Lorentxa Beirie. Euskal preso ohia

«Ez naiz kartzelatik aterako zerbait hutsetik hasteko»

2001ean atxilotu zuten Lorentxa Beirie, eta atzo atera zen Roanneko presondegitik. Herritar eta lagunek gaur eginen diote ongietorria, Kanbon. Asteazkenean erantzun zien 'Ipar Euskal Herriko Hitza'-ren galderei, telefonoz, oraino preso zela.

BERRIA.
Joanes Etxebarria.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
2001ean atxilotu zuten Lorentxa Beirie (Kanbo, 1975), ETAko kide izatea egotzita. Hogei urteko zigorra osorik bete ondoren, atzo atera zen kalera, Roanneko (Frantzia) presondegitik. Herritarrek ongietorria eginen diote gaur, 14:00etan, Kanbon (Lapurdi).

Hogei urtez preso. Fite errana da...

Segur dena da biziki-biziki luzea dela eta pertsonarengan eragin handiak dituela. Gertatzen dena da oraintxe bertan ez dudala dena neurtzen, nik uste. Hau bizi izan dut gure borrokan, gure herriarekiko loturan, pertsonalki ere nire harremanetan...; bizi izan dut egunerokoan. Eta, hola aitzinatu naizenez, uste dut ez naizela ohartu hainbeste urte zer den. Baina pentsatzen dut eraginak biziki sakonak direla, eta ene galdera da ateratzean nola ikusiko ditudan azken hogei urte hauek. Kontraste handiekin pentsatzen dut, kanpoarekiko.

Arrunt barnean izan naiz, nire aferetan, kideekin, hainbat gauzatan sartu naiz buru-belarri, eta urteak ez ditut zenbatu. Biziki zenbaki handiak ziren, eta uste dut zaila dela, buruak ez duela ontsa neurtzen zer den hainbeste urtez egotea kartzela baten barnean.

Espetxetik atera eta ongietorria eginen dizute.

Hori da sorpresa orain dudana nigan: pentsatzen nuen beldurtua izanen nintzela hainbeste jendek eta publikoak jakitean aterako naizela, eta biziki errazki hartzen ari naiz. Gogoa dut, gainera, ikusteko jendea, eta jende berri anitz. Aspalditik ezagutzen ditudanak hor izanen dira, aldatuak edo ez hainbeste, baina bada jende berri anitz ikusteko, eta irrikan naiz; jende berria, gazteak, badut kuriositate handia.

Koronabirusaren krisiarekin, testuinguru berezia izanen da.

Pixka bat urrunetik bizi dut; entzuten dugu telebistatik eta, baina ez dut bizi izan. Ene kezka ez da horretan. Pentsatzen dut ohartuko naizela fite; muga pasatzeko izanen ditudan trabak edo antolaketa hori guztia sentituko ditut berehala. Egin dut [COVID-19aren] testa [asteazken] goizean, trankil izateko, test negatiboa ukaiteko. Baina ez dut bizitzen zuek bezala, segur ezetz. Emazteen kartzelan nehor ez da kutsatua izan; beraz, aski lasai bizi izan dugu.

Ez dira neurri bereziak hartu?

Bai, izan dira. Haien betiko sistema gogortu dute, murrizketak ziren lekuan murrizketa gehiago egin dute. Adibidez, paseo bat egitera ateratzeko bi oren baldin bagenituen lehen, orain bat dugu. Beti egin dutena egin dute: murriztu. Hemengo zigorraren giro horretan pixka bat zigor gogorragoa izan da. Gauza gogorrak ere egin dituzte. Bisitetan berina ezarri dute, eta ez ditugu gehiago bisitariak besarkatzen ahal; hori gogorra da, eta denborarekin falta sentitzen da anitz. Baina hau murrizketen etxea da, eta, hain ohikoa da egun batetik gauzak kentzea edo murriztea, testuinguru horretan kokatu baitugu.

Parisek euskal preso batzuk hurbildu ditu, baina emazteak ez.

