Tumore hematologikoei erasateko erabiltzen diren immunoterapia motez jardun zuen atzo Cristina Egizabal Biocruces ikerguneko eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko ikerlariak, EHUk minbiziari buruz Donostian antolatutako udako ikastaro batean, eta ikerketagai duten tratamendu berri baten gaineko azalpenak eman zituen. Donazio bidez lortutako NK zelulei —zelula hiltzaile moduan ere ezagunak— CD-19 antigenoa sartu, eta, ondoren, zelula horiek pazienteari CAR-T tratamenduaren bidez ematean datza. Modu horretan, antigeno horiek tumoreari «eraso egingo» liokete, Egizabalek azaldu zuenez, orain arte horretarako erabili diren zelulek baino oldarkortasun handiagoz.
Izan ere, Egizabalek zehaztu zuen CAR-T tratamendua ez dela berria, eta 2012an hasi zirela erabiltzen. Hala ere, beste modu batera landu izan dute orain arte: tumore zelula duenari T linfozitoak erauzten zaizkio, odola aterata, eta, linfozito horietan CD-19 antigenoa sartzen da. Bost asteren buruan, linfozitoak atzera berriz gorputzean sartzen dira, tumore zelulari eraso diezaioten. Egizabalek, hala ere, azaldu zuen T linfozitoen ordez NK zelulak erabiltzeak abantailak izan ditzakeela; besteak beste, donazio bidez jaso daitezke, eta, beraz, terapia «eramangarriagoa» litzateke. Horrez gain, zehaztu zuen zelula horiek, aktibatu eta tumoreari erasan diezaioten, ez dutela bestelako zelularen baten beharrik, immunitate sisteman dauden beste hainbatek ez bezala.Hala ere, zelula mota horiek badute «eragozpen bat», Egizabalen esanetan: ez dira beste zenbait linfozito bezain azkar «ugaritzen».
Ikerlariak azaldu zuen NK zelulak zein organismotatik atera ditzaketen aztertzen ari direla, eraginkorrenak zein izan daitezkeen jakiteko, «biharko egunean hau guztia osasun sistemara eramateko». Batez ere helduen odoletik eta zilbor hestetik eratorri izan direla adierazi zuen. Horiek erabilita hainbat entsegu kliniko egin izan diren arren, garatuenaAEBetako Houston hirian egindako bat dela azaldu zuen. 11 pazienteri eman zitzaien tratamendua, eta ikusi zuten ez duela «albo kalterik» sortzen, eta 11 horietatik zortziri lagundu ziela tumore zelulari erasaten. Hala ere, Egizabalek zehaztu zuen entsegu gehiago beharko direla.
Odol emaileen beharra
Tratamendua garatu ahal izateko, halaber, odol transfusioen beharra dagoela nabarmendu zuen, eta, alde horretatik, odola emateko deia egin zuen. Odol hori berak lan egiten duen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan jasotzen dutela azaldu zuen, eta jasotako odolaren lagin bat erabili ahalko litzatekeela azaldutako tratamenduan.
Tumore hematologikoetarako tratamendu eraginkorren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu