Irakasle bat zendu da Donibane Lohizunen, ikasle batek labana sartuta

Gaztelaniako eskolak ematen ari zen 52 urteko emakumea, eta eraso egin dio 16 urteko mutil batek. Gobernuak babesa agertu dio komunitateari: «Etorriko da inkestaren tenorea». Gaur minutu bateko isiluneak egingo dituzte

Pap Ndiaye, atzo, hedabideen aurrean hizketan. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Donibane Lohizune
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Tomas Akinokoa lizeo pribatuko irakasle bat hil egin zen atzo, ikasle batek labanaz eragindako zaurien ondorioz. Ikastetxean gertatu zen erasoa, 10:00ak aldera, eta handik gutxira zendu zen, ospitalean. 16 urteko ikasle batek egin zion eraso, hainbat lekukoren aurrean; segituan atxilotu zuten, eta polizia etxera eraman, erailketa egotzita. Gertatuari buruzko ikerketa abian da, baina atzo xehetasun handirik ez zuten eman agintariek. «Etorriko da inkesta egiteko tenorea, etorriko da ondorioak ateratzeko tenorea. Gaur, emoziorako tenorea da», adierazi zuen Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroak. Samin handia eragin du hilketak: gaur, 15:00etan, minutu bateko isilunea egingo dute ikastetxeek, dolua agertzeko.

Ikusi gehiago:Donibane Lohizunen irakasle bat hil duen 16 urteko ikasleak arazo psikologikoak ditu

Agnes Lasalle zen hildako irakaslea, eta 52 urte zituen. Labankada 16 urteko mutil batek eman zion. Halere, ez dago guztiz argi nola gertatu zen erasoa. Lekuko batzuek kontatu zutenez, gaztelaniako klaseak ematen ari zen emakumea, eta ikasle bat bere eserlekutik altxatu zen; bizkar zorrotik labana bat atera, gelako atea blokeatu, eta irakasleari eraso zion. Beste lekuko batzuen arabera, aldiz, gelara sartu zen mutila, erasoa egitera; haien arabera, gazteak esan zuen «ahots batek agindu ziola erasoa».

Berehala zabaldu zen albistea, eta gurasoak lizeora joan ziren, baita suhiltzaileak eta anbulantziak ere. Ikasleak geletan atxiki zituzten hasieran, eta eguerdi aldera pixkanaka irteten joan ziren, zer gertatu zen jakin gabe gehienak. Gero izan zuten hilketaren berri erasoa gertatu zen gelako ikasleek ez beste guztiek. 90 ikasle plantan jarritako zelula psikologikoaren arretapean egon ziren 14:30era arte. Elkartasun keinuak ere izan ziren: Parisko irakasle bat gerturatu zen eguerdian, lore sortak jartzera eta ezinegona adieraztera. Labankadaz eraso egindakoa edonor izan zitekeela esan zuen.

Pap Ndiaye ministroak atsekabea adierazi zuen, hunkituta, Donibane Lohizunera bertaratuta: «Larritasun ikaragarriko drama honen aitzinean, Frantziako Errepublikako presidentearen eta gobernuaren izenean etorri gara, gure atsekabea eta elkartasuna adieraztera hezkuntza komunitateari». Lizeoko zuzendaritzarekin bildu ostean, agerraldia egin zuen; babesa agertu zion, eta hildako langileaz ere mintzatu zen: «Nire pentsamenduak irakaslearen familiari, lankideei eta ikasleei zuzentzen dizkiet. Biktimak ikasleekin zuen engaiamenduaz ere ohartarazi gaituzte».

Gobernuko bozeramaile Olivier Veranek «izugarritzat» jo zuen gertatutakoa: «Babesa adierazi nahi diot hezkuntza komunitateari, eta, zehazki, irakasleei, familiei eta ikasleei».

Anne Bisagni-Faure Bordeleko Akademiako errektoreak tamalgarritzat jo du gertaera, eta baretasuna galdegin zuen ondoko egunetarako: «Talde pedagogikoak lasai utzi behar ditugu orain harrera moduez hitz egiten. Haien esanetara gaude edozer behar dutela ere, ikasleak nola berriz hartu eta zer hitz erabili haiekin gomendatzeko». Ikastetxeko lantaldea eta ikasleak izan zituen gogoan: «Gu hor egongo gara laguntzeko, baina oraingoz haiei utzi behar zaie emozioak partekatzen eta ikasleen harrera antolatzen». Zendu den irakaslearenganako esker hitzak ere izan zituen: «Biziki irakasle ona zen: gure miresmena zor diogu. Haren ingurukoei gure sinpatia eta urrikalmendua helarazten diegu».

Inkestaren berri, gaur

Jerome Bourrier prokuradoreak gaur emango du inkestaren xehetasunen berri. Gaztea atxilotua dago, eta erailketa egotzi diote, hau da, aurreikusiriko hilketa gisa ikertzen ari dira gertatua. Aurrekaririk ere ez du mutilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.