Ez dute nahi izan. Nahi izan balute atzemanen zuten manera bat euskaldun guztiak hurbiltzeko. Hori biziki argi dut. Eginen zuten beharbada sei hilabeteren buruan, denborarekin, beti egiten duten bezala haien etapekin, haien protokoloekin eta istorio guztiekin, baina eginen zuten. Uste dut hastapenetik erran zutela «hori ezin da», eta onartu behar izan dugu haien maneretan izatea. Ontsa da kide franko hurbildu dituztelako, baina beren maneran egin dute, eta hori ez da normala. Uste dut egitekotan egin behar zela osoki, gure bisitari eta familiengan pentsatuz. Gazi-gozoa da, berriz ere erakusten baitute nork agintzen duen, eta hori ez da goxo.

Azken urteetan zure margolanak atera izan dira kartzelarik erakusketetara.

Urte hauetan hobekien egin dudan zerbait da beti lehentasuna eman diedala harremanei, eta etxekoek anitz lagundu naute horretan. Bazekiten enetzat zein inportantea zen kontaktua ukaitea. Etxekoek zubi lan hori etengabe egin dute, etengabe. Margoekin ere sekulako lana hartu dute, hori segur. Erakusketen ondotik, anitzetan, gutunak ukaiten nituen edo etxekoek kaier bat uzten zuten, eta jendeak idazten zuen zer pentsatu zuen, nola ikusi zuen nire lana. Artista batzuek ere erran didate nola ikusten ninduten lan horretan. Biziki erantzun politak izan ditut, gainera; enetzat biziki ederra izan da, eta sorpresa bat.

Galdera klixe bat izan daiteke, baina margotzeak libre izatearen sentsazioa eman dizu?

Askatasuna izan da harremanak egiteko maneran. Nire askatasun maila ez dakit handitu duen horrek guztiak, baina harremanen mailan anitz eman dit, anitz. Sentitu naiz biziki inguratua eta presente kanpoan ere. Gauza biziki ederra izan da; azkenean, jendea ezagutu dut erakusketa batetik edo bestetik, eta gero proiektuak etortzen ziren nik xerkatu gabe ere. Bizitasun handia eman dit horrek. Askatasuna beharbada beste zerbaitetan da, baina harremanak eta bizia, bai.

Badakizu oraindik aitzineko bizia nolakoa izanen den?

Harrera elkartearekin kontaktua egina dut jadanik, eta segituko dugu. Badakit laguntza hor dudala: etxekoekin segur, Harrerarekin, lagunekin... Hori martxan da jadanik. Laguntza psikologikoa behar badut, jadanik mintzatu naiz Etxerat-eko psikologo batekin, eta erran dit hor izanen dela behar izanez gero. Ez naiz kartzelatik aterako zerbait hutsetik hasteko. Dena aldatua da, eta aldi berean dena berdin da segur aski; segida bat izanen da niretzat. Administrazioak trabak ezartzen ahal ditu beti, baina ez nau batere kezkatzen.

Presondegi barnean giro berezia bizi duzu egun hauetan?

Duela hilabete eta erdi arribatu ziren Saioa Sanchez eta Leize haren alaba. Ez gara elkarrekin egoten ahal egunero, amen moduluan daudelako, baina kartzelak baimendu digu astean bi aldiz elkar ikustea. Ostegunean [herenegun] izanen da gure azken bisita; hori zailena izanen da, ziur. Beste presoekin aski harreman ona izan dut, eta pentsatua dut jendea agurtzea, sinpleki: agurtu, nire afera guztiak banatu, eta gero korrika joanen naiz ateak irekiko dituztelarik.

Sentitzen ari naiz ongietorriaren giroa, ateratzen naiz biziki inguratua eta badakit parekoek ontsa ikusten dutela hori. Niretzat inportantea da ikus dezaten hogei urteren buruan ere ez gaituztela moztu gure bizitik, gure jendeetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.