Desberdintasun sozialak. Oxfamen txostena

%0,00000027ren ekonomia

Munduan 2.513 mila milioidun daude, eta munduko %60 pobreenek adinako aberastasuna pilatzen dute. Desberdintasunei buruzko urteroko txostenean, Oxfamek salatu du emakumeen eta nesken ordaindu gabeko zaintza lanak eusten diola eliteen mesederako sistema ekonomiko bidegabe bati.

Emakume bat adreilu fabrika batean lanean, haurra zaintzen ari dela, Bangladeshen. ABIR ABDULLAH / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Desberdintasunak amaiarazteko beste urte galdu bat izan da 2019a. Munduko aberatsenen eta pobreenen arteko arrakalak bere horretan jarraitzen du. Gaur egun, mila milioi dolar baino gehiago dituzten 2.153 lagunek 4.600 milioi txiroenek bezainbesteko aberastasuna dute. Hots, %60 pobreenen aberastasuna sartzen da %0,00000027 aberatsenen etxe, kontu korronte eta akzioetan.

Urtero, planetako handikiak Davosko Munduko Ekonomia Foroan bildu bezperan, Oxfamek gogorarazi nahi izaten die aberastasunaren banaketa munduaren arazo nagusietako bat dela, eta haien erantzukizuna dela arrakala handi hori ixtea.

Suitzako haran elurtuan izango da Amitabh Behar Oxfam Internationaleko kontseilari ordezkaria, eta haren ahotik entzun beharko dituzte ziur aski entzun nahiko ez dituzten hitzak. Izan ere, gobernuz kanpoko erakunde horretako buruak argi esango die ez direla nahikoa egiten ari. «Aberatsen eta txiroen arteko arrakala ezin da konpondu desberdintasuna amaituko duten politika zehatzak indarrean jarri gabe, eta oso gobernu gutxik dute horretarako konpromisoa», azaldu du Oxfamek atzo zabaldutako txostenean.

Emakumeen bazterketa

Desberdintasunari jaramon ez egitea haien kalterako izan daitekeela ohartaraziko die Beharrek Davosen bildutakoei, matxinadak eragiten dituen arazo bat baita. «Geure ekonomia hautsiak mila milioidunen eta enpresa handien patrikak betetzen ari dira, gizon eta emakume xeheen kalterako. Hortaz, ez da harritzekoa jendea auzitan jartzen hastea mila milioidunek existitu beharko ote luketen».

Zaintzeko garaia du izena txostenak, aurten Oxfamek bereziki erreparatu baitio emakumeen egoerari, eta adjektibo argi bat erabiltzen du gaur egungo ekonomia izendatzeko: sexista. «Ekonomia sexistak ahalbidetzen du elite aberats batek ondasun izugarriak pilatzea jende xehearen lepotik, eta, bereziki, emakume eta neska txiroen lepotik».

Bi datu nabarmendu ditu baieztapen hori egiteko. Lehenik, munduko 22 gizon aberatsenek Afrikako emakume guztiek baino aberastasun gehiago dute.

Bigarrenik, emakumeek eta gizonek egunero 12.500 milioi ordu egiten dituzte ordaindu gabeko zaintza lanetan. «Urtean, horrek esan nahi du gutxienez 10,8 bilioi euroren ekarpena egiten diotela munduko ekonomiari, munduko teknologia industriaren ekarpena halako hiru.

«Emakumeek eta neskek ateratzen diote etekin gutxien gaurko sistema ekonomikoari. Milioika ordu behar dituzte janaria egiteko, garbitzeko eta haurrak eta zaharrak zaintzeko. Ordaindu gabeko lana da geure ekonomien gurpilak biraka mantentzen dituen ezkutuko motorra. Hezkuntzarako, bizimodu duin bat aurrera ateratzeko eta gizarteak nola antolatu behar duen esateko denbora gutxi duten emakumeek gidatzen dute, eta, ondorioz, ekonomiaren behealdean harrapatuta daude», azaldu du Beharrek. Adierazpen horiek datu batekin osatu ditu Oxfameko buruak: lan egiteko adinean dauden emakumeen %42k ezin dute etxetik kanpo lan egin zaintza lanak dituztelako —%6 gizonen artean—.

Munduko biztanleria aldi berean handitzen eta zahartzen ari denez, zaintzaren zama handitu egingo dela ohartarazi du Oxfamek. 2030erako, 2.300 milioi lagunek beharko dute arta, 2015ean baino 200 milioi gehiagok. Klima aldaketak okertu egin dezake «zaintzaren krisi globala» deitutakoa: 2025erako, 2.400 milioi lagun biziko dira ur eskaseko lurraldeetan, eta emakumeek eta neskek distantzia handiagoa ibili beharko dute ura biltzeko.

Gobernuei eskaera

Oxfamek argi du nork sortu duen desberdintasunen krisia, eta nork konpondu behar duen: gobernuek. «Bermatu behar dute enpresek eta gizabanako aberatsek dagozkien zergak ordaintzen dituztela, eta inbertsioak handitu behar dituzte zerbitzu publikoetan eta azpiegituretan».

Beste eskaera bat ere egin die: legeak egin behar dituzte emakumeek eta neskek egiten duten zaintza lan eskerga murrizteko, eta ziurtatu behar dute lan horien truke soldata jasotzen dutela. Azken finean, «gure gizarteetako lanik inportanteenetako batzuk egiten dituzte: zaindu egiten dituzte geure gurasoak, seme-alabak eta zaurgarrienak».

Proposamen zehatz bat ere egin du Oxfamek. Aberatsenek beren ondasunen gaineko zerga 0,5 puntu handituz gero datozen hamar urteotan, nahiko diru legoke 117 milioi lanpostu sortzeko zaharren eta haurren zaintzan, hezkuntzan eta osasunean.

[YouTube]https://youtu.be/tM21keKURJQ[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.