, eta hori onartzea nahi dugu. Negoziazioetan plusen bat eskaini digute, eta lanaldi erdian dauden langile batzuk osora igarotzea, baina gutxi da». Izan ere, jardunaldi osoan dauden langileek 998 euro irabazten dituzte, iturri sindikalen arabera, eta antzinatasuna da gehigarri bakarra. Museoan 24 urteak daramatzan langile batek 1.100 euro pasatxo jasotzen ditu.

Museoak 28 milioi euroko aurrekontua izan zuen iaz, eta 24 milioikoa aurten. Asko iturri publikoetatik datoz, eta %70eko autofinantzaketa du. Horietatik 2,1 milioi bideratzen ditu garbiketa eta mantentze kontratura. Langileek argi dute badagoela baldintzak hobetzeko tartea: soldatak, ordutegiak, lan kargak... «Lan karga asko handitu da azken urteetan, are gehiago COVID-19arekin. Gero, ekitaldiak egon izan direnean —festak, afariak...—, guk garbitu behar dugu, eta langile kopuru bera da», azaldu du Casasek.

Udal garbitzaileen jarduna

Udan, halere, museoa nahiko garbi mantendu da, eta garbitzaileak harrituta daude. «Hemeretzi lagunen lana lauren artean egiten ari dira». Iruzurrak aipatu dituzte: greba egiten ari ez direnen aparteko orduak, catering enpresetako garbitzaileak, udaletxekoak... Udal garbitzaileak? Nola? Marcosek argitu du. «Kanpoaldea ere gure ardura da, espaloiraino: Puppy dagoen zatia, eserlekuak... Azken asteetan udal garbitzaileak ikusi ditugu hor».

Onartu dute espero baino luzeago doala, eta ELAren erresistentzia kutxak garrantzia izan duela. Udan, baina, ekintza koloretsu ugari egin dituzte bisitarien arreta bereganatzeko: dantza saioak, futbol partida parodikoak... «Hiru ertzain patruila etorri ziren egun horretan. Baloia kendu ziguten! Baloia izateko baimenik ez omen genuen eskatu...», gogoratu du Casasek.

Itxaropentsu daude. Badakite beren lantokia ezaguna dela, eta sektorean ikur bilakatu daitekeela. Lopez-Roso: «Ez naiz eredu sentitzen, baina poztuko nintzateke gure atzetik beste garbiketa langile batzuek bide bera urratuko balute». Marcosek jarri dio azken puntua kidearen esaldiari: «Lotsagarria da garbitzaileei ordaintzen digutena. Miseria. Oinarrizko langileak ginela esaten ziguten, eta ikusi gure baldintzak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.