«Kasik nire bizitza». Denbora hori darama Jakes Esnal euskal presoak kartzelan, Itxaso Cuevasentzat (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1988): «Nik aurten 33 urte egingo ditut, eta berak 31 kartzelan». Txikitatik izan du hurbil preso donibandarra, halere: «Haren semearekin nintzen klasean, eta Jakes beti izan da gure bizitzan presente zegoen pertsona bat». Kartzelan ezagutu zuen, bisitan joanda, eta harekiko elkartasun komitean dabil orain, jada lagun egin duen presoa laster karrikan ikusiko duen esperantzaz.
Dirua biltzeko kanpaina bat egin berri duzue sarean. Zertarako?
Jakesek egin ditu bi eskaera baldintzapean aske geratzeko: lehena hasieratik ukatu zioten, eta bigarrena onartu zioten, baina, dei eginda, berriz ukatu. Kasazio Gortera joan da, beraz, eta kristoren dirutza zen: kostu handia. Nahi genuen ahalik eta zama gutxien izatea familiarentzat.
Helburua erraz gainditu duzue.
Bai. Harrituak ginen: hamar egunak aitzin iritsi ginen helburura, eta 6.000 eurotik gora lortu ditugu. Erantzuna biziki ona izan da, eta gu, pozik: Maiteri [Esnalen bikotekideari] eman ahal izan diogu dirua, eta, hala, familiari ez dio eragin kostu gehigarririk.
Familiaren zama aipatzen duzu. 31 urte dira Esnal kartzelan dela. Nola bizi duzue ingurukoek?
Ez dut familiaren izenean hitz egingo, baina gauza pisu bat da. 31 urtez baduzu kostu ekonomikoa, baina baita kostu emozional handia ere: bisita guziak eginak zaizkiola bermatu behar duzu, eta familia beti dago horrekin. Azken urteetan Ile de Ren zen, eta han bisitak bestelakoak dira, baina egon izan da beste kartzela batzuetan, Clairvauxen adibidez, Frantzia iparrean, eta jende pila bat mobilizatu behar zen: trena hartu, gero autobusa... Orain, Lannemezanen dago, hurbilago; baina 31 urte luze da.
Fiskalak dio larriak direla Esnalen delituak. Zer diozu?
Horrelako deliberoak eta argumentuak iristen direlarik, guk harridura eta haserrea ditugu, ze badira ja hamar urte bake prozesua martxan jarri zela, Aietetik hasi eta su-etenera. Jendartearen mobilizazioari esker izan dira bake prozesua bermatu duten hainbat egitasmo, izan armagabetzea ala disoluzioa, eta ez dugu ulertzen. Gaurko testuingurua benetan kontuan hartuko balitz, Jakes aspaldi legoke gure artean.
Frederic Haranburu Xistor baldintzapean aske utzi zuten iaz. Esperantzarik sortu dizue?
Bai: berria jakin bezain laster, gure artean mezuak bidaltzen aritu ginen, eta familia zoriontzen. Egia da ez duzula espero: beti duzu zure baitan esperantza hori, baina fiskalak eta epaileak ematen dituzten argudioak ikusita... Xistorrek, maluruski, preso segitzen du etxean, baina hala ere etxean dago, familiarekin. Eta esperantza ematen du jakiteak Unai Parot Leonera hurbilduko dutela, eta gainera bigarren gradura pasatu dela. Espero dugu zerrendan hurrengoa Jakes izatea.
Orain arteko urrats horiek guziak mobilizazioen fruitua dira, eta segitu behar da mobilizatzen. Hurrengo topaketa apirilaren 24ko martxa da, Baionatik Donibane Lohizunera eginen duguna: 31 kilometro, 31 urtez preso direla salatzeko. Hori da bidea.
Itxaso Cuevas. Elkartasun komiteko kidea
«Testuingurua kontuan hartuko balitz, Jakes aspaldi legoke gure artean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu