Eider Landaberea historialariak haren hitzaldiaren hasieran esana da: «Historia aztertzen dugunean, abiapuntua beti da orainaldia». Gaurko talaiatik begiratzen dio historialariak iraganari, gaur egun dituen kezka, interes eta ikuspegietatik, garaian garaiko ikuspuntuak begirada kutsa ez dezan saiatuz, baina, aldi berean, begirada hori ezinbestean baldintzatuta dagoela jakitun.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolaturik, Historia, giza eskubideak eta indarkeria politikoa izeneko jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, eta mintegiaren lehenengo egunean agerian gelditu da Landabereak esandakoa. Ertz askotatik aztertu dute indarkeria politikoaren fenomenoa, eta ikuspegiak ere askotarikoak izan dira, batzuetan oso desberdinak, baina beti, Juan Jose Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak sarreran esan bezala, «memoriadun etorkizunaren eraikuntzan» ekarpena egitea izan da asmoa.
Hiru ataletan banatu dute mintegiaren lehenengo eguna. Estreinako mahai inguruan frankismo berantiarraz jardun dute. Jose Babiano Mora historialariak frankismoaren azken urteetan diktadurak langile mugimenduaren kontra erabilitako indarkeria izan du hizpide, eta esan du urte haietan «bi prozesu paralelo» gertatu zirela: alde batetik, protesta sozialaren ekinbide kolektiboa areagotu egin zen; batez ere 1970etik aurrera, greba gehiago egon ziren, sektore gehiagotan, belaunaldi gazteago batek hartu zuen horien gidaritza, eta nolabaiteko «erradikalizazio» bat gertatu zen haien planteamenduetan; beste aldetik, frankismoak horren kontra «indarkeria orokor eta sistemikoa» erabili zuen, eta Babianoren ustez «gizateriaren kontrako krimentzat» har daitezke indarkeria horren adierazpen asko.
Frankismo «bakarra»
Aranzadi elkarteko kide Javier Bucesek ere historiaren aro horretaz jardun du, eta «begien bistakoak izan arren azken bolada honetan zalantzan jarri diren zenbait egitate» aletu ditu. Esan duenez, frankismoa «bat eta bakarra» izan zen, eta bilakaera izan bazuen ere, «lau hamarkada iraun zuen, eta amaieraraino erabili zuen indarkeria sistematikoa». Indarkeria hori «frankismoaren kontrako oposizioak erabilitakoa baino bortitzagoa» izan zen, eta datu batzuk eman zituen hori baieztatzeko: «Frankismoaren kontrako bortxazko ekintzak terrorismo gisa izendatzea, nire ustez, desegokia da». Azkenik, esan du frankismoaren aurka aritu ziren talde guztiak izan zirela mugimendu antifrankistaren partaide, «bakoitzaren ideologia eta xede politikoak gorabehera».
Imanol Satrustegi historialariak Nafarroan zentratu du bere hitzaldia. Esan duenez, «errepresioak abian jarri zituen kontzientzia eta elkartasun mekanismoak langile mugimenduan», eta, horregatik, langile mugimenduaren erreibindikazioak lan eskakizun hutsak baino gehiago ziren. Errepresioaren ikerketan sakontzea proposatu du, «argigarri» suerta daitekeelakoan.
Bigarren mahai inguruan trantsizioa izan dute aztergai, eta, arratsaldekoan, «demokrazia eta parlamentarismoa» izan dira ardatzak. Deustuko Unibertsitateko irakasle Eider Landabereak 1979tik 2011ra arteko historia laburbildu du, eta zenbait mugarri ere ezarri ditu: 1981eko otsaileko ETAren kontrako manifestazio handia, Ajuriaeneko Ituna, Miguel Angel Blancoren hilketa eta abar. Topiko baten kontra mintzatu da: «Ez da egia indarkeriaren gaian euskal gizarteak beste alde batera begiratu zuela; errealitatea konplexuagoa da. Zuriak eta beltzak badaude, baina gris mota asko ere bai: pertsona batek parte har zezakeen Blancoren hilketa arbuiatzeko mobilizazio batean eta presoen urruntzearen kontra egon, edo paparrean xingola urdina eraman eta, aldi berean, Egunkaria-ren itxiera salatu».
Aritz Onaindiak, berriz, ETAk, Komando Autonomoek eta GALek hildako legebiltzarkide, senatari eta diputatuen kasua aztertu du, eta ondorioztatu du indarkeriak «jarduera parlamentarioa mehatxatu eta baldintzatu» egin zuela, eta «eragin esanguratsua» izan zuela parlamentarismoaren funtzionamenduan.
Iraganari beha gaurko talaiatik
'Historia, giza eskubideak eta indarkeria politikoa' izeneko jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, EHUko Unesco Katedrak eta Aranzadi elkarteak antolatuta. Lehenengo ekitaldian, frankismo berantiarreko, trantsizioko, eta demokrazia eta parlamentarismo garaiko bortxa politikoa aztertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu